Kirol Patronatuko lanpostuen zerrendaren eta plantilla organikoaren aldaketaren harira

Erabiltzailearen aurpegia EAJ Udal Taldea 2019ko urr. 11a, 10:21

Atzoko ezohiko osoko bilkuran Kirol Patronatuko langileen zerrendaren aldaketa eztabaidatu eta onartu da eta EAJren udal taldeak aurkako jarrera adierazi du “Kirol Patronatuko gerenteak egindako txostenak jasotzen dituen betebeharrak, hein handi batean, gerentearen postua sortu zenean postu horri zegozkionak dira, eta, ondorioz, funtzioak nahastu eta gastua arrazoirik gabe handituko da”.

Ordenantza fiskalei dagokienez, aldeko bozka eman du EAJk, aurreko urteetan egindako aldaketa sozialak mantendu eta proposamena hobetzeko asmoz aurkeztu dituzten ekarpenak txertatu direlako.

Gaur Zumaiako udal batzaren ezohiko osoko bilkuran bi gai nagusi eztabaidatu dira, 2020ko ordenantza fiskalak eta Kirol Patronatuko langile zerrendaren aldaketa. Lehenengoari dagokionez, EAJk aldeko bozka eman du, proposamena hobetzeko asmoz aurkeztu dituzten ekarpenak proposamenean txertatu baitira. Jeltzaleek egindako proposamenen artean daude, besteak beste, Eraikuntza, Instalazio eta Obren Gaineko Zergan, etxebizitzetako fatxaden eraberritzeko pintaketa eta mantenu lanetan %95eko hobaria mantentzea eta ez gobernuak proposatzen zuen bezala, %40ra murriztea, edota Trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zergan, familia ugariei dagokien hobaria 14 zaldi fiskaletara ez mugatzea, EAJk dioenez “familia ugariek behar izaten dituzten ibilgailu motek (monobolumenak), dituzten ezaugarriengatik, 14 zaldiko muga hori gainditzen dute maiz”. 

Aurreko urteetan ikuspegi sozialetik egin zituzten aldaketak mantentzea ere positibotzat jo dute jeltzaleek, hala nola, etxez-etxeko laguntza zerbitzuaren jaitsiera, diru sarrerak Bermatzeko Errentaren (DBE) edo Gizarte Larrialdietako Laguntzen (GLL) onuradunen bizikidetza unitateko seme-alabek udalak eskaintzen dituen zerbitzuen doakotasuna kiroldegian, Ludotekan edota Udalekuetan, besteak beste.

2019ko Zumaiako Kirol Patronatuko lanpostuen zerrendaren eta plantilla organikoaren aldaketari dagokionez, EAJk bere desadostasuna azaldu du esanez, “Azken lau urteetan, Zumaiako Udalaren administrazioa eraginkorragoa egiteko lanean aritu gara. Hori izan da gure jardunaren ardatzetako bat eta puntu honetan proposatzen den lanpostuen zerrendaren aldaketa gure filosofia horrekin batera ezina da”. Jeltzaleek azaldu dutenez, sortu nahi den kirol teknikariaren lanpostu berria justifikatzeko egindako txostenak jasotzen dituen betebeharrak, hein handi batean, gerentearen postua sortu zenean postu horri zegozkionak dira, bereziki, kirol jardueren planifikazio, antolaketa, garapen eta ebaluaketan. EAJren ustez, beraz, funtzioak, bikoiztuta egongo lirateke, “gerenteari badagozkio betebehar horiek, ez da beharrezkoa profil berdineko beste pertsona bat, hau da, ez da beharrezkoa A2 taldeko beste lanpostu bat, erretiroa hartu duen C2 taldeko langilea ordezkatzeko”.

Udaleko beste departamentu batzuetan dagoen egitura bera erabiltzea defendatu dute, funtzioak ez bikoizteko eta kostu gehigarriak ekiditeko. “Beharrezkoa denean inbertsioak egitearekin edota langileak kontratatzearekin ados gaude, zerbitzuen kalitatea hobetzeko denean eta egoera ekonomikoak hala ahalbidetzen duenean, baina hau ez da kasua, ez da zerbitzu hobea emango, funtzioak nahastuko dira eta gastua arrazoirik gabe handituko da” azaldu dute EAJ udal taldeko kideek.

Amaitzeko, Patronatuaren inguruko eztabaidaren beharra ere jarri nahi izan dute mahai gainean “administrazioa eraginkorragoa egitea ardatz izanik, jakina da bere sorreratik Kirol Patronatuaren inguruan dugun iritzia” azaldu dute jeltzaleek eta Kirol Patronatua sortu zenetik izan duen ibilbidea aztertu ondoren, iritzi horrek oinarri sendoak dituela ere adierazi dute. Kirol Patronatua dinamikoagoa izateko helburuarekin sortu bazen ere, EAJren ustez argi dago ez duela helburu hori lortu. “Kirol elkarteekin gaia landu ondoren, ikusten dugu ez diela onurarik ekarri eta gai honen inguruan kontu-hartzaileak eta idazkariak duten iritzi teknikoa ere bide beretik doa”. Patronatuaren inguruko erabakiak hartzen jarraitu aurretik Patronatuaren beraren inguruko hausnarketari heltzea beharrezko ikusten du EAJk.