Aparkalekuen erregulazioa hobetzeko gure proposamenak

Erabiltzailearen aurpegia EAJ Udal Taldea 2020ko ots. 18a, 13:48

Herritarrekin egin ditugun bileratan hainbat gai landu ditugu, TAOa izan da horietako bat eta bileretara bertaratutakoei azaldu dizkiegu sistema hobetzeko ditugun proposamenak.

TAOaz eta honen inguruan mugikortasun mahaian egiteko asmoa dugun proposamenez aritu ginen herritarrekin egindako bileratan. Iragarri genuen bezala, gai nagusitzat genuen bi bilera irekietan eta luze eta zabal aritu ginen gaiaren inguruan. Aurreko legealdiko egitasmorik potoloenetako bat izan zen, herritarren egunerokoan zuzen zuzenean eragiten duelako eta baita landu zen moduarengatik, izan ere, 20 bilera egin genituen herritarrekin eta 1000 zumaiar inguruk hartu zuten parte.

Aparkalekuen erregulazioaren inguruko azken bilera 2018ko otsailean egin zen. Aurreko legealdian, halaber, Mugikortasun Mahaia osatu zen gaia lantzen jarraitzeko asmoz eta uste dugu gai honi berriro heltzeko garaia badela. TAOa kontrolatzeko zerbitzuaren esleipen berria egin zen 2019ko udaberrian eta uda honetan enpresa berria hasiko da lanean. Bere proposamenean jaso zuen 11 pertsona jartzea lan horietan (orain arte 6 aritu dira) eta baita ticketa makinetan inprimatzeko aukera izateaz gain, mugikorretik ere aplikazio bidez kudeatu ahal izatea. Berritasunak izango dira, beraz, aurtengo denboraldian eta beste aldaketa batzuk ere proposatu nahi ditugu, txalupa zerbitzua eguerdian ez etetea, egoiliarrek ticketa jarri beharreko eremuetan ticketa 5 orduz behin berritu beharrean egun guztirako jarri ahal izatea eta Zumaian bizi ez diren eta Zumaian lan egiten dutenek zubi txikitik barrura egoiliarren guneetan ez aparkatzea. 

Zubi txikitik barrura 2.000 egoiliar txartel ematen dira eta horietatik 200 inguru dira zumaiarrak ez diren baina Zumaian lan egiten dutenei ematen zaizkienak. Gune hori izanik uda sasoian aparkaleku falta arazorik handiena duena, proposatzen dugu Zumaian lan egiten duten horiei gune horretatik kanpo aparkatzeko aukera ematea, baina ez gune horretan. Zarautzen antzera egiten da, alde zaharreko gunean lan egiten dutenei ematen zaie aukera egoiliar txartela ateratzeko, baina gune saturatuena izanik, gunetik kanpo dauden eremu batzuetan. Horrela lortuko genuke 200 ibilgailu zubi txikitik barrura dagoen eremutik ateratzea eta, bide batez, Zumaian lan egiten dutenek garraio publikoa erabiltzea sustatzea.

Bileran herritarren ekarpenak ere izan ziren, esaterako, herritar baten proposamena izan zen TAOa eremu guztietan urte guztira luzatzea aztertzea. Aukera aztertzea egoki ikusten dugu, guk mugikortasun mahaira eraman nahi dugun beste aukera bat da TAOa indarrean dagoen epea handitzea, udaz gain Aste Santutik aurrerako asteburuetara zabalduz txalupa zerbitzuarekin batera. Zumaiar ugarik luzatu digute eskari hori eta uste dugu aztertu egin behar dela, baina kontuan izan behar dugu TAOa kontrolatzeko esleipena uda sasoirako bakarrik dagoela egina eta sasoi horretatik kanpo kontrola nola egin aztertu beharko litzateke. Ardantzabiden urte guztian dago indarrean aparkalekuen erregulazioa, eta horren kontrola udaltzaingoak egiten du, baina azken aldian herritar askoren kexak izan ditugu eremua kontrolatzen ez delako eta egoiliarrak ez direnek aparkatzen dutelako egoiliarrentzat soilik den eremu horretan, beraz, neurriaren egokitasuna aztertzeaz aparte, hori nola kudeatu aztertu beharko litzateke, ez baitzaigu txukuna iruditzen egoiliar txartela urte osorako ordaindu ondoren zerbitzu egokia ez jasotzea.

TAOaren inguruan ekarpenik egin nahi badiguzu, zure eskura dituzu gure whastapp zenbakia (943 111 117) eta eaj@zumaia.eus helbide elektronikoa. Proposamenak aztertu eta udalean bide emateko konpromisoa hartzen dugu.