Zumaiako Udalaren adierazpena, Emakumearen Nazioarteko Egunaren harira

Baleike 2014ko mar. 7a, 20:16

Zumaiako Udalak ondoko adierazpen instituzionala egin du Emakumearen Nazioarteko Eguna dela eta:

Martxoaren 8a hurbiltzen ari zaigu urtero bezala, Emakumeen Nazioarteko Eguna. Mugimendu feministak eta emakumeen elkarteen mugimenduak berdintasuna lortzeko asmoz egindako lana aintzat hartzeko eguna, emakumeon egoeraren inguruko hausnarketak partekatu eta balantzea egiteko aukera ona izaten da.

Emakumeok orain arte lortutako askatasun eta eskubideak galtzen ari gara, atzeraka goaz. Emakumeon egungo egoera hitz gutxitan laburbildu beharko bagenu, honela jasoko genuke: lan-merkatuan gero eta eskubide gutxiago, zaintzaren arloan gero eta lan gehiago, gure gorputzaren gaineko erabakiak hartzeko eskubiderik eza eta etenik ez duen indarkeria sexista jasaten.

Lan-merkatuari dagokionean, haurdun dauden emakumeak kaleratzeko aukera legeztatu da, lan-baldintzak okertzen ari dira orokorrean eta emakumeak nagusi diren hirugarren sektorean bereziki, behin-behinekotasuna, ziurgabetasuna eta prekarietatea dira nagusi. Horrekin batera, lan-merkatutik kanpo uzten ditugun etxeko lanak eta zaintza-lanak emakumeen bizkar erortzen jarraitzen dute. Horregatik, azpimarratu nahi dugu udal instituzioen eta herritarren arteko aliantzak sortzearen garrantzia, tokiko berdintasun politikak lantzeko.

Abortuaren kontrarreformarekin batera, emakumeon askatasunaren eta aniztasunaren kontrako eraso gehiago datoz, emakumea emazte-ama fin, otzan eta menpeko bihurtzeko. Familia-eredu tradizionala indartzeko neurriak dira. Ugalketa lagundurako eskubidea bikote heterosexualentzat soilik, haurdun geratzen den emakume oro haurra izatera behartu, norberaren gorputza eta desioak ezagutu eta garatzeko hezkuntza afektibo-sexuala murriztu edo LOMCErekin guztiz ezabatu. Beraz, ezinbestekoa deritzogu, emakumeen partaidetza soziopolitikoa eta elkarte-sarea sustatu, ahalbidetu eta babestea.

Indarkeria sexistaren dimentsioa ezkutatu, garrantzia kenduz, datuak makilatuz (indarkeria sexista gisa kontabilizatuko direlako soilik eraildako emakumeak eta 24 ordutik gora ospitaleratutakoak) eta batzuetan justifikatuz. Erakunde publikoek eta hedabideek horretan duten ardura ez da txikia.

Emakume eta gizon askeak, buru- eta gorputz-jabeak izateko heziketa oso garrantzitsua dela adierazi nahi dugu, horregatik iruditzen zaigu LOMCErekin hezkidetzaren bidean egindako lana ezabatu nahi duela. Espainiako Gobernuak. Berdintasunaren eta hezkidetzaren alde egindako lana alde batera utzi nahi dute. Horregatik, emakumeak eta emakumeen edota feministen mugimendu antolatua funtsezkoak dira hau guztiari irtenbideak bilatzeko.

Hedabideetan ere atzerakada garrantzitsua atzematen da, aktualitateko arazoen inguruko eztabaida eta tertuliatan emakumeon presentzia anekdotikoa da. Horretaz gain, hedabideetako edukiek eta publizitateak estereotipo, rol eta balio sexistak elikatzen eta indartzen dituzte.

Emakumeok subjektu politiko gisa, eskubide osoko herritar gisa onartzetik gero eta urrunago gaude. Egungo krisia emakumeon askatasunen eta berdintasunaren krisia ere bada. Ez orain arte helburuok lortu genituelako baina bai atzerapauso nabarmenak ematen ari garelako.

Egoeraren irakurketak, egoeraz jabetu eta erantzuna pizteko balio izatea nahiko genuke. Elkarri eskua eman eta atzerapausoak identifikatu eta hauei aurre egiteko prestatu behar dugu. Emakumeon arteko sare sendoak finkatzean datza gakoa: esparru sozio-ekonomikoan, kultur arloan, esparru politikoan, erakundeetan. Eta elika ditzagun aliantzak eragile sozial, politiko eta sindikalekin, Euskal Herri euskalduna eta feminista ezkerretik eraikitzeko.

2014ko martxoaren 8an, Zumaiako Udalak Euskal Herri feministaren helburua bere egin eta borroka feminista indartzeko konpromisoa adierazten du. Gure zeregina da mugimendu feminista edota emakumeen mugimendu antolatua sustatu, babestu eta indartzea.

Emakume eta gizon askeen Euskal Herria helburu, bide horretan lan egingo dugu. Jakitun gara jendartea eraldatzeak gure buruak ere eraldatzea esan nahi duela eta, jakitun gara, barne-mailan gauza asko ditugula oraindik lantzeko. Ez gara jendartetik isolatutako erakunde bat eta guk ere ikasi eta landu beharreko alderdi asko ditugu oraindik. Bada, kanpora begira egingo dugun lanaz gain, etxe barruan ere eraldaketa feministaren bidean lan egiteko konpromisoa hartzen dugu.