Josemi Antia

Erredakzioa 2023ko mai. 24a, 17:00
Josemi Antia

Datorren maiatzaren 28ko udal hauteskundeetan, Zumaiako EAJren alkategaia da Josemi Antia.

1. Arratsalde on. Herria desastre bat eginda dago. Aulkiak goroldioz beteta eta puskatuta, farolak pintura deskaskarillatuta, zaborrontzi asko erdoilduta edo puzkatuta, zenbait auzoetan garbiketa eskasa. Honi konponbideren bat ikusten diozue?
ASIER

Arratsalde on.Bai, arrazoia dezu. Hau gainean egonez gero konpontzen da. Gure asmoa, beste herri askotan egiten den bezala, urteroko diru partida bat jarri eta urtero pintaketa eta mantenu lanak egitea da. Gure taldean gauza hauen gainean egongo den pertsona arduradun bat egongo da erantzun askar eta egoki bat emateko.

2. Kaixo!. Aspaldiko urteetan beheko plazan estalpe bat eskatzen ari gara, eta ikusten det urteak jun eta urteak etorri, ezer egin gabe jarraitzen duela. Zerbait egitea pentsatzen dezu?
Ainize

Kaixo! Estalpea egiteko asmoa badugu; gure programan azaltzen dugun bezala, gure asmoa, Zuloaga plaza, Odieta eta Erkibe etxea eta bere orubea uztartzen dituen proiektu integral bat egitea da; non dena gune bakar bezela hartzen den eta horrela, estalpea jartzeko lekurik egokiena zein den erabaki. Ezin dena da, partxeak ipintzen ibiltzea eta estalpea bazter batean, gaztetxearen luzapen moduan, frontoia eta etxeen gainean jarri.
,

3. Kaixo. EH Bilduren programa aurkezpenean, Iñaki Ostolazari entzun nion beraiek gobernatzen dutenean, herria lasai dagoela, ez dagoela krispaziorik, eta hori beraien ereduari esker dela. Zer iritzi duzu honen inguruan?
L. M.

Bai. Arrazoia du. Beraiek gobernatzen dutenean krispazio muestrak ezkutatu egiten dira. Baino hori ez da EH Bilduren gobernatzeko ereduari esker; baizik eta EJA/PNVren oposizioa egiteko ereduari esker. Krispaziorik ez egotea ez du esan nahi herrian dena ondo doanik eta kexurik ez dagoenik. Baizik eta guk gure kexa, kezka eta iradokizunak behar den lekuan eta krispaziorik gabe azaltzen ditugula; hau da batzorde, hedabide eta Plenoetan; eta ez beraiek oposizioan daudenean egiten duten bezala, herria pankartaz eta pintadaz betez.

4. Kaixo Joxemi, skatepark a egiteko asmorik ba al dezue? Aurrekontu partehartzaileetan Pump Track pista eraikiko zela agindu zen, baino hori ez zen gure eskaera. Egingo al da?
Mikel

Kaixo. EAJ gobernuan zegoelarik, Proiektua idatzita, diru partida jasota, kokapena definituta... dena lotuta gelditu zen. Ondoren gobernu aldaketa izan zen, eta nahiz eta guk behin eta berriz ahaleginak egin proiektua aurrera eramateko., EH Bilduk ez zuen borondaterik agertu eta bertan behera gelditu zen. Gu Gobernura iristean, Skate Parkearen proiektua aurrera eramateko asmoa dugu.

5. Epa! Gazteok asko kezkatzen gaituen gaietako bat etxebizitza da. Zuen programan, Bildurekin alderatuta, etxebizitza gutxiago egingo dituzuela agertzen da. Zer dela eta? Zer konponbide ematen diozu gai honi?
Itziar

Kaixo. Gu ere kezkatzen gaituen gai bat da. EAJk lortutako hitzarmen bati esker, Torreagako 250 etxebizitzetatik %20a etxebizitza babestuak, beste %20a tasatuak eta %60a libreak izatea lortu zen; honek herritarren behar guztiei erantzuna ematen diolarik.
Puntanuetan etxeak egitearekin ados gaude; baina ez denak alokairu sozialekoak; zumaiarren benetako beharretara egokitzen direnak baizik.
Aitamari futbol zelaian 65 etxebizitza eraikitzea proposatzen dugu, horrela lursailaren erdia, gutxi gora behera libre uzteko. Honek, arnasgunea mantentzea ahalbidetzen du; aisialdirako espazio bat izatea, eta behar izanez gero, etorkizunean kiroldegiko instalazioak handitzea.
Gure proposamena, udalak jada Basustagainean erosita dituen lursailetan etxebizitzak eraikitzea da (bariantea eraiki zenean, azpian pasagune batzuk eraiki ziren aurreikuspen honekin). Eta lursailak erosten jarraitzea, etorkizunean eraikitzen jarrai ahal izateko.

6. Kaixo Joxemi. Iñaki Ostolazak Xey-ren egoerak desblokeatzeaz hitz egiten du behin eta berriz, baina ez omen dago inongo hitzarmenik. Zer deritzozu?
Endika

Hau desblokeatu duena Eusko Jaurlaritza izan da.

7. Erkibe etxea zabortegi bat eginda dago. Zuek zeozer egitea pentsatuta dakazue?
Argi

Bai. Erkiberen pentsatuta daukagun proiektua "Beheko Plaza. Bizitza Gunea" kontzeptuarekin lotuta dago. Kontzeptu honen muina, belaunaldien arteko trukea esperimentazioa eta lankidetza sustatzeko espazio bat sortzea da. Zentzu komunitarioa eta baloreetan oinarritutako lankidetza bultzatuz. Horretarako Gizarte Zentroa eraldatu eta gaur egungo jubilatuen berrietara egokitu eta Ludoteka Erkibe etxera eramatea da gure asmoa, espazioa zabalduz; haurren adinen arabera jarduera ezberdinak garatzeko toki nahikoarekin; baita aire zabalean ere.
Benetan, "BEHEKO PLAZA BIZITZA GUNEA" proiektu aberasgarria eta berritzailea dela sinesten dugu.

8. Irisgarritasun arazoak dituztenek eta hauei laguntzen ibiltzen garenok zailtasun handiak ditugu herriko eremu gehinetan gure kurpildun aulkiekin igarotzeko. Arazo honei konpontzeko zerbait aurreikusten dezue?
Mari

Pozten naiz galdera hau egiteaz. Egia da zentzu honetan kexa asko jaso ditugula. Oier alkate zelarik Irisgarritasun Plana egin genuen, eta gure asmoa, gobernuan sartzen garen lehen unetik gai honi heltzea da eta Zumaia zumaiar guztientzat irisgarria egitea da mapa eguneratu bat osatuz. Eta egiten diren lan berri guztietan oso gainean egongo gara irisgarritasun arauak bete ditzaten.

9. Piszina gabe zenbat denbora egongo gea?
Igerilari

Gure planteamentuarekin ez da funtzionamendu normala kaltetua ikusiko. Lehenengo 9 kaleko piszina egingo degu; eta hau amaitutakoan, egungo piszina dagoen lekuan egingo dugu eskubaloi eta multikiroletako kantxa; era honetan erabilerarik ez da eten beharrik izango.

10. Arratsalde on. Herritar asko ez gaude egungo TAO sistemarekin gustora, eta herrian aparkaleku falta haundia dago. Arazoa konpontzeko ze asmo dezue? Zerbait aurreikusten al dezue?
Jone

Arratsalde on. Badirudi TAO sistemarekin asmatu ezinik dabiltzala. Aurrekariak ikusirik, berriro ere herritar, ostalari eta merkatariekin biltzeko asmoa dugu, eta ea behin betiko denon gustuko ordenantza bat lortzen dugu. Bestalde, lurrazpiko aparkalekuak egin beharra dagoela uste dugu, eta horretarako, pare bat kokapen aztertzen gabiltza herriaren bi sarreratan.

11. Zumaian eraikin publiko asko daude hutsik. Zer egingo dezue horiekin?
Josetxo

Agintaldi guztia pasa dugu herrian hutsik dauden eraikin publiko guztien azterketa bat egiteko eske. Gure asmoa, edozein erabaki hartu aurretik, hauen egoera eta erabilpen posibleen azterketa bat egitea da. Kofradiarentzako badaukagu proiektu konkretu bat.
Zumaiartasunarekin lotutako eraikin kuttun hau herriari itzuli eta balorean jarri nahi dugu, gure ondarearen eta tradizioen erreferentziazko gune bilakatuz. Altxor ezezagun handi bat daukagu hor: "Benta"; Euskal Herrian bizirauten duen bakarra; eta hau ezagutzeko aukera zabaldu nahi dugu. Eta horri lagunduz, beheko solairuan bertako produktuen balorizazio eta salmentarako gunea eta itsas bidaia eta bisita gidatuetarako sarrera gunea jarriko dugu, eta goian erabilpen anitzeko aretoa egokitu. Dena modu integralean kudeatuz.

12. Zuen polikiroldegirako proposamenean tenis pistarik ez da agertzen. Zer asmo dezue horretarako? Desagertu egingo da?
Jon

Planoak begiratzen badituzu, eskubaloirako bigarren arauzko pista agertzen da. Pista hori, eskubaloiko entrenamendu eta partidatarako izateaz gain, multikiroletarako izatea aurre ikusten dugu. Hau da, tenisa, saskibaloia, gimnasia erritmikoa, edo sor daitekeen edozein. Hala ere, fultbl zelaia dagoen gunean espazio zabal bat izango genuke; eta bertan instalazio gehiagorentzat aukera izango genuke; eta horietako bat tenis pista izan daiteke. hala ere, espazioak hoberen nola aprobetxatu erabiltzaile eta klubekin batera erabaki beharreko gai bat dela uste dugu.

13. Kaixo. Galdera hau hiru hautagaioi egiten dizuet: Datorren legealdian ze jarrera izango dezute pintadekin? Ze, gaur egun, eraikin publikoetako pintadak ere ez dira kentzen…
Xanti

Guk argi daukagu, betidanik, espazio publikoa errespetatu egin behar dela; eta ezin dela ikuspegi sektario jakin batzuen jabego izan.

14. Esan beharra dago penagarria dela Guascorreko eraikinak herriari ematen dion itxura. Eta herritarrok nazkatuta gaudela azken urteotan egoera horretan ikusteaz. Hori esan eta gero, Jaurlaritza zen jabea eta, kasualitatea ote da, ezaguna den konstruktora handi batek erosi izana, juxtu-juxtu EH Bilduren udal gobernua HAPOa berritzeko saiakeran ibili den honetan? Pentsatzen det, jabe berriak eraikina erosi aurretik alkatearekin hitz egingo zuela. HAPOAN hau onartu dezue: “hirugarren sektoreko jarduera (baita hotela ere)” Zer hitz egin duzue jabe berriarekin? Zer egingo da? Noiz? Bide batez, bai PNV bai PSEri galdera: Zein da zuen alderdien asmoa Guascorreko eraikinarentzat?
Axi

Eraikina, seguruenik ruina arkitektonikoan egon daiteke, eta zerbait gertatzeko arriskua ere nabarmen da. Erabilerarik egokiena aztertu beharko dugu, beti ere kokapena kontutan izanda; eta bertan aparkaleku publikoa egiten saiatu beharko gara.
Hori bai, inguruarekin bat etorriko den soluzioa bilatu beharko dugu. Herri sarrera itxuratuko duena eta ondo pentsatu eta landutako diseinu batekin.

15. Azken hilabetean behin eta berriz ikusi dugu Iñaki hitzarmenak ziñatzen eta azken orduko lanen berri ematen. Badirudi hauteskunde garaian bakarrik egiten dela lana…
Igor

Planifikazio faltaren ondorioz gertatzen da hau. Argi eta garbi ikusten da EH Bilduren kudeaketa gaitasun exkaxa.

16. Aukerarik bazenu PSOErekin alkatetza lortzeko, zer egingo zenuke?
Herritar

Herri honetan ikusi izan dugu gehiengo alternatiboak osatzea. Beraz, beste edozein bezalako aukera bat da.

17. Udal gobernuak, Puntanuetako lurretan alokairu sozialeko 150 etxebizitza egingo direla adierazi du Eusko Jaurlaritzaren eskutik. Jakinda alokairu sozial bat lortzeko errenta topea 25.000 eurokoa dela, hau Zumaiar guztiontzako aukera bat da? Ze, lan “normal” bat duenak erraz pasatzen du kopuru hau. Eta kontuan izanik ezin dela eskaintza zumaiarrentzat bakarrik egin, baizik eta lurralde osorako; Ez al dute zumaiarrek hauek eskuratzeko aukera gutxi izango? Ez al litzateke hobe, alokairu sozialekoak, etxebizitza babestuak eta tasatuak egitea? Helburua beti, etxebizitza hauek Zumaiarrek lortzea izanik?
Josune

Gehiagotan aipatu dugun bezala, gu ez gara planteamendu horren aldekoak; izan ere, jakin badakigu, Zumaian 21 eskaera daudela alokairu sozialerako; Zumaiarrenak 121; eta horietatik 25.000 € arteko diru sarrerak dituztenak 40 inguru. VPOari dagokionez, 210 eskaera: Zumaiarrenak 110; eta horietatik 39.000 € bitarteko sarrerak dituztenak 64 inguru.
Berriro diogu, Zumaiarren benetako beharretara egokitutako etxebizitzak behar ditugu; bestela, gure gazteek eta ez hain gazteek ez dute Zumaian bizitzeko aukerarik izango. ZUMAIARRONTZAT ERAIKI BEHAR DUGU.

18. Kaixo. Askotan Santixo hondartzara goaz paseoan baina komunik ez dago, udaran bakarrik. Urte osorako komuna jartzeko aldekoak zarete?
Agustin

Bai, alde gaude. Santixo hondartzara ibilbide berria egin zenetik, gero eta jende gehiago inguratzen da urte osoan. Beraz, behin betiko komun bat jartzea guztiz aproposa dela uste dugu. Tunel alboan. Legealdian hainbat aldiz proposatu dugu, baina EH Bilduren ezetza jaso dugu behin eta berriz.

19. Beheko plazarako duen proiektuan ez zitzaidan garbi geratu zein den zuen asmoa. Erabilera anitzeko espazioa sortzea proposatu duzue ludotekako haurren, gaztetxeko kideen eta beheko plazako zentroko erabiltzaileentzat. Elkarte edo eragile horiek egun dituzten espazioetan aldaketarik ekarriko luke horrek? Eta, bestalde, EH Bilduk ere egin du gune estali bat egiteko proposamena. Zertan da desberdina zuena?
Gaztea

Gure proiektua aurreko galdera batean erantzun dut. Eta konturatu ahal izango zaren bezala, bi proiektuek nahiz eta estalpea izan, erabilera zeharo ezberdina dute.

20. Etxebizitzen inguruan, zuk esan Zenun alde batetik orain arte zumaian egindako etxebizitza denak eaj-pnv,ek egin zitu,tela. Eta nik diot ez dela egia osorik. Eta ehbildu, egon zenean 12 urtean gobernatzen, Zenek egin zituzten ba Ardantzabideko etxe horiek? Ba ehbilduk, promotora baten bidez pnv bezala. Eta bestalde futboleko kanpozelaian etxebizitzak egiteko ze arazo ikusten dio pnvk, 160 etxebibitzei? Begiratu zuen zuen zarautzeko pnvko lagunek zenbat etxebizitza hari diren egiten estazio ondoan zarautzen. Osea ke dena da gobernó honen kontra joateagairik sin más. Intereses electorales.
Aitor

Nik esan nuen EH Bilduk 12 urtean ez dituela babes ofizialeko etxebizitzak egin.
EH Bilduk Ardantzabiden egindako II. fasean ez zen etxebizitza babesturik izan; tasatuak baizik, eta dakidanez oso garestiak (legeak baimentzen duen prezio garestienean).

21. Zuek alkate zinetenean ezin nuen alokairua ordaintzeko dirulaguntza eskatu. Geroko alkatearekin apuntatzeko baldintzak zabalago jarri zituzten eta orain laguntza jasotzen det hilero. Zuek etorri ezkeo mantendu ingo dezue edo berriro ere lehenokoa murriztu?
Unai

Gaur egun, Eusko Jaurlaritzak ere iragarri berri du 300 € arteko diru laguntza berri bat emango du "GAZTELAGUN" programaren bidez.
Udalak ematen dituen laguntzaz gain, beste diru laguntzak jaso ahal izateko aholkularitza ere emango dugu,

22. Ez nuen ulertu zergatik EAJ agertu zan emakume* etxea ardantzabiden jartzearen aurka. Gerora demostratu da arrakasta duela eta lokala ere egokia dala. Autokritikarik egiten al dezue horren inguruan?
Antigona

Ez ginen aurka agertu. Baizik eta, momentu hartan Gaztetxolak zuen erabiltzaile kopuru handia zela eta, benetako premia ikusten zen hura handitzeko. Eta Gaztetxola Ardantzabiden jarriz eta Emakumeon Etxea gaur egun Gaztetxola dagoen lekuan; 2 gaiek soluzioa ematen zitzaiela aldi berean.

23. Kaixo Joxemi. Gaur bertan irakurri det Diario Vascon elkarrizketa eta esaten dezu zuen helburua dela herriari itxura hobea ematea. Azaldu dezakezu zehazki zer den proposatzen duzuna? Nik egia esan ez dut hain zikina eta zatarra ikusten.
J.M.

Beste galdera batean erantzun dut. Baina ez da nire iritzia bakarrik. Herritarrek eta bisitariek askotan esaten didatena da. Baina, beno... Iñaki Osotolazak esan zuen bezala: "dena zein betaurrekorekin ikusten den izaten da".

24. Baleikeren mahai inguruan etengabe aipatu zenuen herria "zikin" dagoela. Hori aipatu zenuen herriak dituen behar nagusien inguruko galderan eta baita alkate izanez gero izango dituzun lehentasunak aipatzean ere. Egungo testuinguruan (bizitzaren garestitzea, demografiaren bilakaera, energia krisia, etxebizitza eskuratzeko zailtasuna...) herria txukun izatea al da herritarren behar nagusia?
Neroni

Antzeko bat erantzun dut.

25. Aurrerapauso handiak egin ditu egungo udal gobernuak feminismoa udal politiketara eramateko garaian, sarritan, mugimendu feministarekin elkarlanean: Emakumeen Etxea, Malen Etxearekin akordioa, LGTBI* pertsonen bizi baldintzak hobetzeko plana. EAJtik feminismoa ez da aipatzen. Egindako bide horri jarraipenik emango zeniokete? Nola?
I.L.

EAJ-PNV beti agertu izan da feminismoaren alde. Beti egon gara egin diren Plan guztien alde eta horrela jarraitzeko asmoa dugu. Eta beti ere Udalak dituen baliabide guztiak jarriko ditu berdintasunaren alde.

26. Zumaiko alokairuen prezioak mugatuko zenituzke Madrilen onartu den lege berria aplikatuz?
Xibo

Gu beti agertu gara alokairuaren prezioak mugatzearen alde. Gure ezadostasuna Legea berarekin da. Etxebizitza Legea EAEn eskumena da; eta alokairuen prezioak mugatzeko ez zegoen Legea aldatu beharrik; Arrendamendu Urbanoen legea aldatzea nahikoa zen. Gure autogobernua zanpatzen duen Legea da eta abertzale bezala ezin dugu horrelakorik onartu.

27. Aurrerapauso handiak egin ditu egungo udal gobernuak feminismoa udal politiketara eramateko garaian, sarritan, mugimendu feministarekin elkarlanean: Emakumeen Etxea, Malen Etxearekin akordioa, LGTBI* pertsonen bizi baldintzak hobetzeko plana. EAJtik feminismoa ez da aipatzen. Egindako bide horri jarraipenik emango zeniokete? Nola?
I.L.

errepikatuta dago

Agurra

Eskerrak eman zuen galderekin gure programa ezagutzeko interesa erakutsi duzuen guztioi.
Datorren igandean denok deituta gaude gure herriarekin konpromiso bat hartzera. Gure esku dago ze herri nahi dugun datorren urteetarako eta erabaki garrantzitsuak hartu beharko ditugu. Horretarako bozkatzera behartuta gaude. Inork ez dezala pentsa bere botoak ez daukala garrantzirik. Botoa da, herritarrok aldaketarako daukagun tresna nagusia.
Zumaiarren beharretara zuzendutako programa bat dugu, herri txukun, dinamiko eta aurrerakoia izateko.
Eta beti, gure alderdiak erronka guztiei aurre egiteko gaitasuna erakutsi du; emaitzak hor daude.
Zumaia hartzen ari den dinamika negatiboarekin ados ez bazaude, eman botoa EAJ-PNVri.