Zumaiako EAJ-PNVk Euskotrenen eta Lurraldebusen tarifa jaistea proposatu du hiri barruko garraiorako eta zerbitzuen bikoiztasuna saihesteko

Erabiltzailearen aurpegia EAJ Udal Taldea 2022ko mar. 31a, 12:56

Talde jeltzaleak bigarren mozio batean salatu zuen Espainiako Gobernuak Saharako gatazkaren aurrean duen jarrera berria, eta nazioarteko ebazpenak errespetatzeko eskatu zuen.

Zumaiako Udalak atzera bota zuen atzo egindako udalbatzarrean Euskotren eta Lurraldebus garraioko tarifa MUGI sistemako 3. tarifara egokitzea eskatzen zuen eta herritarren udalerri barruko mugikortasuna erraztea ahalbidetuko lukeen EAJ-PNVren mozioa,

EAJ-PNVren proposamenaren helburua garraio-zerbitzuen bikoiztasuna saihestea zen, horrek dakarren gastuarekin, eta Euskotrenek eta Lurraldebusek Zumaian eta Arroan eskaintzen duten zerbitzua aprobetxatzea. Horretarako, udal talde jeltzaleak zerbitzu horien tarifak Hiribusekoekin parekatzeko eskatu zuen (% 27 merkeago). Proposamenak gogorarazten zuen, gainera, bikoiztasunak ezabatzea Euskal Autonomia Erkidegoko Mugikortasun Jasangarriaren Legean jasotako helburua dela, eta Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzaren betebeharra dela eskuragarri dauden zerbitzuak koordinatzea eta mugikortasun eraginkorra eta optimizatua bermatuko duten tarifak aplikatzea.

Mozioak, halaber, Zumaiarako mugikortasun-aurreproiektu bat idaztea eskatu zuen, Jadarre auzoan, Amaia plazan eta Santiago hondartzan autobus geltoki berriak jartzeko.

Saharako gatazkari irtenbide baketsua ematearen alde

Udal talde jeltzalearen bigarren mozio batek, osoko bilkuran onartutakoak, Espainiako Gobernuak Mendebaldeko Sahararekiko politikan izan berri duen norabidea salatu zuen. Zumaiako EAJ-PNVk saharar herriaren autodeterminazio-eskubidea babesten duten nazioarteko ebazpenen errespetua aldarrikatu zuen, Marokoren ekimen anexionisten aurrean, eta Espainiako Estatuari eta Europar Batasunari gatazka politikoa modu baketsuan konpontzea ahalbidetuko duen elkarrizketa-konpromisoari berriro ekiteko eskatu zien.