Euskadi 3. izan da Espainiako Eskubaloi Txapelketan

Baleike 2013ko uzt. 1a, 10:43

Txapelketa paregabea osatu dute Euskal selekzioa osatu duten kadete mailako mutilek. Final erdietan Kataluniako taldea izan zuten aurkari eta partida oso lehiatua izan bazen ere, azkenean ezin izan zuten irabazi. Hori dela eta, larunbatean, hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko partida jokatu zuten Madrileko selekzioaren aurka.

Kataluniarrekin gertatu zen bezala, partida hau ere ez zen samurra izan. Bi talderen arteko parekotasuna nabarmena izan zen hasieratik eta brontzezko domina lortzeko gogoa aldiz, izugarrizkoa. Momentu batzuetan madrildarrak gol bat aurretik jartzen ziren markagailuan, ondoren euskaldunak ziren aurretik ipintzen zirenak. Hala, lehen zatia 18 goleko berdinketarekin amaitu zen.

Bigarren zatian gauzak paretsu hasi baziren ere, azkar samar euskaldunak abantaila hartzen hasi ziren eta 22-29ko emaitza izatera iritsi ziren. Handik amaierara arte, gol diferentzia bermatzea lortu eta azkenean, 30-37 amaitu zuten.

Pulpoko sei jokarik hartu dute parte txapelketa honetan eta guztien lana goraipatzekoa izan bada ere, Kauldi Odriozolak egin duena nabarmentzekoa da. Txapelketako jokalaririk garrantzitsuenetakoa izan da, eta datuek ere hala berresten dute. Guztira 54 gol sartu ditu, txapelketa osoko hirugarren goleatzaile nagusia bihurtuz. Honek saria ere badu jakina, eta Espainiako selekziotik deitua izan da uztailean zehar Portugalen jokatuko dituzten lagunarteko partidetarako. Baina albiste onak ez dira hor amaitzen. Ander Olaizola ere, lehenengo aldiz, Espainiako taldetik deitua izan da Sorian egingo duten astebeteko kontzentraziorako.

Baina Pulpoko harrobiaren lana hor ez da bukatzen. Txikienek ere bere maila onaren seinale, Euskadiko selekziorako deituak izan dira orain udaran jokatuko duten infantil mailako txapelketa baterako. Asturiasera bidaiatuko dutenak Ioritz Manterola, Sara Torriko eta Itziar Alzibar izango dira.