Igandean denok Kontxara!

Baleike 2013ko ira. 6a, 13:09

26 urte joan dira Zumaiak Kontxako Bandera azkenengoz astindu zuenetik. Urte asko dira, inondik ere. 80ko hamarkada hartako Telmo Deun mitikoa bilakatu da ia-ia zumaiarron oroimen kolektiboan: "1983an lapurtu ziguten Kontxa", "1984an bandera denak irabazi zituen koadrila hura", "1987an bigarren Kontxa". Bada, 26 urte eta gero, 80ko hamarkadako Telmo Deun handiari lekukoa hartzeko prest dago Zumaia Salegiko neska koadrila. Denboraldi zoragarria osatu dute, ia bandera guztiak irabaziz; eta orain, Zumaiara Kontxako hirugarrena ekartzeko azken urratsa baino ez zaie falta (igandean, 11:00etan). Beraz, igandean denok Kontxara! Merezi dutelako. Merezi dugulako.

Bandera irabazi edo ez, igande arratsaldean harrera egingo zaie arraunlariei, 19:00etatik aurrera, Zubitxikian hasita. Denboraldian irabazitako bandera guztiak aterako dituzte eta Kofradian egingo da ekitaldia.

Bestalde, San Miguel ligako kanporaketan Zumaia animatzeko autobusak jarri ditu Zumaiako Arraun Elkarteak. Irailaren 14an Bermeon da lehen jardunaldia, eta igandean, hurrengo egunean, Portugaleten. Bidaia bakoitzeko 10 euro ordaindu beharko da, eta izena emateko bi leku daude: Algorri taberna eta Idoia ardotegia.

Irteera orduak, hauek: larunbatean, 15:30. Igandean, 09:30ean. Moillako autobus irteeratik, Txomin Agirre kalean.