BIDEOA: Gorka Azkue da Atzegiren '#Elkarrion' kanpainako protagonistetako bat

Baleike 2014ko urr. 16a, 15:22

Adimen urritasuna duten pertsonekin sortzen diren harremanak elkarrrenganako duten onura zabaldu eta ezagutzera eman nahi du aurten Atzegik Elkarrion kanpainarekin. Gorka Azkue zumaiarra da protagonistetako bat, bideoan ikus dezakezuenez.

Elkarrion lelopean, Atzegik adimen urritasuna duten pertsonek arlo desberdinetan aportatzen dutena azpimarratu nahi du. Adimen urritasuna duten pertsonek aportatzeko asko dutela eta, gainera, balore positibo ugari sortzen dituztela erakutsi nahi du.

Kanpainarako elkarrenganako onura hori erakusten duten bi kartel sortu dituzte, adimen urritasuna duten pertsonekin sortzen diren harremanak elkarrenganako duten aberastasun hori erakusten dutenak. Argazkiak benetazko kasuetan oinarritzen dira, Maialen eta Gorkaren kasuetan. Bi bideo laburren bitartez Atzegik bi pertsona hauen kasuen esperientziak bere familia, gizarte eta lan inguruan, kontatzen ditu. Bideo hauek eredu bezala balio dute kolektibo honekin sor daitezken esperientzi positibo horiek kontatzeko.

Josean Idoeta, Atzegiko presidentearen ikuspegitik: “Sarritan adimen urritasuna duten pertsonak laguntza, zerbitzuak eta asistentzia behar duten pertsonak bezala ikusten ditugu, baina gutxitan jartzen gara pentsatzera hauek inguruan eragiten dutenarekin. Tolerantzia, elkartasuna edo positibismoa dira askotan errepikatzen ditugun terminoak aportazio hauetan sakontzen dugunean. Horregatik, aurtengo kanpainarekin, adimen urritasuna beste ikuspegi batetik erakutsi nahi dugu eta kolektibo honek aportatzeko asko duela ikustarazi nahi diogu gizarteari”.

#Elkarrion hashtag bidez, Atzegik gipuzkoar guztiei dei egiten die Elkarrion selfiak bidaltzeko, hau da, modu batean edo bestean adimen urritasuna duten ezagun edo lagunengandik jasotako edo ikasitako ekarpen positiboa erakusten duten argazkiak bidaltzeko.

Mitxel Lakuntzaren hitzetan: “Atzegin ondo dakigu adimen urritasuna duten pertsonek aportatzen duten guztia, baina ziur gaude ere esperientzi pilo daudela, guk ezagutzen ez ditugun harreman asko. Esperientzi bakoitza sorpresaz beterik dago eta horien argazkiak edo lekukoak jaso nahi ditugu”. Elkarrion-ekin, adimen urritasuna duten pertsonek aportatzen dutena erakusteaz gain, ON horren bidez, harreman horiek piztu, aktibatu nahi ditugu, adierazi du Lakuntzak.

Argazkiak edo selfiak Twitter, Facebook edo Whatsapp bidez bidal ahal izango dira 609703706 zenbakiaren bitartez. Gainera kanpainaren informazio guztia jarrai dezakezue www.atzegi.org/elkarrion webean.

Urriaren 16an hasiera emango zaio kanpainari Gipuzkoa osoan zehar 8.000 kartel banatuz. Gainera arratsalde horretan bertan kanpainaren ekitaldi nagusia ospatuko dute Donostiako Printzipal Antzokian 18:30ean, non Maialen eta Gorkaren bideoak erakutsiko diren, beste hainbat sorpresak tarte.

Ekitaldiko protagonistak adimen urritasuna duten pertsonak izango dira eta aportatzeko asko dutela argi utziko dute.