Zumaiarrei, bakarka edo familian, tenis eta padel pistak bezala, gainerako baliabideak ere era berean erabiltzeko aukera ematea eskatu du EAJren udal taldeak

Erabiltzailearen aurpegia EAJ Udal Taldea 2020ko aza. 26a, 11:50
Jeltzaleek uste dute Kiroletako Udal Patronatuaren betebeharra dela kirolaren praktika sustatzea eta eskola kirola etenda dagoen momentu honetan haurrek familiarekin kirola egiteko ahalik eta aukera gehienak eskaintzea garrantzitsua dela. Salatu dute, halaber, irizpide desberdinak erabili direla kirol elkarte desberdinentzat, pandemia geldiarazteko neurriek ezartzen dituzten mugak guztientzat berdinak izanik eta guztientzat irizpide malguenak erabiltzea eskatu dute.

Azaroaren 9an udalak, bakarka edo familian, kirola egiteko tenis eta padel pistak zabaltzeko asmoa azaldu zuenean, irizpide berdinekin futbol zelaia, eskubaloi pista eta frontoia ere erabiltzeko aukera ematea eskatu zioten jeltzaleek udal gobernuari. Hala, gaia aztertzeko asmoa azaldu zion gobernuak EAJ udal taldeari eta azaroaren 16an egin zen kiroletako batzordean,
berririk ez zutenez, azterketa horren inguruan galdetu zuten jeltzaleek. Udal gobernuaren erantzuna izan zen oraindik ere aztertzen ari zirela eta jeltzaleek azaroaren 19ra bitarte itxaron behar izan zuten erantzun bat jasotzeko.

Gauzak horrela, azaroaren 19an, telefono dei baten bidez jakinarazi zitzaion EAJ udal taldeari baliabide horiek zabaltzeko eskaerari baiezkoa ematea erabaki zuela udal gobernuak, baina kiroldegiko bazkide ez diren kirol elkarteetako kideek alokairu bat ordaindu beharko zutela zehaztu zuten. Harriduraz hartu zuten erabakia jeltzaleek, bitarte horretan jakin zutelako, gainera, piragua eta arraun elkarteko kideak itsas kiroldegia erabiltzen zutela, alokairurik ordaindu gabe, eta surf elkarteak oraindik instalazioak erabiltzeko aukerarik ez zuela izan.

EAJ udal taldearen iritziz, elkarte batzuentzako irizpide batzuk eta besteentzako beste batzuk erabiltzea ez da zuzena eta azaroaren 23an egin zen kiroletako batzordean udal talde jeltzaleak bere desadostasuna azaldu zuen. Jeltzaleen ustez, covid 19ari aurre egiteko neurriek ezartzen dituzten mugak errespetatzen diren heinean ez da egokia kirolen arteko desberdintasunik egitea eta kirolari eta bazkide guztiek izan behar dituzte eskubide berdinak. Gainera, Kiroletako Udal
Patronatuaren betebeharra kirolaren praktika sustatzea dela uste dute jeltzaleek eta eskola kirola etenda dagoen momentu honetan haurrek familiarekin kirola egiteko aukerak erraztea ere garrantzitsua dela.

Dagoeneko ia 3 aste pasa dira eremu hauetan kirola egin ahal izateko aukera ematen zuen dekretua martxan jarri zenetik eta EAJ udal taldearen iritziz ez zaie behar bezala argitu ez bazkideei eta ez kirol elkarteei zer eta zein baldintzatan erabiltzeko aukera duten. Dagoeneko nahiko denbora galdu da, eta horregatik, lehen bait lehen erabili daitezkeen eremuak eta bete
beharreko arauak zein diren zehaztea eta jakinaraztea eskatzen dio udal gobernuri eta kirol patronatuari udal talde jeltzaleak.