Herrira-ren kontrako operazioan atxilotutakoak askatzeko eskatu dute manifestazioan

Baleike 2013ko urr. 1a, 09:39

Herrira mugimenduaren kontrako operazioan atxilotutako Nagore Garcia zumaiarra eta beste 17 lagunak askatzeko eskatu zuten atzo iluntzean herriko kaleetan zehar egindako manifestazioan. Protesta ekintzek segida izango dute datozen egunetan. Gaur bertan, elkarretaratzea deitu dute magnoliopean, 19:30ean. Atxilotuak Madrilera eraman dituzte, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Eloy Velasco epailearen aurrean deklaratzera. ETAko kide izatea, erakundea finantzatzea eta terrorismoa goratzea leporatzen die epaileak.

Larunbateko manifestaziora joateko autobusa

Udal Gobernua: "Giza eskubideen defentsan aritzea ez da delitu"

Nagore Garcia atxilotu dute Herrira-ren kontrako operazioan

Nagore Garcia atzo goizean atxilotu zuten, Herrirak Hernanin duen egoitzak, beste hamar lagunekin batera. Guardia Zibilak 13 orduz eduki zituzten bertan, miaketa egin bitartean. Gauean, egoitzatik eskuburdinak jarrita atera eta Madrilera eraman zituzten. Ateakireki.com webguneak zabaldutako bideo honen hasieran ikus daiteke Nagore ateratzen duten unea, ondorengo tentsio uneak eta Ertzaintzaren kargak. Berria.info-k kontatzen duenez, aurreko atetik atera zituzten bera eta Jon Garai —gainontzekoak alboko ate batetik–, eta une horretan tentsioak gora egin eta Ertzaintza kargatzen hasi zen, bai porraz eta bai gomazko pilotez. Hernaniko plaza berriko inguruko kaleetan kargak eta korrikaldiak izan ziren bitartean —zaurituak ere izan ziren tartean—, guardia zibilek egoitzako atea itxi zuten tabla handiak taladroarekin josiz.