Hiru bandera jokatuko dira asteburuan Zumaian

Baleike 2013ko uzt. 24a, 13:40

Euskotren eta San Miguel Ligetako estropadez gain (igandean, 12:00etan), beteranoen arteko lehen bandera jokatuko da larunbat arratsaldean.

Arraunzaleek hitzordu garrantzitsua dute igandean Zumaian, Euskotren eta San Miguel ligetako estropadak jokatuko baitira, eguerditik aurrera. Zumaia Salegiko neskek aukera ona dute behingoz etxeko bandera irabazteko, aurten jokatutako estropada guztiak irabazi dituzte eta. Mutilei dagokienez, joan den asteburuko bi estropadetan erakutsitako hobekuntzaren bidetik jarraitu eta herriaren aurrean emaitza ona lortzea dute helburu.

Baina, ohiko bi banderez gain, aurten hirugarren bat ere izango da, beteranoen mailakoa. "Zumaiako betereanoak aurten sortu berri dute taldetxoa eta aukera sortu da estropada bat antolatzeko", azaldu du arraun elkarteko komunikazio arduradun Aitor Manterolak. Larunbatean jokatuko da, 16:30ean. Zortzi ontzik hartuko dute parte, bi txandatan banatuta: Lutxana-Deustu, Sestao, Fortuna-Donosti, Zarautz eta Zumaia lehen txandan; Arkote, Getxo, Tiran eta Zierbena bigarrenean.

Tirango beteranoek Euskal Herrian asteburu pasa egiteko plana zeukaten eta bidaia aprobetxatuko dute estropadan parte hartzeko, Urdaibaik utzitako traineruarekin. "Beteranoen taldea sortu da, batik bat, herrian arrauna zabaltzeko. Alde batetik, lehen ibilitako arraunlariak bildu dira, baina badago inoiz ibili gabekoa ere. Arraunean sekula ibili ez baina probatu nahi duenak ateak zabalik ditu; arraunarekin gozatzea da helburua", esan du arraun elkarteko presidente Luis Osak. Horrez gain, estropada antolatzeko jasotako laguntza eskertu du. "Udalari, udal langileei, txalupazaleei eta beste hainbat boluntariori eskerrak eman behar dizkiegu, haien laguntzarik gabe ezingo genituzkeelako estropadak antolatu".

IƱaki Agirrezabalaga alkateak nabarmendu du estropada hauek oso garrantzitsuak direla herriaren irudia zabaltzeko: "Zumaia TKEn egotea oso garrantzitsua da. Estropada hauek telebistaz ematen dira eta horrek gure herriaren irudia zabaltzen laguntzen du. Gainera, uda betean egokitzen da gure estropada eta jende asko etortzen da kanpotik, giro ederra izaten da herrian eta hori ere eskertzekoa da".