Egungo eta etorkizuneko zumaiarren beharretara egokitutako udalerri jasangarri bat eraikitzeko proposamenak aurketu ditu EAJren udal taldeak

Erabiltzailearen aurpegia EAJ Udal Taldea 2020ko abe. 1a, 19:28

Ingurumena, auzoak, espazio publikoetako azpiegiturak eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko azterketak dituzte ardatz jeltzaleen proposamenek. “2020rako proposatu genituenetatik udal gobernuak gutxi batzuk onartu eta Oikiako bidegorriaren kasuan gerora atzera bota badu ere, 2021erako ere proposamenak egitea erabaki dugu, herri ordezkariak garen heinean, gure ardura delako zumaiarren alde aritzea”.

EAJ udal taldeak 2021eko aurrekonturako proposamen sorta aurkeztu zion ostiralean udal gobernuari adostasunik lortzeko aukerarik ikusten badu sakonago elkarlanean aztertzeko. “Egungo egoera berezia aintzat hartuta, baina zumaiarren etorkizuneko beharrei ere erantzuteko asmoz” jarri dituzte jeltzaleek proposamen horiek mahai gainean. “Egungo eta etorkizuneko zumaiarren beharretara egokitutako udalerri jasangarri bat” eraikitzea dute helburu jeltzaleek, “jasangarria bai ingurumenaren aldetik, bai sozialki eta baita ekonomikoki ere”.

Hauteskunde programan jaso eta 2020ko aurrekonturako proposatu zuten Oikia auzoa herrigunearekin lotuko duen bidegorriaren azterketa egitea proposatu dute berriz ere jeltzaleek. EH Bilduk 2020ko aurrekontuetarako EAJ udal taldearen proposamen hori onartzea erabaki bazuen ere, gerora, kreditu aldaketa baten bidez 15.000 euro horiek beste helburu batzuetara bideratzea erabaki zuen eta bertan behera utzi zuen beraz proposamena. HAPOaren lanketan herritarrek mahai gainean jarri duten gaietako bat da eta udal talde jeltzaleak Oikiako bidegorria errealitate bat izan dadin beharrezkoa den lehen pauso hori emateko kontu-saila eskatu dute berriz ere. “Udalaz gaindiko erakundeen inplikazioa ezinbestekoa izango da bidegorria gauzatzeko eta beharrezkoa da erakunde horiei proposamen aztertu eta landu bat aurkeztea elkarlanean pausoak ematen hasteko” dio EAJ udal taldeak.

Ingurumen ikuspuntutik udalerri jasangarri bat eraikitzeko bidean bizikleta bidezko mugikortasuna sustatu behar da udal talde jeltzalearen iritziz eta aurreko legealdian gobernutik bizikleta erabiltzaileentzat jarritako baliabideei segida emanez, estazioan bizikletak uzteko aterpe bat egiteko kontu-saila ere proposatu dute. Kontzientziazioa eta naturarekiko lotura sustatzea ere ezinbestekotzat ditu EAJ udal taldeak eta bide horretan, batetik, Algorrin itsasoak ekarritako plastikoak jasotzeko “puntu berdea” sortzea proposatu dute eta, bestetik, Zumaiena ikastetxeak Baso magikoa eta parkea lotzeko duen proiektua diruz laguntzea, izan ere, proiektu horrek duen helburuarekin bat egiten dute jeltzaleek, hau da, haur, gazte, familia eta herritarrak inguru naturalarekin harremanetan jartzeko espazioak sortzea eta naturarekiko lotura eta grina sustatzea eta herriarentzat aukera bat dela uste dute, espazio pribatua izan arren erabilera publikoa izango lukeelako, zumaiar guztientzako beste espazio bat beraz. 

Udal gobernuak 2021erako proposatu duen aurrekontu proiektuan, auzoetan inbertsioak bota ditu faltan EAJ udal taldeak. Esaterako, legealdi hasieran tren geltokiko oinezkoen lotura hobetzeko lanak egingo zituela iragarri zien udal gobernuak jeltzaleei, baina gaurdaino ez da horrelakorik egin eta 2021eko aurrekontuetan ez da inbertsio hori jaso. Larretxoko igogailuaren proiektua eginda utzi zuten jeltzaleek, baina udal gobernuak ez du eraikitzeko asmorik, momentuz. “Uste dugu beharrezkoa dela auzoetan dauden beharrei erantzutea eta inbertsioak egitea” azaldu dute jeltzaleek. 

Skate parkea egin ahal izateko zeuden arazoak gainditu direnez, 2021eko aurrekontuan horretarako kontu-saila txertatzea ere eskatu du EAJ udal taldeak. “Ikastetxe berriari gas hornidura bermatuko dion hoditeriak Skate parkea egiteko gordetako lursaila zeharkatu behar zuenez, ezin izan zaio horri orain arte ekin, baina lanok bukatu direnez, uste dugu momentua dela behingoan Skate parkea gauzatzeko, arazo desberdinak medio asko atzeratu baita azpiegitura hori eta kirol honen zaleak aspaldian daude zain” azaldu dute. Beste azpiegitura batzuk ere proposatu dituzte jeltzaleek, txakur parke bat egitea eta Santiago hondartza parean, Erdiko haitzan, komun publikoa eta behin betiko kantina jartzea.

Azkenik, bi azterketa ere eskatu dituzte jeltzaleek, batetik, Merkataritza Indartzeko Plan Berezia (PERCO) abian ipintzea. EAJ udal taldeak beharrezkoa ikusten du aipatu plana, herriko merkataritza indartzeko eman beharreko pausoak zehazteko ez ezik, udalaz gaindiko erakundeek ematen dituzten dirulaguntzak lortzeko aukera gehiago izateko. Jeltzaleek eskatu duten beste azterketa, udalean dauden zerbitzuen eta pertsonal behar errealen azterketa da, EAJ udal taldeak uste du beharrezkoa dela azterketa hori egitea, udal baliabideak era egokian bideratzeko.

“2020rako proposatu genituenetatik udal gobernuak gutxi batzuk onartu eta, esan bezala, onartutakoren bat gerora ezereztu badu ere, Oikiako bidegorria hain zuzen, 2021erako ere proposamenak egitea erabaki dugu, herri ordezkariak garen heinean, gure ardura delako zumaiarren alde aritzea” azaldu du udal talde jeltzaleak. “Gobernutik genuen konpromiso bera dugu oposiziotik zumaiarrekiko eta bide horretan lanean jarraituko dugu” amaitu dute jeltzaleek.