San Juan egoitza Foru Aldundiaren Kabia fundazioaren esku geldituko da

Baleike 2014ko abe. 29a, 12:25

San Juan egoitza Foru Aldundiaren Kabia fundazioaren esku gelditzeko hitzarmena onartu zuen Zumaiako Udalak abenduko plenoan. Kabia fundazioa Foru Aldundiak Gipuzkoako 16 egoitza publiko bere baitan hartzeko sortu da. Lehen faseari bost egoitzaren eskumenak aldatuta emango zaio hasiera, eta horietako bat da San Juan egoitza.

2008ko abenduaren 5eko legearen arabera, bi maila ezartzen dira adineko pertsonei ematen zaizkien zerbitzuetan. Lehen mailakoak Udal eskumenekoak dira, eta telelaguntza bezalako zerbitzuak daude maila horretan. Bigarren mailako arretako gizarte zerbitzuak, berriz, Foru Aldundiaren esku gelditzen dira, eta besteak beste, adinduentzako egoitzak daude. Lege hori onartu zenean, urtebeteko epea ezarri zen eskumenen egokitze prozesurako, baina urtebete ez, sei pasatu dira, eta orain emango zaio irtenbidea.

San Juan egoitza Kabia fundazioaren esku gelditzeko Foru Aldundiak, Udalak eta San Juan Egoitzak hitzarmena sinatuko dute. San Juan Egoitzak eta Udalak hitzarmena onartu dute, eta orain, Gipuzkoako Batzar Nagusien oniritzia besterik ez da falta hitzarmean sinatzeko. Hitzarmena sinatu eta esku aldatzea erabatekoa izateko denbora epea ere zehaztu dute. Honako puntuak ditu hitzarmenak:

-Eraikina: Egoitzaren eraikina lagapenean emango dio Foru Aldundiari, ez jabetzan. Lagapenena doakoa izango da, eta gaur egun duen helburuetara bideratu beharko da egoitza. Hori aldatu nahi edo behar badu, Udalaren baimena beharko du Aldundiak.

-Kontratuak: Gaur egun indarrean dauden kontratuak bere horretan pasatuko zaizkio Kabiari. Kontratuetako langileak subrogatu egingo dira, baldintza berdinetan.

-Langile propioak: Apirilaren 1etik aurrera langileak Foru Aldundiaren langileak izatera pasatuko dira, orain arte zituzten eskubide berdinekin.

-Ordainketak: Zumaiako Udalak ordainketak gehienez ere ekainaren 30era arte egingo ditu, esku aldatzea erabatekoa izan arte. Bitarte horretan, hilero fakturak zuritu eta horren berri emango dio Aldundiari.