Odriozolak eta Iribarrek irabazi dute Itzurungo pilota txapelketa

Baleike 2013ko abu. 26a, 11:03

Mikel Odriozolak eta Gorka Iribarrek 22-18 irabazi diote finalean Aitzol Olidenek eta Endika Martinek osatutako bikoteari. Hirugarren posturako lehian Alkorta eta Egaña nagusitu dira, 22-17, Zuazobide eta Alberdiren aurka. Bestalde, ostegunean jokatuko dira Dinastia Etxabe txapelketako finalak. Hemen dauzkazue Jexux Iribar Olalde-k bi txapelketen inguruan bidali dizkigun kronika mamitsuak.Itzurungo Txapelketa

Hirugarren posturako norgehiagokan Julen Alkorta eta Unai Egañak lehengusuek 15. zenbakian lortu zuten berdintzea markagailua eta azken zati on bat eginez irabazi ere bai Luis Mari Alberdi eta Imanol Zuazobide beteranoei. Gazteek ez zuten etsi eta ondo merezita eskuratu zituzten hirugarren sariak.

Txapela jokatu zutenen arteko norgehiagokak aurrekoak baino buelta haundiagoa izan zuen markagailuan. Nahiz eta jokoan horrelako diferentzirik ez nabaritu, 12 eta 4 aurreratu ziren gerriko gorridun Aitzol Oliden eta Endika Martin. Atzetik zihoazenek, ordea, ez zuten etsi eta gogor jarraitu zuten pilotan, 17. zenbakian berdintzea lortuaz markagailua. Partida luzea eta gogorra zihoalarik, nekea eta gainontzeko gorabeheren eraginez, pixka bat behera erori zen gerriko gorridunen jokoa eta gerriko urdindunak ordurarte erakutsitakoarekin jarraituz 22ra iritsi. Partida ona jokatu zuten lau pilotariak eta tanto eder asko eskeini ere bai, gogotsu eta esker onez txalotuak izan zirenak, bide batez esanda, norgehiagokaren martxa arreta haundiz jarraitu zuen pilotazale ugariaren aldetik.

Ohiko sari banaketarekin eman zitzaion amaiera aurtengo jardunaldiari, VIII.garrena hain zuzen. Amaitzeko eta hausnarketa modura bi aipamen garrantzitsu:

-Bat, pilotari gazteen parte hartzea. Aurten gorakada haundia izan da,16 urteko 5 gaztek hartu dutelarik parte, eta ezinbestekoa ikusten da hauen parte hartzea txapelketak aurrera egin nahi badu etorkizunean. Gure gonbitea beraz adin txikitan esku pilotan aritutako gazte horiei.

-Eta bi, oso txapelketa polita izan dela aurtengoa ere, eta pilotazaleok eskertzen degula pilotarien parte hartzea, zuriz jantzita dakitena egiten erakusteagatik, kokagune polit horretan eta euskaldunok hain gustoko eta maitea degun kirol honetan.

Dinastia Etxabe

Ostegunean, abuztuak 29, jokatuko dira Dinastia Etxabe txapelketako finalak Zestoako pilotalekuan. Hauek dira finalistak: jubenilen mailan Etxebarria eta Iruretagoiena, Ugalde eta Xanet Imazen aurka; eta maila nagusian Arrieta eta Ander Imaz, Urretabizkaia eta Aizpitarteren aurka.

Joan den osteguneko azken finalaurrekoetan, jubenilen mailan Errandonea-Agirre bikotea kanporatu zuten Ugaldek eta Xanet Imazek, 22-16. Partidako ekimena Andoni Ugalde oiartzuarraren aldetik etorri zen, baina ez dena ongi egin zuelako. Hamaika tanto egindakoak eta bederatzi pilota galdutakoak, baina hauetako bost erasoan. Klase haundiko pilotaria da eta tanto ikuskagarriak egin zituen, ezker gantxoz 1, eta ezker airez baina hormaren kontra luzatuz beste 2. Hauez gain eskubitik eskubira sakez eginiko 1, txapa gainez baztarrera eskubiz jota 2, txokoan utzita 1, zabalean dejadaz beste 1 eta atzera luze joaz 3. Defentsa lanetan ondo ibili zen eta aurkariaren joko erasokorrari ondo egin zion aurre.

Xanet Imaz Segurako atzelariak, nahiz eta 6 pilota galdu, agintzen jakin zuela esan behar atzeko koadroetan eta partidaren azken zatian garbi nagusitu ere bai, aurrelari bikotekideari tantoa egiteko aukera oneko pilotak jarriaraziz. Atzera luze jotako pilotakada batekin tanto bat ere egin zuen.

Galtzaileen aldetik esan behar zuten guztia eman zutela eta Errandonea gaztearen lana azpimarratu behar batik bat. Ugalderi aurre egin zion partidaren lehenengo unetik hasita, bere atzelariak partidari eusten jakin zuen arte, honi ere lagunduaz sake errestoan airez, sotamanoz eta botera ere bai 5. koadroraino joanda, bai ezker eta bai eskubiz. Saiatu zen errematatzen ere, baina Ugaldek ondo erantzun zion gehienetan eta 2 tanto bakarrik lortu zuen egitea. Bainan nahiz eta tanto gutxi egin zuen, eman egiten dio pilotari eta horrexegatik ere bai atzo Ugaldek hainbeste pilota galdu izana behar bada erasoan, errematatzeko pilota onak ziruditenak ere bazutelako, ikusten ez den bainan nabaritu beharreko zailtasuna. Orokorrean partida ona jokatu zuela esan behar, eta kontuan izanik bere adina eta noren kontra jokatzen ari zen, joku maila ona atzo ere Anderrek erakutsitakoa.

Maila nagusian, Urretabizkaiak eta Aizpitartek 22-15 irabazi zioten Santxo eta Lasari. Partidak intensitate eta bizitasun haundiko hasiera izan zuen, 4 eta 4, 5 eta 8 eta 6 eta 10 jarri zelarik aurretik markagailuan Urretabizkaia-Azpitarte, gerriko urdineko bikotea. Hamazazpiarren tanto gogorra jokoan, eta 4 pilotariak heuren lekuetatik kanpo zebiltzala, Aizpitarte atzelariak aurrean tanto egin nahian txapapera botatako pilota bat galdu ondoren bikote gerriko gorridunak sakea berreskuratzea lortu zuen. Santxoren merituz batik bat, zital atereaz sakeak, hurreratu ziren markagailuan tanto bakarrera, 9 eta 10. Ondoren 9 eta 12 aurreratu berriro garaileak eta 12. zenbakian bigarren berdinketa. Hurrengo sei tantoak luzeak eta gogorrak izan ziren, batez ere atzelarientzat, bikote bakoitzak hiru egin zituelarik eta 15ean berdinduak jarri berriro markagailuan. Baina hemendik aurrerakoa desberdina izan zen, bikote batek jarraitu egin zion bitartean ordurarteko martxari, bestea behera etorri zen eta 15tetik 22ra zuzenean joan ziren garaileak. Urretabizkaia, Aizpitartek ondo lagunduta, nabarmendu zen partidaren azken zati honetan pilotakada ederrak bidaliaz atzeko koadroetara eta aurrean ere ondo amaituz tantoak.