Goitibehera lasterketa egingo da abuztuaren 17an, Koadrilen Egunean

Baleike 2013ko uzt. 30a, 08:57

Urteak dira Zumaian ez dela goitibehera lasterketarik egiten eta zaletasuna berreskuratzeko saioa egingo dute aurten Koadrilen Egunean, abuztuaren 17an. Jaitsiera goizeko 9:00etan hasiko da. Irteera Santa Klara azpitik egingo dute eta helmuga martindarren etxe pareko bihurgunea pasa bezain pronto jarriko dute.Goitibeherak bakoitzak nahi bezala egin ahal izango dira, baina guztiek izan beharko dituzte galgak. Hala dela ziurtatzeko, kontrola egingo da goizeko 8:00etan Beheko plazan. Gainera, nahi adina jende joan ahal izango da ibilgailuan. Hori bai, 16 urtetik gorakoak. 16 eta 18 urte artekoek gurasoen baimena beharko dute. Izenak Metro, Justa eta Itxaso tabernetan eman ahal izango dira –epea zabalik dago–, edo egunean bertan.

Goitibehera bakoitzeko bost euro ordainduko dira, sariak ordaindu ahal izateko. Sari ugari izango dira, baina bereziki errodamenduekin egindako goitibeherak sarituko dira, antolatzaileek haiek bultzatzea baitute helburu.