Ontziolei elkartasuna adierazteko mozioa ahobatez onartu du Plenoak

Baleike 2013ko uzt. 12a, 08:21

Zumaiako Udalaren ez ohiko plenoa egin zen ostegun arratsaldean. Puntu bakarra zuen gai-ordenak: EAJ-PNVren udal taldeak ontziolei elkartasuna adierazteko mozioa. Idatzi honi ekarpen batzuk egin zizkion Bilduren udal taldeak, eta hura izan zen bozkatu zena; ez zen eztabaidarik izan eta ahobatez izan zen onartua.

Zergatik daude ontziolak kinka larrian? Diru laguntzen auzia ulertzeko giltzak

Mozioak hiru puntu hauek jasotzen ditu:

1. Astilleros Balenciagako langileei eta administrariei, hala nola ere inguruan lan egiten duten enpresetakoei ere elkartasuna eta babesa adieraztea.

2. Industria edo fiskalitatean ardurak dituzten erakundeei, alegia Espainiako estatuari, Eusko Jaurlaritzari eta Foru Aldundiei erabaki proposamena gauzatu ez dadin beren esku dagoen guztia egiten jarrai dezatela eskatzea.

3. Dei egiten diogu Europako Batzordeari ontziolak itxi eta milaka langile langabeziara eraman ordez, ontzigintza sektorearen garapen iraunkorraren alde egiten ahalegindu eta ontzigintza europarra sektore estrategiko gisa defendatzea.

Ez ohiko Pleno hau Bruselan egin zen bileraren emaitzak espero bezain onak ez zirela jakin ondoren egin zen. EAJ-PNVko zinegotzi Edurne EgaƱak azaldu zuenez, "mozioa erretiratzeko argudioekin etorri gara, baina badirudi gaizki atera dela bilera Bruselan, eta mozioak oraindik indarrean jarraitzen du". Horrez gain, uztailaren 17an egingo den bileraren emaitza diru-laguntzak ez itzultzea izatea espero duela gaineratu zuen. "Badirudi ez zaiela ontziolei dirurik eskatuko, baizik eta finantziazioa eman zutenei. Baina horrek ondorioak izango ditu ontzioletan finantziazio bila joango direnean".