"Makila badaukagu, orain trapua falta da"

Baleike 2013ko ira. 1a, 20:48

Kontxako Bandera irabazteko hiru urrats egin behar izaten dira: sailkatu eta bi igandeetan estropada borobila egin. Zumaiak lehen biak egin ditu, urte osoko nagusitasunaren bidetik. Gaur Hibaikari 11 segundo atera dizkio eta dagoeneko eskura ikusten dute arraun munduko saririk potoloena. 1984an eta 1987an Telmo Deun mitikoak lortutako bi bandera haietatik 26 urte pasa eta gero emakumeek ekarriko dute hirugarrena, oker handirik ez bada. "Makila badaukagu, orain trapua falta", esan digu Libana Taboada arraunlariak. Datorren igandean joango gara bila (11:00etan). Hemen gaurko egunak eman duenaren kronika eta argazki bilduma, protagonisten adierazpenak entzuteko aukerarekin.

Sailkatze estropadako kronika eta argazkiak

Neska koadrila honek behin baino gehiagotan egin du amets Kontxako Banderarekin. Eskura zutela ere egin zuten amets iaz. Ihes egin, ordea. Baina eskarmentua ez da alferrikoa izan. Euskotren Ligan hasieratik amaierara nagusi izan ondoren begi guztiak gainean izan dituzte Kontxarako. Zumaia faborito bakarra. Harri astuna da hori taldea egin gabe badago. Baina da ez kasua. Aurten ez. Taldea zaildu egin da, buruarekin ere lan egiten ikasi dute, nerbioei eusten, estropadaren gorabeherak menperatzen. "Hasieran antsietate puntu bat izan dugu, baina burua hotz eduki dugu eta buelta emateko gauza izan gara", esan digu Leire Antiak arranplan, lanak amaitu ondoren. "Kontxan normala da hasieran antsietate pixka bat izatea", osatu du Libana Taboadak. "Baina taldeak hankak lurrean dauzka, buruarekin badakigu noiz egin behar den lan eta hala egin dugu".

Izan ere, lehen luzean Hibaikak hartu du estropada burua, bigarren kaletik abiatuta. Zumaia laugarrenetik abiatu da –Mecos lehen kaletik eta San Juan hirugarrenetik–, kanporantz lanetarako eskasagoa. Kike Manterola entrenatzaileak azaldu digu: "Haizeak iparretik jotzen zuen gaur eta joaneko lanerako egokiagoa zen bigarrena, babes gehiago duelako. Horregatik, lehen luzean gerra eman digute. Baina ondo eutsi diegu. Arraunketatik ez gara atera, betiko 36-37 paladatan ibili gara. Hiru segundo atzetik joan garenean ere eutsi egin diogu gure arraunkerari". Ziabogara hiru segundo aurretik iritsi da Hibaika, baina estropada erabat irauli da barruranzko lanak hasi bezain pronto. Zumaiak estropada hautsi du. "Ziaboga egin, lehen olatua hartu eta estropada txikitzera joan gara, eta lortu dugu", azaldu digu Kike Manterolak. Tartea erraz egin dugu. Estropada ona egin dugu". [pullquote]Ziaboga egin, lehen olatua hartu eta estropada txikitzera joan gara, eta lortu dugu[/pullquote]

Bigarren iganderako alde ederra lortu duten arren, ez dute gehiegizko konfiantzarik nahi. "Makila badaukagu, orain trapua falta da", bota du Libanak. "Makila eskuan bai, baina makilarekin bakarrik ez gara konformatzen; biak behar dira, makila eta trapua", jarraitu Kikek. Eta osoa eskutan izan arte ez dute burua galduko. "Aste honetan lan egiten jarraitu behar da, gehiegi konfiatu gabe, datorren igandean berriro gauzak ondo egiteko. Akats bat egiten badugu gainean izango ditugu. Berriro irabaztera atera behar da", dio entrenatzaileak. Arraunlariak ere bat datoz, baina Libanak nahiago luke bigarren estropada bihar bertan jokatuko balitz: "Aste osoa egin beharko dugu zain... Poz handia ematen du hemen [Donostiako arranplan] zumaiarrak ikustea; ea datorren igandean oraindik ere jende gehiago animatzen den". Leire Antiak ere eskertu nahi izan du jarraitzaileen babesa: "Arranpla nola dagoen ikusten duzu eta urduriago jartzen zara... Dena horren azkar pasatzen da, sinestea ere kostatzen dela". [pullquote]Makila eskuan bai, baina makilarekin bakarrik ez gara konformatzen; biak behar dira, makila eta trapua[/pullquote]

Hibaika aurkari

Banderarako Hibaika ikusten du aurkari Kike Manterolak . "Hibaika gora dator, Zarautzen ere ikusi genuen. Lehen luzean eutsi egiten digute, arraunkada erritmo altuagoan ibiltzen dira. San Juan, berriz, badirudi jaitsi egin dela. Eta Galizia ez da aurreko urteetakoa, bestela gainean ibiliko zen. Denboretan lehengo urtekoa baino bi segundo eskasagoa egin dugu, eta orduan eguraldi txarragoa zegoen. Gaur Galizia 25 segundora iritsi da; pentsa...".

Gizonezkoetan, Urdaibai eta Hondarribia

Gizonezkoen estropadan Urdabai eta Hondarribia izan dira lehen igandako irabazleak. Urdaibaik egin du denborari onena lehen txandan, Orioren aurretik. Bigarrenean Kaikuk eta Portugaletek ez dute esperotako maila eman eta Hondarribiak estropada bikaina egin du. Bigarren iganderako, Urdaibai, Hondarribia, Orio eta Kaiku sailkatu dira ohorezko txandarako. Urdaibaik hiru segundoko aldea du Hondarribiarekiko, seikoa Oriorekiko eta 13koa Kaikurekiko.

Sailkapenak

Emakumezkoak

1. Zumaia 10:37,16

2. Hibaika +0:11

3. San Juan +0:18

4. Mecos + 0:25

Gizonezkoak

1. Urdaibai 19:17,14

2. Hondarribia 19:20,54

3. Orio 19:23,26

4. Kaiku 19:30,84

5. San Pedro 19:33,68

6. Portugalete 19:37,12

7. Tiran 19:55,54

8. Donostiarra 20:20,20