EHBilduren erantzuna Montse Aranari

Baleike 2014ko mai. 22a, 09:50

"Badirudi azkenaldian prentsara astean ohar bat bidaltzeko ohitura hartu duela EAJk, datorren urteko hauteskundeetarako kanpaina aspaldi hasi baitute. Arrazoiak berdin dio, Udalari edozer gauzaren errua botatzea da kontua. Azkenerako, ordea, ohar horien asmoa zein den nabarmen geratzeko arriskua dago". Horrela jarraitzen du oharrak:

Oraingo honetan, marea biziek hondartzara zakarra ekarri dutela eta, EAJk Udalari hondartzak garbi ditzala eskatzen dio . Gerora, ordea, aitortzen du Udalak ez duela horretarako eskumenik. Denak balio al du kanpaina egiteko?

Edozein kasutan, hondartzak astean 3 aldiz garbitzen dira: astelehen, astearte eta asteazkenetan, Orioko herrikoarekin txandakatuz. Zumaiarrak garenok, ordea, badakigu egunean 4 marea izaten direla eta behin garbitutakoa, 6 ordutara berriz zikintzeko arriskua dagoela. Horregaitik uda garaian, jende gehien ibiltzen den denboraldian, hondartzak egunero garbitzen dira.

Mesedez, EAJ, utzi pelikulak alde batera, nabarmen geratzen ari zarete eta. Zumaiako Udalak naturguneekin lotutako turismo arduratsua bultzatu du, eta horrela jarraitzea espero dugu. Urola ibaiaren eta inguruen babeserako planaz gain, herriko alojamendu eskaintza hobetuko duen Basustako kanpina egitea lagundu du lehen minututik. Horiez gain, Geoparkeak herriko sektore ezberdinengan (lehen sektoretik hasita) eragin positiboa izatea bultzatu du, eta horretan ari da lanean. Santixo hondartzak behar duen bezalako azpiegiturak egiteko gestio eraginkorrak burutu ditugu Madrilen, eta horri esker costas-ek, aste honetan baieztatu digutenez, hondartza horri buruzko proiektu bat gauzatuko du. Eta hori EHBilduk lortu du. Nahiago genuke, EAJk gidatzen duen puertos-ek kasu honetan izan dugun erantzun azkarra eman izan baligu guk herritik egindako beste zenbait planteamenturen aurrean!

Zumaiarrontzat zorionez, herria ez dago geldirik, eta turismoaren alorrean ere aurrerapena nabaritzen hasi da. Badirudi, ordea, Udalaren gestio onagatik oposizioa egiteko arrazoiak gutxitzen joan ahala, EAJ edozer esateko prest dagoela herrian giro txarra sortzeko, arazoak Udalarekin lotura izan edo ez".