"Emakumeen burujabetza ekonomikotik erabateko berdintasuna lortzea da helburua"

Baleike 2013ko urr. 17a, 17:33

Burkina Fasotik etorri da Sophie Sedgho, Boliviatik Karina Diaz eta El Salvadortik Mariana Moisa. Zumaian antolatu diren munduko emakume baserritarren topaketan ari dira parte hartzen. Errealitate oso ezberdinetatik datoz, baina emakumeen burujabetza ekonomikoa da hiruren borroka. Euren herrialdean dauzkaten arazoak eta martxan jarri dituzten ekimenak kontatzeko eskatu diegu.

Sophie Sedgho (Burkina Faso)

Emakume nekazariei burujabe izaten laguntzeko ekimenak garatzen ditu Sophie Dedghok Burkina Fason, Haurralde Fundazioarekin elkarlanean. Zumaiako topaketan entzun dituen kontakizunengatik, ohartu da emakume nekazariek arazoak dauzkatela mundu osoan, baina errealitate oso ezberdina bizi dutela Afrikan. "Burkina Fason, emakumeen %85 alfabetatu gabea da. Beraz, burujabetzara iristeko lehen urratsa alfabetatzea da. Ondoren, informazioa eta heziketa; gero, emakumeei ulertarazi behar zaizkie bere eskubideak eta eragin egin behar da onar ditzaten. Gauza bat baita zure eskubideak ezagutzea eta beste bat onartzea. Burkina Fason tradizioaren pisua ikaragarria da emakumearen bizitzarengan. Adibidez, bortizkeria pairatu duen emakumeak sarritan ez du erasotzailea salatu nahi, gizarteak berarengan eragiten duen presioagatik".

Heziketa lanarekin batera, emakumeen burujabetza ekonomikoan urratsak egiteko proiektua ere martxan dauka Sophiek: La Saisonniereko baratzea. "Legearen arabera, Burkina Fasoko laborantza lurrak estatuarenak dira, baina errealitatean usadioan oinarritua kudeatzen dira. Eta usadioak dio emakumeak ez duela lurra beretzat lantzeko eskubiderik. Bere senarrarentzat egin behar du lan. Egoera hori iraultzeko, emakumeek beraientzat landutako baratze komunitarioa sortu dugu. Han ekoiztutakoarekin familia elikatzeaz gain, soberakinekin dirua eskuratzen dute. Eta diru hori erabiltzen dute alabak eskolara bidaltzeko, arropa erosteko... Izan ere, Burkina Fason, semeen eskolaratzea lehenesten da. Ekimen honi esker, alabek ere aukera berberak izan ditzakete".

Karina Diaz (Bolivia)

Karina Diaz zinegotzia da Boliviako Tarija departamentuako herri txiki batean. Azken urteotan emakumeak indar handia hartu du plaza publikoan. "Gaur egun, gure udalean zinegotzi gehienak emakumeak gara" dio Diazek. Tradizioz emakumeak ez du inolako aukerarik izan etxe zulotik irten ere bizitza publikoan parte hartzeko. "Etxeko lanak eta seme-alabak izan dira bere ardurak". Azken urteotan ahalegin handia ari dira egiten erakundeetatik egoera hori iraultzeko, baina oraindik zailtasun handiak aurkitzen dituzte. "Oraindik tabua da emakumea bere etxetik ateratzea. Guk eskubideak erakusten dizkiegu eta Bolivian gaur egun indarrean dauden legeen berri ematen diegu".

Esate baterako, lan handia egin behar izan dute nekazaritza eremuetako emakumeen osasuna hobetzeko. "Nekazaritza eremuetan emakumeek oraindik ez diote mediku gizonezkoei ukitzen ere uzten. Uteroko edo bularreko minbizia, edo sexu harremanen bidez kutsatutako gaixotasunak pairatzen dituztenean sorginduak izan direla sinesten dute oraindik. Sineskeria horiek oso zabalduta daude. Gu lan egiten ari gara emakume horiek uler dezaten ez dela sorginkeria kontua, gaixotasunak direla eta sendabidea dutela. Gure lanak eragin handia izan du, eta orain, zorionez, elkarte gehiago sortu dira norabide berean lan egiteko. Lehen inori ez zitzaion axola emakumeak hiltzea; orain minbiziaren kontrako borroka bandera politikoa bihurtu da".

Horrez gain, emakumeei antolatzen lagundu diete, burujabetza ekonomikoaren bidean urratsak egin ditzaten. "Liderrak formatzea izan da emakumea etxetik atera eta plaza publikoan bere lekua hartzeko estrategia izan da lehenik. Ondoren, lider horiek arduratu dira inguruko beste emakumeak formatzeaz. Guk elkartzen laguntzen diegu eta baliabideak ematen dizkiegu produkzioak martxan jartzeko: oiloak arrautzak produzitzeko, landareak baratzeak sortzeko. Ohartu dira antolatuz gero soberakinak lor daitezkeela eta salmentatik dirua lor daitekeela".

Mairana Moisa (El Salvador)

Colectiva Feminista mugimenduko kidea da Mariana Moisa. Emakume kolektiboen sareak sortzea da beraiek aukeratutako bidea: "Guk sinesten dugu emakumeen burujabetza saretzetik etorriko dela. Antolatzeko modu berriak landu nahi ditugu, bestearen larruan jartzeko daukagun gaitasunetik abiatuta. Ingurukoei gertatzen ari zaienaz jabetzea oso garrantzitsua da, horrek elkarlana eta konplizitateak sortzen dituelako emakumeen artean. Eta hortik abiatuta, lanketa guztiak sarean egiten ditugu. Emakumeok eguneroko bizitzan dauzkagun kezkak partekatzen ditugu eta hortik sortzen dira aldarrikapen amankomunak. Burujabetza ekonomikoaren bidetik erabateko berdintasuna da, azken finean, gure helburua".

Aldarrikapenen artean dago abortoaren legea aldatzea. "El Salvadorren debekaturik dago abortatzea. Ondorio oso larriak dauzka, batez ere emakume pobreengan. Gaur egun emakumeak daude kartzelan abortatzeagatik, 30-40 urteko zigorrekin. Baina soilik pobreak dira egoera hori sufritzen dutenak, osasun sistema publikora jotzen dutenean salatu egiten dituztelako. Ospitale pribatuetan ez dago salaketarik. Gainera, errugabetasun presuntzioa ukatu egiten zaie. Nahikoa da medikuak susmoa izatea, salatu, erietxeko ohean bertan atxilotu eta kartzelara sartzeko. Oso egoera larria iruditzen zaigu".

Emakumeen burujabetza ekonomikoa sustatzeko ere sarean egiten dute lan: "El Salvadorko hainbat herritan emakume taldeak daude lanean, batzuek eskulanak egiten dituzte, beste batzuek arropak… Produzitzen dutena merkaturatzeko sare bat osatu dute. Horrela, produktu guztiak hiriburuan daukaten dendara eramaten dituzte eta gero handik saltzen dira gaiak. Horrela ez dute batera eta bestera bakarka ibili beharrik gaiak saltzen, eta askoz errentagarriagoa ateratzen zaie lan hori sarean partekatuta. Sare horiek alternatiba egokia dira kolektiboaren bizi kalitatea hobetzeko, eta gaur egungo sistema indibidualistaren aurre egiteko bidea da".