Bellonen moziorako pleno berezia deitu izanak ika-mika piztu du EAJ eta Gobernuaren artean

Baleike 2014ko ots. 12a, 10:56

Arkaitz Bellon Blancoren heriotzaren harira pleno berezia deitu zuen alkateak astearte iluntzerako. EAJko zinegotziek ez joatea erabaki zuten, ohar bidez azaldu dutenez, Udal Gobernuak plenoaren erabilpen "alderdikoia" egiten duelako. Udal Gobernuak ere ohar bidez kritikatu du jeltzaleen erabakia: "Hau al da EAJk bizikidetzari egiten dion ekarpena?".

Arkaitz Bellon Blancoren heriotza salatzeko mozioa onartu zuen atzo Udalak, ezohiko plenoan. Espetxe politikaren salbuespen egoerarekin behin betirako amaitzeko eskatzen du Udalak, "pertsona guztien giza eskubideen, bakearen eta bizikidetzaren defentsan". Mozioak Bildu eta Aralarren aldeko botoak jaso zituen; PSEk eta EAJk ez zuten parte hartu.

EAJren kritika Udal Gobernuari

EAJk ohar bidez azaldu bere erabakia. Lehenik eta behin, Arkaitz Blancoren heriotza deitoratu eta gertaerak argitzea exijitzen dute, salbuespeneko espetxe politikaren amaitzearekin batera: "EAJk sakon sakonetik deitoratzen du bere heriotza eta gertaera honen inguruko argiketa osoa exijitzen du gure alderdiko ordezkari guztiak exijitu duten bezala; halaber, exijitzen du pertsona ororen giza eskubide guztiak errespetatzea, eta haien errespetuan oinarritzea eta ez inolako salbuespeneko espetxe politikan”.

Hori esanda, Udal Gobernuak plenoa eta korporazioa interes alderdikoien arabera erabiltzen dituela salatu du EAJk: "Trumoiak jotzen duenean edota beraien interes politiko eta ideologikoen interesetarako bakarrik deitzen gaituzte eta, bitartean, zuzenean aztertzea dagozkigun udal gaien aurrean gutxiespena eta mespretxua jasotzen dugu. Kontaezinak dira udal pleno bat baino gehiagotan edota dagozkien batzorde informatiboetan aztertzeko diren udal gaiak, horrela zumaiar ordezkari guztien artean eztabaidatu eta ekarpenak egin ahal izateko. Baina gai hauetarako ez dago ez plenorik, ez ohikoak ezta ezohikoak ere eta alkatetzaren dekretuz onartzen dira, zumaiar zati handi baten ordezkarien iritzia ostuz”.

Udal Gobernua: "Indar metaketa ezinbestekoa da"

Udal Gobernuaren iritziz, gertaeren larritasuna ikusirik, Arkaitz Bellonen heriotza salatzeko gaiak trataera berezi bat merezi zuen: "Aurrez, EAJren ekarpenak jaso edo adostasun batera iristeko bilera ere deitu genuen, eta ez ziren agertu. Plenoa hasteko ordua iritsi zenean ikusi genuen plenora ere, EAJ ez zetorrela. Giza eskubideak, konponbidea, bakea aldarrikatzen ditugun honetan, hau al da EAJren bidea?".

Gatazkaren konponbidean eta espetxe politika eta sakabanaketari bukaera emateko "indar metaketa ezinbestekotzat" jotzen du Udal Gobernuak, eta jeltzaleek hartutako erabakia kritikatu dute: "Azken pleno honetan erakutsi duten jarrerak ez du bide horretan laguntzen. Argi gelditu zaigu EAJk duen konpromisoa nolakoa den gatazkaren konponbidean".

Hau da Udalak onartutako mozioak:

Arkaitz Bellon Blanco elorriarra Cadizko espetxean, bere etxetik 1.100km-ra hilda agertu da otsailaren 5ean. Bere zigorra osorik betetzeko hiru hilabete falta zitzaizkionean. Zigorraren 2/3ak beteta zituen eta beraz aske egoteko baldintzetan.

Heriotza honen aurrean, Zumaiako Udalak bat egiten du Arkaitz Bellon Blancoren familiaren saminean/atsekabean eta bere elkartasuna adierazten dio familiari une latz honetan. Era berean irmoki eskatzen du Arkaitz Bellon Blancoren heriotzaren inguruabarrak berehala argitu daitezela eta familiak informazio guztia ahalik eta arinen izan dezala gardentasun osoz. Horregatik, Zumaiako Udalak bat egiten du familiak eskatutakoarekin.

Zumaiako Udalak pertsona guztien giza eskubideak, bake eta bizikidetza egoera egonkorra defendatzen ditu, eta beraz, espetxe politikaren salbuespen egoerarekin amaitzea aldarrikatzen du:

Egoera hau beti izan bada bidegabea, berau mantentzea erabat zentzugabea eta onartezina bihurtzen da gure herrian zabaldu den errealitate berrian. Arkaitzi gertatutakoa edonori edonoiz gerta dakioke eta ez du gehiago gertatu behar.

Gauzak honela, salbuespeneko espetxe politika honekin eta sakabanaketarekin amaitzea eskatzen dugu, herri honetan gehiengoak aldarrikatzen duenarekin bat eginez. Sakabanaketa eta espetxe politika honekin amaitzeko garaia da.

Horretarako, eskaera hau luzatzeaz batera, inoiz baino beharrezkoagoa ikusten dugu eskubide guztien alde egiten dugunon indarrak bat egitea sufrimenduaren soka luze honekin lehenbailehen amaitzeko.