Montse Arana (EAJ):"2014ra bakarrik mugatzen ez diren egitasmoak adostu behar ditugu"

Baleike 2013ko abe. 28a, 11:07

"Epe motzeko kudeaketatik haratago" begiratu behar dela defenditu du EAJren Zumaiako Udaleko bozeramale den Montse Aranak jarraian irakur dezakezuen prentsa oharrean. Horrela dio:“Zumaiak ezin du epe motzeko kudeaketa eta ikuspegi batengatik geldirik geratu” azaldu du bozeramale jeltzaleak.

EAJ-ren Zumaiako udaleko bozeramalea den Montse Aranak 2014ra mugatzen ez diren eta garatu eta gauzatzeko 2015eko mugatik haratako joango liratekeen egitasmoak, adosteko asmoarekin Bilduko gobernuarekin elkarrizketari ekiteko borondatea berretsi du.

Agintaldia bukatzeko ozta-ozta bi urte geratzen direla gogoratu ondoren, jeltzaleen ustez “gobernuan dagoena egon, hurrengo agintaldietan garatzeko bere denbora beharko duten ideia eta planak oraintxe bertan lantzea ezinbestekoa da; Zumaiak ezin bai du geldirik geratu lau urtetako epe batetatik haratago ez doan epe motzeko kudeaketa eta ikuspegi batengatik” Ildo honetatik Bilduri zorroan epe ertainera ze ekimen dituen galdetu dio.

“Talde jeltzaleak- jarraitu du- 2012ko abenduan “Zumaia suspertzeko proposamenak” izeneko dokumentua proposatu genuen, lau zatitan banatutako (Ekonomia eta lana, gizarte politikak, hirigintza eta zerbitzuak eta elkarbizitza ) 25 ekimen zehatzekin. Urte bete eta gero, oraindik ez dugu erantzunik jaso gobernuaren aldetik” azaldu du.

Aranak azaldu duenez gobernuko taldearen aldetik sumatzen duen “harmena nulua izanda ere”, bere taldeak “zumaiarren bizitza kalitatearen onurarako” ekarpenak egiten jarraituko duela. Ildo honetatik azpimarratu du “Zumaiako sarrera-irteerei buruzko hausnarketa sakon baten beharra mahai gainean jartzeko garaia dela. Seriotasunez, ikuspegi integral batekin eta epe luzetara, Udaletxe guztiaren partaidetzarekin egiteko hausnarketa, alegia. Etxezarreta, Axular, eta Zubi txikia kaleen etorkizunerako proiekzioa landu beharra dago eta baita ere Eusebio Gurrutxaga eta Zuloaga plazen inguruaren berrantolaketarena ere”

Bukatzeko alkateari apenas egun batzuk geratzen direla urtea bukatzeko gogoratu dio eta “ardura eta kudeaketa on baten adibidea” izango litzatekeela 2014rako aurrekontuaren zirriborroa aurkeztea “horrela zumaiar guztien ordezkariek denborarekin aztertu ahal izateko eta udaletxeak duen lanerako dokumentu garrantzitsuena denari egokiak deritzogun proposamenak egin eta defendatzeko”.