ZUGAren oharra Zumaiako herriari

Baleike 2014ko ira. 19a, 14:04

Torreberriren erabileraz egon diren kritikak direla eta, Zumaiako Gazte Asanbladak ohar hau zabaldu du:Zumaiako Gazte Asanbladak, Torreberri eraikinaren erabiltzaile den heinean, azken aldian zabaldu diren ohar eta esanen aurrean, bere jarrera erakutsi nahi dio Zumaiako herriari:

Ez dugu inongo eztabaida antzuetan sartzeko asmorik eta ez dugu batzuk sortu nahi duten ika-mika zentzugabea hauspotuko, baina ez genuke Gaztetxearen inguruan zabaldu den informazio desitxuratua argitu gabe gelditu nahi. Gauza konkretuetan sartu aurretik, ordea, azalpen orokor bat egin nahi genuke.

Gaztetxean parte hartzen dugun pertsonak jatorri eta ideia politiko anitzekoak gara. Edonork antolatu dezake ekintza, jardunaldi, hitzaldi zein mahai-inguru, ikastaro ala antzerki, kontzertu zein tailer, indibidualki zein talde moduan. Asanbladan hartzen ditugu erabakiak, eta autogestio bidez funtzionatzen dugu. Ateak zabalik daude guztiontzat, eta beti saiatu izan gara espazio ahalik eta zabalenak osatzen, ekimenak antolatuz zein horietan parte hartuz herriko ahalik eta gazte gehienen etxea eraikiz.

Gazteon beharrei erantzuteko gunea da gaztetxea, bizi ditugun problematikak lantzeko aterpe, gazteok gazteontzako sorturiko kultur eskaintza alternatiboaren sorleku, zapalkuntzarik gabeko gazte askeak izatea helburu dugunon amesleku. Kezka eta ezinegon horiek mugitzen gaituzte, eta hor sartzen den edonork du Gaztetxean lekua.

Hau esanda, honako puntuak argitu nahi ditugu:

• Udaleku ibiltariak. Udaran zehar Zumaiatik igaro diren hainbat herrietako udaleku ibiltariak igaro dira Zumaiatik, eta Gaztetxean aterpe hartu dute. Asanblada bidez baloratu eta erabaki genuen bertan gera zitezkeela. Zumaiko gazteok antzeko udaleku ibiltariak antolatu ditugunean gainontzeko herrietan eskuzabal hartu gaituzten bezala, guk ere eskuzabal hartu ditugu.

• Sarrera jartzea. Antolatzen dugun edozein ekimen doakoa izatea da gure irizpidea. Baina egitarau bat osatzeak zein gaztetxeko mantenuak gastu batzuk dakartza, logikoki (musika taldeen bidaia kostua, garbiketa materiala...). Gastuei aurre egiteko batzuetan sarrera minimoa kobratu behar izaten dugu. Batzuentzat ulertzeko zaila izan badaiteke ere, bertan biltzen garen gazteok ez dugu inongo irabazi asmorik.

• Garbiketa. Gu gara gaztetxea garbi egotean lehen interesatuak, are gehiago, sarrera egunean zehar zabalik dagoela kontuan izanda, beti saiatzen gara espazio hori txukun mantentzen. Beti ez da egon nahiko genukeen bezain garbi, baina horretan saiatu gara, eta aurreratzean ere saiatuko gara.

Amaitzeko, argi utzi nahi dugu gazteok beharrezkoa dugula ametsak sortzen eta eraikitzen jarraitzeko fabrika. Hutsuneak hutsune harro gaude Zumaiako gazteok urteetan egin dugun lanaz, eta aurrerantzean ere halaxe jarraituko dugu: Gaztetxea eta herria koloreztatzen, gazte izaten!