Gizonezko bat atxilotu dute Jadarren gazteen lokaletan eta zenbait dendatan lapurretak egiteagatik

Baleike 2013ko abu. 5a, 21:56

Azken hilabeteetan gazteak biltzen diren lokaletan eta herriko zenbait dendatan lapurretak egiteagatik gizonezko bat atxilotu du Ertzaintzak gaur arratsaldean Jadarre auzoan. Etxebizitzan ustez lapurtutako telebistak, ordenagailuak, bideokoak, bizikletak eta hainbat gai gehiago aurkitu dituzten. Atxilotua Zarauzko polizia-etxera eraman dute eta autoan sartzerakoan mehatxuak luzatu ditu.

Hilabete hauetan hainbat lapurreta egin dira gazteek beraien aisialdirako erabiltzen dituzten lokaletan. Herriko zenbait dendatan ere izan dira lapurretak. Azken lapurretak asteburu honetan bertan gertatu dira: larunbatean Etxezarreta kaleko denda batean eta gaur gauean bertan lokal batean.

“Gaiak garraiatzeko Citroen markako auto bat erabili zela jakin dugu. Auto hori Jadarren aurkitu dugu eta barruan gure lokalekoak ziren zenbait gai topatu ditugu”, aipatu digu lokal horretako erabiltzaile batek.

Albistea jakin bezain pronto gazte talde handi bat bertaratu da Jadarrera. Giroa bero-bero eginda zegoen. "Lapurreta asko izan dira azken hilabeteetan. Salaketak egin baditugu ere, ertzainek ez dute orain arte ezer egin. Jakin dugu, gainera, atxilotua izan den honek hogeitik gora salaketa zituela".

“Talde hau atxilotuaren etxera joan da ate joka. Iskanbila entzutean, atariko bizilagun batek ertzainei deitu die”, zioen lekuko batek. Ertzainek hainbat gai aurkitu dituzte etxebizitza horretan nahikoa lan izan dutela furgoneta eta ibilgailuetan sartzeko. “Media Markt erdia zegoen etxebizitza horretan!”.

Bere lokalean lapurreta jasan duen gazte batek azaldu digutenez, atxilotuak 15-16 urte inguruko mutil-koskorrak erabiltzen zituen lapurretak egiteko.

Gaueko 9ak aldera atera dute atxilotua, eskumuturrekin, polizia-etxera bidean. Autoan sartzerakoan mehatxuak luzatu ditu: “Flipatuko duzue egingo dudanarekin, hil egingo dut, zin egiten dut!”.