Etxeko hondakinak eta arropa jasotzeko edukiontzi berriak jarri dira

Baleike 2014ko aza. 24a, 15:04

Herri sei punturan etxeko hondakinak eta arropa jasotzeko edukiontzi berriak jarri ditu Urola Kosta udal elkarteak. Aukeratutako lekuak Amaiako plaza, Alai, Basadi, Puntanueta, Garbigunea eta Oikia dira. Zerbitzu berriaren helburua da etxeko hainbat hondakin bereiz jasotzea eta berrerabiltzeko bidean jartzea.

Edukiontzian utzi daitezkeen gaiak hauek dira:

Arropa eta ehunkiak: jazteko arropa, etxeko arropa, poltsak, gerrikoak, oinetakoak...

Jostailuak: panpinak, jostailuzko kotxeak, pelutxeak, puzzlea, mahai-jolasak, pilak dituzten jostailuak, sehaskak, motxilak...

Liburuak: denetariko liburuak

Aparailu elektriko eta elektroniko txikiak: erreminta elektrikoak, etxeko tresna elektriko txikiak, kamerak, telefonoak, ordenagailu eta produktu informatikoak, bideo kontsola eta jolasak, telebistak eta ordenagailu pantailak, teklatuak, organo elektronikoak, mp4ak, DVD eramangarriak...

Bitxiak edo bisuteria: lepokoak, pultserak, eraztunak...

Bazarra: erremintak, tresnak, sukaldeko ontziak eta gauzak, figuratxoak, koadroak, lanparak...

Edukiontzian utzi ezin daitezkeenak:

Kristaleria, baxera, ebakitzeko gauzak (labanak, guraizeak, cuterrak...), garbikariak, produktu urratzaileak, pilak, pertxak...

Bolumen handiko hondakinak (koltxoiak, etxeko tresna elektriko handiak, besaulkiak...)

Etxeko hondakin arriskutsuak: aerosolak, pinturak, disolbatzaileak...

Azken hondakin horiek garbigunera eraman behar dira. Eskualdean hiru garbigune ditugu herritar nahiz gremio txikiek erabiltzeko (Zarautz, Zumaia eta Aia-Orion).

Arropa eta ehunkiak utzi behar dira poltsetan sartuta. Gainerako hondakinak utz daitezke poltsetan sartuta edo bere horretan.

Zerbitzu berri hauRezikleta Koopera enpresak eskainiko du. Enpresa horrek lehendabizi hondakinak sailkatu egiten ditu eta aztertu egiten du zein egoeran dauden. Horren arabera, hondakinak bi bide hartzen ditu:

Berrerabili: ondo dauden gauzak txukundu, konpondu eta prestatu eta saldu egiten ditu, bigarren eskuko produktu gisa.

Birziklatu: egoera txarrean dauden edo berrerabili ezin diren gauzak birziklatzera bideratzen dira, materialaren arabera dagokion plantara bideratuz.