Alex Olidenen elkarrizketa digitala osorik

Baleike 2015ko mai. 19a, 11:14
Alex Olidenen elkarrizketa digitala osorik

Hemen irakur dezakezue Alex Olideni egindako elkarrizketa digitala. Bi ordu eta erdi pasa egin ditu Alex Olidenek (EH Bildu) zuen galdera guztiak erantzuten.

1. Bai EH Bildu bai EAJren programetan formakuntzaren beharra aipatzen da...zein ikasketa dituzu?
Unai Gonzalez

Arratsaldeon:
Kimikan lizentziatua naiz. Eskubaloian goi mailako entrenatzaile titulua daukat. Egun Ekonomia ikasketak egiten ari naiz, poliki poliki (graduko 3. mailan nago). Frantsesez nahiko ondo komunikatzen naiz, ingelesez ere hor nonbait.

2. Zer iritzi duzu Fracking-az?
Unai Gonzalez

Izugarrizko astakeria iruditzen zait.
"Peak oil" delakoa gainditu dugunean edo gainditzear gaudenean, garbi dago eredu desarrolista. etengabeko hazkunde ekonomikoa behar duena, bere azkenetan dagoela.
Epe laburrean aldaketa haundiak ikusiko ditugu: kliman, herrialdeen arteko harreman pollitikoen gaiztotzea, aspaldi hontako gerra ugariak petrolioaren kontrolarekin zerikusi haundia dute.
Nire iritziz garbi dago errotik aldatu beharra dagoela bai sistema ekonomikoa, bai gizakien arteko harreman eredua, bai energia eskuratzeko metodoak (berriztagarriak lehenetsiz eta lehen bait lehen), bestela epe ertainean asko murriztuko zaizkigu bizi modu duina izateko aukerak, eta ez da nik esana, Noam Chomsky bezalako intelektual errespetagarri eta mirestuak baizik.
Hori kontutan hartu gabe gaur egun gizateriaren gehiengoak ez dituela ez eta bizibaldintza minimoak ere.

3. Kaixo Alex, aurtengo udaran ere santixo bidea egiten ariko diren erromesak komentuan lotarako lekua artzeko aukera izango dute, eta nik dakidanez behintzat ERROMESEK BAKARRIK (!) hori normala iruditzen al zaizu? Nire ustez naiz eta jende askok bidea turismo gisara egin, horrek baditu konnotazio erlijioso batzuk... eta beraz udalak lekua erromesei soilik eskaintzea ez zait bidezkoa iruditzen, zer diozu?
jon stonewall

Egia esan, zer pentsatua eman didazu, santixo bideak, konnotazio erlijiosoez aparte baditu konnotazio kulturalak, Europako herrietako biztanleen topaleku moduko bat izan da mendeetan zehar.
Ez dut ezagutzen proiektua oso hurbiletik, beharbada santixo biderako izateak erraztasunak ematen ditu aterpetxea antolatu den moduan antolatu ahal izateko, baino ez zait okurritzen inolako arrazoirik testuinguru horretan beren burua kokatu nahi ez duten bisitariei ere zerbitzurik ez emateko.
Oso kontutan hartzeko iradokizuna iruditzen zait. Eskerrik asko

4. Aupa Alex, 29 urte ditut eta alkilerreko etxe batean bizi naiz neskalagunarekin. 650 euro ordaintzen ditugu hilean, baina neska langabezian dago. Beste zenbait herrietan ematen dituzten alokairua ordaintzeko gazteentzako dirulaguntzak ematea posible ahal litzateke? Eskerrikasko
Xabier

Baietz iruditzen zait. Eta, hain zuzen, gure programan etxebizitza arazoa konpontzen laguntzeko ALOKAIRUAn jarri dugu fokoa.
Hemen ez dago ezer asmatu beharrik, beste herri batzutan badaude laguntza horiek eta herri horietako kideekin kontaktuan ere egon gara, beroiek ezarrita daukaten sistema Zumaiara nola egokitu daitekeen estudiatzeko.
Zumaian etxebizitza hutsak mobilizatu eta alokairuan jartzeko neurri egokian ezartzean datza gakoa.
Lehen bait lehen gauzatzea gustatuko litzaidakeen zerbait da.

5. Zumaia Lantzeni ez du inork ezer esan, baina irakurri degunez hiru milloi euroko zuloa utzi du eta udaletxeak asumitu du zorra. Horri nola emango diozue buelta? Zergak igotzea pentsatu al dezue?
A. Aizpurua

Zumaia Lantzen-ek aspaldian egin zituen hitzarmen urbanistiko katastrofiko batzuren ondoren sortu zen zor hori.
Aurreko Gobenu Taldea burubelarri aritu da arazo horri konponbidea bilatzen saiatzen eta, azkenean, badirudi soluzio bidean dela, nahiz eta epe luzerako izan.
Banketxekin negoziatu eta, interes tipoen jeitsiera aprobetxatuz, zorraren birfinantziazio egokia lortu du, 15 urtera,
urtero zor horri dagokion kopurua gorde beharko da aurrekontuetan baina aurreikusi daitezkeen kantitate finko eta egonkorrak izango dira.
Zergak ez dira hori dela eta igoko.

6. Herriko kaliak, espaloiak eta errepideak konpontzeko konpromezua hartzen al dezu? Oso utzita dabe!
Josune

Bai noski, eta Brigadaren baliabideak haunditu izana bide horretatik dihoa.
Auzoen eraberritzea gure programan dago eta lehentasunetako bat izango da.

7. Nik uste det Zumaian ez daola lekurik ehizan ibiltzeko, etzait normala iruitzen jendia pasian dabilen bide bazterretan tiroka ibiltzia. Ta oain Talaimendin jarriko dala postua? Zure iritzia jakin nahi det. Zer egingo dezu ehizarekin?
Txanogorritxu

Gai korapilotsua da eta irtenbide arrazoitu eta partekatua bilatu behar diogu.
Nire asmoa da eragile guztiak mahai baten inguruan biltzea: GFAko teknikariak, natur taldeko ordezkariak, ehiztarien ordezkariak eta Udalekoak, eta ez gara hortik jeikiko konponbide adostua bilatu arte, horretarako beharbada denok utzi beharko dugu zerbait albo batera.
Zihur nago ehiztariak bat etorriko direla ezin dela inolaz ere jendea arriskuan jarri, eta ezin dela gehiegizko ehiza praktikatu (nik ez dakit ezer ere ehizari buruz eta "gehiegizko" hori zer den ezingo nuke zehaztu), ez eta ere ingurumenari kalte larririk egin.
Zihur nago baita ere ingurumenak kalte haundirik gabeko ehiza praktika onar dezakeela, bere erreprodukzio zikloetan inolako eraginik gabe.
Teknikariekin eta dakien jendearen laguntzaz bilatuko dugu adostasun puntu hori.

8. Ez badituzue eraikuntza berriak bultzatuko, nondik aterako du udaletxiak dirua proiektuak ordaintzeko? Zergak igoko al dituzue?
Montoro

Udaletxearen diru sarrerak zergak, tasak eta instituzio haundiagoetatik etorritako transferentziak dira portzentaia haundi batean.
Proiektuak diru sarrera horiekin finantziatzen dira,
Nik dakidanez eraikuntza berri gehiago edukitzeak ez luke ekarriko diru sarreren haunditze nabarmenik.

9. Indarkeriak min handia egin du Zumaian. Zuek zerbait egin behar al duzue horren inguruan? Konkretuki ETAk hildakoen senideekin orain arte izan dezuten urruntasunarekin segitu behar al dezute?
Maitane

EH BIlduk egina du dagoeneko gizarteari proposamena gai honen inguruan: "Bakerako Euskal Bidea" du izena eta, oso garrantzitsua den puntu batean zera dio:
" Biktima guztiek aitortza eta erreparazioa jasotzea eta gertatutakoa ez errepikatzeko bermea edukitzea hartzen ditugu helburutzat".
Guztiz bat nator horrekin eta urruntasun hori egon dela aitortzetik hasita, helburu hori betetzen saiatzeko konpromisoa hartzen dut.

10. Organikoaren kontenedore marroia erabiltzen al dezu, eta ba al dakizu hori nora doan?
Errauskin

Bai, aspalditik.
Egia esan, ez dakit zehazki nora doan, espero dut konpostaje planta batera joango dela, bestela iruzurra izango litzateke.

11. Diputazioak ez dio subentziorik emana Pulpori Espainako txapelketa organizatzeko, Espainakoa dalako. Donostiko udaletxiak ez du badmintoneko mundiala nahi, Espainak jokatzen dulako. Zuk ze iritzi dakazu honi buruz?
Zumaiatik

Zuk esaten dituzun bi kontu horiek ezin ditut konfirmatu.
Baino nire postura garbia da eta Zumaiako adibidearekin azalduko dizut:
Balantzaren alde batean jarri ezazu Espainiako txapelketa horrek herrian sortu duen ilusioa, poza, alaitasuna, 150 lagun musutruk lanean jarri ditu autogestio eredugarri batean, gainera pozik, gizartea kohesionatzen lagundu du, diferenteak elkartu eta giro onean auzolanean jarri ditu, kanpoko bisitariek garen bezala ezagutu gaituzte: alaiak, solidarioak, abegikorrak......., bisitatu gaituzten guztiek Zumaiaren irudi ezin hobea zabalduko dute.
Bestaldean, "Espainiako" izena daramala txapelketak, Espainiaren kontra ez dugu ezer baino aitortu beharra dago herri honetan jende asko "halabeharrez" dela espainiarra, ez bere gogoz eta borondatez.
Lehenengo bandejan dagoenak askoz pixu haundiagoa duela iruditzen zait eta kondizio horiek ematen badira zalantzarik gabe horren alde nago.

12. Kaixo Alex, Noiz konponduko zenuke Etxezarreta kaleko 288 bizilagunek behin eta berriz udaletxean aurkeztu dugun arazoa? Gernikako parkean dauden zuhaitz batzuk gure etxeetatik itsasora eta kirol portura dugun ikuspegia galarazten digute, gure bizi kalitatean eraginez. Arazoaren konponketa altuerako poda edo zuhaitz horiek parke mota hauetarako egokiagoak diren beste zuhaitz mota bategatik ordezkatzea litzateke. Zer iruditzen?
Luis

Bigarren mailako arazoa iruditzen zait, dena den, soluziobideak badaude, gainera zeuek proposatutakoak.
Beraz, baliabideak daudenean, soluziobide horietakoren bati, edo biei, heltzea izango litzateke aproposena.
Dena den, mantenduko litzateke moilaberriko zuhaitzek ematen duten itzala ezta? Hain da ederra........

13. - Duela gutxi, Zumaian jokatu da Españako eskubaloi jubenil txapelketa. Aldundiak, uko egin dio txapelketa babestu eta laguntzeari. Baina nola ulertu behar dugu zumaiarrok, Udalean aukera politiko berdina egonda, Zumaiako Udalak babestu ez ezik, alkatea bera saribanaketan egotea, eta, hori gutxi balitz, gainera, zu zeuk, alderdi berdineko hautagaiak, mikrotik jardutea (eta gainera, erderaz)?
Xabi Alangua

Lehen erantzun diot antzeko galdera bati, horrekin ez baduzu nahikoa saiatu zaitez hau birformulatzen.
Ni mikroan eta erdaraz jarduteari buruz zer nahi duzu esatea, Espainiako Eskubaloi Federazioak partida hori mundu guztirako eskeintzea erabaki zuen eta klubari eskatu zion komentarista bat, klubak galdetu zidan ea prest nengoen eta nik baietz, hainbeste maite ditudan kirolari eta klubari ekarpen hori egin izanaz oso gustora nago.
Espainian lagun asko dauzkat eta batek baino gehiagok zorionak ere eman dizkit, eta horrek ez du esan nahi naizen bezalakoa izateari utzi diodanik.
Japonieraz jakin eta Japoneko Eskubaloi Federazioak eskatu izan balit berdin berdin egingo nukeen

14. -Joan den ostegunean Alondegiko eztabaidan entzundakoaren arabera, zuen etxebizitza politika egoitzaren ondoan dagoen bi etxebizitza egokitzera mugatzen da... Ez al da zuen eskaintza pittin bat motza, ia 10.000 biztanle dituen herri batentzat?
Ane

Edo nik ez nuen asmatu azalpenak ematerakoan edo zu despistatu xamartuta ibili zinen momentu horretan.
Nik esan nuen gure etxebizitza politikan lehentasuna alokairuaren kultura bultzatzea izango zela, bai alokairu soziala (lehenetsia) eta baita alokairu normala ere. Europako batazbesteetatik oso oso urrun gabiltzala aipatu nuen baita ere.
Zumaian etxebizitza hutsen kopurua ikusita (400 bat edo), estudio bat egitea komenigarria litzateke ea eskaria zenbatekoa den eta, aukera emanez gero, zenbatek nahiagoko lukeen alokairua jabetzaren aurrean.
Dauzkagun baliabideak aprobetxatu eta gero (etxebizitza zaharrak berritzeko laguntzak ematea alokairu sozialaren truke, gazteei laguntzak ematea merkatura atera daitezkeen etxebizitzen alokairua ordaindu ahal izateko, etabar..) aurreikusita dauden eraikuntza proiektuei heltzeko ordua izango litzateke, pausuz pausu.

15. -Alokairu sozialeren apostua egiten dezue, herrian 500 etxebizitza huts dagoela diozue. Zortzi urtetan ez badezue asmatu horiek merkatuan jartzen, zergatik pentsatu behar degu hori posible egingo duzuela hurrengo legealdian? Zein dira hori dinamizatzeko jarriko dituzuen neurria zehatzak?
Amaia

Oraintxe beste galdera bati erantzunez aipatu ditudanak:
1.- Kondizio txarretan eta hutsik dauden etxebizitza zaharren errolda egin eta jabeei tratua proposatu, berritze lanetarako laguntzak ematea gero epe jakin batean alokairu sozialera eramateko konpromezuarekin. Neurri hau merkataritza lokalei ere zabaltzea posible litzateke, alde zaharreko lokal huts piloa mugitzen saiatzeko
2.- Gazteek etxebizitzak alokatzeko dirulaguntza ematea, horrela eskari kaudimenduna haundituko litzateke beharbada.
Horrelako neurriak beste herri batzutan hartu izan dira eta Zumaiara ere ekartzea proposatzen dugu,
Garbi daukaguna da ezin dugula etengabe etxebizitzak eraiki eta eraiki jardun. Gu ez gaude horren kontra baina aldez aurretik herrian dauden bestelako baliabide guztiak martxan jarri eta gero beharko lukeela uste dugu.

16. Turismoaren aitzakira edo bidea eginez, ikusten det diru mugimendu bat dagoela herriari ez diona ematen eta kontra herriak ordaintzen duela. Interpetrazio zentro bat, bidai gidatuak, 2-3 txalupa gentea aurre atzera ibiltzeko, zer onura dauka herriarentzat ekonomikoki diot eta sortu diren lanpostuak ez dira herrikoentzat sortuak, herrikoqk ez direnentzat. Ulertzen det bide hau PNV k ireki zuela
Mikel

Zuk esaten dituzun ekimen horien onurak neurtzea oso zaila da, dena den, ez dut uste dena dirutan neurtu beharko genukeenik.
Nik uste herrian oso zabaldua dagoela turismoa aktibitate ekonomiko osagarria baino gero eta garrantzitsuagoa dela eta neurria ondo hartu behar diogula denon artean bilakaera iraunkorra izan dezan.
Itsasoak eta naturak badu garrantzia turismo eredu horretan eta, hain zuzen, horiei lotutako aktibitateak dira zuk esandakoak, beharbada ez bere horretan erretagarriak baina bai eskeintza turistiko oso eta erakargarria bisitarien aurrean jartzerako orduan.

17. "Giro sanoa" lantzea dala zuen helburua azpimarratu dezu, ez al dira hitz hoiek aukera politiko batentzat proposamen abstraktoegiak, definiziorik gabeak? Zer da zuentzat, “giro sanoa”? eta nola lantzeko asmoa duzue?
Mikel Etxabe

Momentu honetan, eta mundu osoan kezka nagusietako bat da, gizarteetan ikaragarrizko desberdintasunak daude eta areagotzen ari dira.
Desberdintasun gero eta haundiago hauek (lurraldeen artekoa edo gizarte barrukoa) nahi eta nahi ez gatazka eta tentsioa dakarte, egoera oso injustu baten islada dira eta kudeatzen oso zailak izango dira.
Udal batek ez du beharbada baliabide gehiegi izango hain muturreko egoeren aurrean zerbait egiteko baina bada tresna bat erabili daitekeena: BERDINTASUNAren bila jokatzea, ez dugu denok berdinak izan behar baina gure artean bizi diren guztiek bizi baldintza minimo eta duinak eduki behar dituzte, eta horixe da Gizarte sanoa: hiritarrak beren bizitza gobernatzen beren kideekin elkarlanean jardutea, beren etorkizuna erabakitzeko gaitasunarekin, eta horretarako, ezinbestekoa, bizi baldintza material duinak.

18. Zumaiako herriak dituen beharren artean, bat eta zehatza nabarmendu, mesedez, zure ustez lehentasun handiena duena eta alkate izanez gero, horretan eragiteko ahalmena izango duzuna. Aldez aurretik eskerrik asko.
Esteban Umerez

Ez da behar materiala, ez eta urjentziazkoa ere, beharbada urteak beharko ditugu lortzeko, baina hauxe izango litzateke: zumaiarrok geure arazoak konpontzerako orduan, elkarrekin eta elkarlanean jarduteko ohitura muineraino sustraitzea.
Benetan uste dut auzolana, indibidualtasunaren gainetik kolektibotasuna lehenestea, guztionak diren ondasunak guztion artean kudeatzea gizartearen erreprodukzioa helburu...., balore horiek izango direla etorkizunean gizarte batek iraunarazteko izango dituen tresnarik onenak.

19. Alkatetza lortu ezgero ze izango zen egingo zenuken lehenengo gauza?
Telmo Ostolaza

Lehen lehenengoa nire zerrendakideei besarkada haundi bana ematea, lan asko egiten ari gara gure proiektua landu eta jendeari proposatzeko eta alkatetza lortzeak esan nahiko luke jendeak hala ulertu duela, elkarrekin egin dugun lan guztiak merezi izan duela.
Eta gero, Udalean kide izango ditudan guzti guztiak saludatu eta elkarlanerako guneak eta bideal eskeini, etorkizuneko Zumaia denon artean marraztu behar dugulako.

20. Nolatan zaude iraultza soziala aldarrikatzen duen alderdi politiko batean empresari zapaltzailea izanik?
Josean Agiña

Enpresa kontzeptua oso orokorra da eta adiera diferenteak izan ditzake, izan liteke irabazi asmo hutsez sortua, edo irabazi asmorik gabe, edo onura sozial konkretu batzuk helburu dituena, eta beste asko...
Orain indarrean dagoen eredu ekonomikoan ia ia ez dago beste aukerarik irabazi asmo duen enpresa bat izatea baino, konpetentzia basatia medio, baina zihur esaten dizut, Gipuzkoan, hainbeste ETE (Enpresa Txiki eta Ertain) dagoen lurraldean, horietako enpresari asko eta asko sistemaren barruan zirrikitu baten bila ari direla giza eta lan harremanak sanoagoak eta eramangarriagoak izateko, azken finean enpresaren beraren mesederako ere badelako.
Enpresari txikiari ez zaio komeni langileen soldatak txikitzea, langile beroiek izango direlako produktuak kontsumituko dituztenak. Enpresa haundi transnazionalari bai, leku batean ekoiztu eta beste batean saltzen duelako.
Esplotazio basatia gehienbat horietan ematen da, eta askotan ETEetako enpresari txikia ere esplotatua sentitzera ailegatzen da, autoesplotatua alegia.
Garai korapilatsu honetan era guztietako egoerak ematen dira, eta errealitatea ulertzeko eskema berriak erabiltzera behartuta gaude.

Agurra

Bukatu da elkarrizketa digitala. Bi ordu eta erdi pasa egin ditu Alex Olidenek (EH Bildu) zuen galdera guztiak erantzuten. Gogoan izan bihar, asteazkena, Oier Korta izango dela hemen, 18:00etatik aurrera. Mila esker zuen parte-hartzeagatik!