Etxean konposta egiteko kanpaina jarri du martxan Urola Kostako Udal Elkarteak

Baleike 2014ko mar. 25a, 16:02

Gaur egun Zumaian 191 familiak egiten dute konposta etxean edo auzoan. Urola Kostako Udal Elkarteak bide horretan sakondu nahi du, hondakin organikoa etxe ondoan konpost bihurtuta "ez delako inora garraiatu behar, ez delako kudeatu behar, eta ez duelako kosterik eragiten". Etxean edo auzoan konposta egin nahi dutenek eskaera egin dezakete  943 554874 telefonoan edota konposta@urolakosta.org helbide elektronikoan. Gainera, Udal Elkarteko presidente Amaia Guruzetak aurreratu du Zumaiako hondakinak biltzeko sistema berria udarako martxan nahi dutela.

Dagoeneko 87 dira etxean konposta egiten duten familiak Zumaian, eta beste 104 auzokonposteko guneak erabiltzen dituztenak. Sei gune daude guztira Zumaian, eta zazpigarren bat sortzeko aukera zabaldu du Udal Elkarteak. Izan ere, aurrerantzean Udal Elkartea arduratuko da auzokonposta egiten duten taldeei zerbitzua eskaintzeaz. "Izena emateko epea zabaldu dugu, eta izena ematen dutenen arabera erabakiko da zein izan daitekeen lekurik egokiena gune berria jartzeko", azaldu du Amaia Guruzetak. Zumaiako ingurumen zinegotzi Aitor Leizak jakinarazi duenez, iaz martxan jarri ziren guneetan sortutako konposta kalitate oso onekoa da: "Puntanueta eta Aita Marikoak aztertu dira laborategian eta kalitate oso ona eman dute".

Udal Elkarteak eskualde osoan jarriko du indarrean kanpaina, baina Zumaiatik hasiko dira. Lehenik eta behin, edukiontzietara botatzen ditugun hondakinen karakterizazioa egingo dute, martxoaren 27an, Amaiako plazan. Goizean zehar eta jendaurrean, errefusarako erabiltzen diren bi edukiontzi hartu eta hara botatako hondakinak aztertuko dira, ikusteko botatzen dugunetik zenbat birzikla daitekeen, ondo sailkatuz gero. Indar berezia egingo da hondakin organikoekin, sortzen ditugun hondakinen %40 direlako.

Ondoren, kanpaina egingo da etxean konpostagailua jartzeko, bereziki landa eremuan. Harreman pertsonalizatuaren bitartez, lehenik gutun bidez eta ondoren telefonoz, konposta egiteko aukera emango zaie, zerbitzu osoa eskainiz. Udal Elkartearen arabera, sistema honetarako 385 erabiltzaile potentzial daude Zumaian.

Eta azkenik, auzokonposta bultzatuko da. Batetik, gaur egun dauden taldeen jarraipena egingo da. Orain arte Udalak kontratatutako enpresa batek egiten zuen; orain Udal Elkarteak hartu du ardura. Datozen egunetan konposta egiten ari diren taldeekin jarriko dira harremanetan, zerbitzua martxan jartzeko. Eta horrekin batera, lehen aipatu bezala, talde berria sortzeko aukera zabaldu dute.

Hondakinak biltzeko sistema berria udarako

Joan den urtean hondakinen mahaiak adostutako sistemaren inguruan galdetuta, egin beharreko azterketak dagoeneko eginak dituztela azaldu du Amaia Guruzetak, eta aurreratu du udarako martxan egotea espero dutela. Baieztatu du joan den urtean hondakinen mahaiko eragileen artean adostutako sistema dela indarrean jarriko dena. Eskualde osorako edo Zumaiarako landu duten galdetuta, Zumaian ezarriko dela erantzun du.