“Martxoaren 16tik etengabe lanean aritu gara osasun krisiari aurre egiteko gure ekarpenak egiten”

Erabiltzailearen aurpegia EAJ Udal Taldea 2020ko uzt. 1a, 07:53

Alarma egoera bertan behera geratu eta normaltasun berrian sartu garen honetan, COVID-19aren krisiari aurre egiteko sortu zen Zumaiako Udaleko larrialdi mahaia bertan behera geratu da eta EAJ-PNV udal taldeak mahaiaren eta krisiaren inguruko balorazioa egin du.

EAJ udal taldeak, martxoaren 16an egin zituen larrialdi mahaian bere lehen proposamenak, tartean, komertzio txiki, autonomo eta ostalarientzako diru laguntza lerroa, baina baita kolektibo zaurgarrienen arretaren inguruko proposamenak eta igogailuak beharrezko segurtasun neurriekin martxan jartzea. Martxoaren 23an idatziz aurkeztu zuten jeltzaleek neurri soziosanitarioak eta neurri ekonomikoak jasotzen zituen proposamena:

Neurri soziosanitarioak

  • Hainbat leku zehatzetan desinfekzio lanak egitea.
  • Konfinamenduak eragindako egoerei aurre egiteko arreta psikologikoa eta mediazioa.

Neurri sozioekonomikoak

  • Udal zerbitzuak etenda dauden bitartean horiei dagokien tasarik ez ordaintzea.
  • Udal elkargoari proposatzea jarduerarik gabe dauden enpresa edo merkatari eta ostalariei zaborren tasa ez kobratzea.
  • 2020ko aurrekontuen birplanteaketa sakon bat egitea egoera berria aintzat hartuta.
  • Dirulaguntzak zaintzarako eta merkatari eta ostalarientzako.
  • Merkatari eta ostalariei aholkularitza.
  • Herritarrak komertzio txikira bideratzeko neurriak.

Egun horretan bertan, martxoaren 23an, egin zen larrialdi mahaian proposatu zuen EAJ udal taldearen bozeramaileak zumaiarrentzat musukoak egiteko sarea osatzea, udalak materiala erosi, herriko tapiztegietan moztu eta boluntarioek josita, ondoren herritarrei banatzeko. Momentu hartan alkateak ez zuen proposamena begi onez ikusi eta ezezkoa eman zuen, baina hilabete beranduago, apirilaren 22an, ekimena martxan jarriko zutela iragarri zien alkateak talde politikoei.

Proposatutako neurri sozioekonomikoek ere ez zuten udal gobernuaren baiezkorik jaso, horregatik, neurriak adosteko zailtasunak ikusirik, EAJk elkarlanerako deia egin eta udaleko hiru talde politikoen artean neurriak adosteko foro baten sorrera eskatu zuen. Apirilaren 21ean iragarri ziren foro horretan adostutako lehen pausoak, Covid-19aren krisiak sortuko dituen beharrak asetzeko diru-partida bat sortzea, Gizarte Larrialdietarako Laguntzak eta Gizarte Arloko Diru Laguntzak indartzeko, alokairuan dauden herritarrei laguntzeko, ERTE egoeran dauden eta zaurgarritasun egoeran gelditzeko arriskuan dauden langileei laguntzeko, merkatari, ostalari, autonomo eta enpresei laguntzeko eta kultur jardueren sustapenerako.

Jeltzaleek, jarduera erabat edo partzialki etenda zituzten sektoreekin elkartzeko eskaera ere egin zuten, guztiekin elkartzea eta horien behar eta kezkak entzutea premiazkoa zela iritzita, elkarrekin neurri eraginkorrak landu eta krisiari aurre egiteko.

Diru-poltsa sortu, baina neurriak zehaztu ez zirenez, apirilaren 24an, adostutakoa lehen bai lehen martxan jartzeko proposamen zehatza aurkeztu zuten jeltzaleek, epe motzean eta azkartasunez hartzeko neurriak, epe ertain eta luzera hartzekoak eta UKUE eta Lanbiderekin elkarlanean lantzekoak.

Azkenik, maiatzaren 4an iragarri ziren adostutako neurri zehatzak, 1,5 miloi euroko diru-poltsa hori, lehen ekinaldian, honetarako erabiltzeko:

  1. Gizarte laguntzen aurrekontua behar beste handitzea.
  2. Tokiko jarduera ekonomikoari laguntzeko diru-laguntza zuzenak.
  3. Tokiko kontsumoa sustatzera bideratutako deskontu-bonoak.
  4. Herriko merkataritza eta ostalaritza indartzeko komunikazio kanpaina.
  5. Kultur eskaintza dinamizatu eta indartzeko lerroa.

Maiatzak 26ko Gizarte Zerbitzuetako batzordean eta larrialdi mahaian ere eskatu zuen Zumaiako EAJ-PNV udal taldeak Hogarreko ileapaindegi eta podologia zerbitzuak ahalik azkarren martxan jartzea eta ia hilabete beranduago jarri da martxan ileapaindegi zerbitzua.

Propositiboa izaten saiatu EAJ-PNV udal taldea krisiaren lehenengo egunetatik eta hainbatetan egin du gainera elkarlanerako deia. Proposamen ugari jarri ditu mahai gainean eta horietatik batzuk aintzat hartu dira, atzerapen handiarekin izan bada ere eta beste batzuk bidean geratu dira udal gobernuak hala erabakita. Udal gobernuak hartutako beste erabaki batzuekin bere desadostasuna ere azaldu dute jeltzaleek, lehenik udal barruan eta gero publikoki, kiroldegiko kuotaren inguruan edota udalekuen inguruan hartutako erabakiak, adibidez, eta baita TAOa 15 egunez atzeratzeko erabakiaren aurrean. Gai horien inguruan hartutako erabakiekin ez du bat egin eta hala jakinarazi dio jeltzaleen udal taldeak udal gobernuari.

“Proposamen ugari egin ditugu eta ahal izan den neurrian adostasunetara heltzen saiatu gara, ulertuta, egoerak batasuna eskatzen zuela” azaldu du Kortak eta jarraitu du “baina udal gobernuak hartutako erabakiak egoki ikusi ez ditugunean ere argi azaldu dugu gure ikuspuntua”. “Neurri batzuk behin eta berriro eskatu behar izan ditugu eta atzerapenarekin izan bada ere hartu dira, beste batzuk bidean geratu dira udal gobernuak hala erabakita, baina horixe da bakoitzaren papera, guk gure esku zegoen guztia egin dugu eta zumaiarren mesedetan egoera zail honi aurre egiteko lanean aritu gara”.

Amaitzeko, aurrekontua egoera berrira egokitzeko beharrak hor jarraitzen duela adierazi dute jeltzaleek eta beren borondatea azaldu dute ezarri beharko diren lehentasun horiek elkarlanean adosteko “diru-bilketa jaitsi denez aurrekontuak jasotzen dituen diru-sarrerak doitu beharko dira eta aurrekontua bera orekatzeko, halabeharrez, gastuak ere jaitsi beharko dira lehentasunak egoera berrira egokituta”. Azkenik, mahai gainean jarri eta onartu ez diren proposamenen inguruan adostasunak bilatzen jarraitzeko asmoa azaldu dute “larrialdi mahaia bera bertan behera geratu bada ere, krisia ez da amaitu oraindik eta neurriak adosten jarraitu beharko dugu elkarlanean krisiari aurre egin nahi badiogu”.