ELKARLANAREN ALDE EGINDAKO APUSTUA BERE FRUITUAK EMATEN ARI DA HEZKUNTZAN

Erabiltzailearen aurpegia EAJ Udal Taldea 2020ko urt. 21a, 16:30
  • Hezkuntza alorrean lan egiteko modua aldatu genuen aurreko legealdian, modu koherente eta eraginkorrean eta elkarlana eta inplikazioa bilatuz aritu ginen, egin beharreko lan edo hobekuntza guztietan, hezitzaile, irakasle eta gurasoen iritzi, behar eta eskaerak aintzat hartuta. 

  • Aita Mariko patioa ez da izango epe motz edo ertainean izango dugun berri pozgarri bakarra, elkarlanaren alde egindako apustuak bere fruituak ematen jarraituko du, Sagarbideko frontoiaren estalpea, Herri Eskolako DBHko ikasleentzako eraikin berria…, baina epe luzera ere fruitu horiek jasotzen jarraitu nahi badugu, ereiten jarraitu beharko dugu, hezkuntzan eta baita beste alorretan ere elkarlana sustatuz.

 


Zumaiako Udalak iragarri duenez, Herri Eskolako Aita Mari eraikineko patioko lanak gaur hastea dago aurreikusita. Berri pozgarria da guretzat zalantzarik gabe, hezkuntza komunitatearekin elkarlanean landu genuen proiektua gauzatzera doalako. 2018an guraso elkarteari eta eskolako zuzendaritzari beren ikuspuntutik jolastokia nahiz estalpea definitzeko eskatu genien eta hala egin zuten. Jolastokia egungo pedagogi ereduetara egokitu eta naturalizatzeko nahia azaldu zuten eta 2019rako martxan genituen bai proiektua eta baita proiektua gauzatzeko beharrezkoak ziren baliabide ekonomikoak ere. Poztekoa da, beraz, 2020ko lehen egun hauetan hastekoak direla jakitea.


Aurreko legealdian zumaiarrek udal gobernua gidatzeko aukera eta ohorea eman zigutenean, ilusioz heldu genion gure lanari eta udal kudeaketan berriak baginen ere, argi genuen, hasiera hasieratik, gure lanaren oinarriek elkarlana eta eraginkortasuna izan behar zutela. Horregatik ahalegindu ginen Zumaiako norbanako nahiz kolektiboekin, baita udalaz gaindiko erakundeekin ere, elkarlana bilatzen. Horren adibiderik nabarmenena hezkuntzan egindako lana dela uste dugu. Aita Mariko jolastokian egingo diren lanak elkarlan horren fruitu dira, baina ez dira fruitu bakarrak izan ezta izango ere. Hezkuntza alorrean lan egiteko modua aldatu genuen aurreko legealdian eta aldaketa horrek jarraipena izan dezan lanean jarraitzea da gure asmoa.


Modu koherente eta eraginkorrean eta elkarlana eta inplikazioa bilatuz aritu ginen eta lan egiteko modu hori, hezkuntzako alor guztietara hedatu genuen, egin beharreko lan edo hobekuntza guztietan, hezitzaile, irakasle eta gurasoen iritzi, behar eta eskaerak aintzat hartuta. Hala egin genituen, besteak beste, eskola txikian edota Arrangoletan egindako hobekuntzak, hezkuntza komunitatearen beharrei entzunez eta erantzunez eta hala egin genuen baita Aita Mariko jolastokiko proiektu hau ere. Elkarlan hori udalaz gaindiko erakundeetara ere zabaldu genuen eta Eusko Jaurlaritzaren eskumenekoak ziren proiektuetan ere Zumaiako hezkuntza komunitatearekin elkarlana sustatu eta harremanetarako bideak jarri genituen, horren adibide dira Oikiako Eskola eta baita proiektu fasean landu genituen Sagarbideko frontoiaren estalpea eta Herri Eskolako DBHko ikasleentzat eraikin berria ere.


Aita Mariko patioa, beraz, ez da izango epe motz edo ertainean izango dugun berri pozgarri bakarra, elkarlanaren alde egindako apustuak bere fruituak ematen jarraituko baitu. Epe luzera ere fruitu horiek jasotzen jarraitu nahi badugu, ereiten jarraitu beharko dugu, hezkuntzan eta baita beste alorretan ere, elkarlana sustatuz gure herria osatzen duten norbanako eta komunitateekin eta, noski, gure herrian eskuduntzak dituzten gainerako erakundeekin ere. Aurreko legealdian bezalaxe oraingoan ere hori izango da gure bidea eta udal gobernu berriarena ere horixe izatea nahi genuke, Zumaiaren etorkizuna elkarlanean eraikitzea ezinbesteko dela uste dugulako.