Lehiatzeko prest dira Zumaiako Arraun Elkarteko bi traineruak

Baleike 2013ko eka. 3a, 15:28

Igande goizean egin zuten 2013 denboraldiko traineruen aurkezpena Zumaiako Arraun Elkarteko kideek. Traineru nagusiek hartzen badute ere udaran zehar garrantzia, harrobiko taldeek ere orain arte egindako lana erakutsi zuten herritarren aurrean. 

Etxekoekin lan egiten duen elkartea dugu Zumaiakoa. Ikusi besterik ez dago maila gazteenetan burutzen duten lana. Negu gogorrean, kondizio onenak ez izanik ere, hor ibili dira estropadaz estropada beheko mailetako arraunlariei kirolaren esentzia erakusten eta etorkizunerako gogoa pizten. Hala, infantil-kadete mailako neskak eta infantil, kadete eta jubenil mailako mutilek beraien denboraldia amaitu dute. Lan polita eta emaitza onak lortu dituzte, eta orain atsedena hartzeko aukera izango dute.

Erreleboa talde nagusiek hartuko dute; emakumezkoek nahiz gizonezkoek. Iaz Euskotren ligako txapeldun izan ziren Zumaiako neskak. Hori dela eta, aurten ligan parte hartzeko txartela ziurtaturik dute. Uztailaren 13an izango dute lehenengo estropada Pedreñan. Asteburu bat lehenago aldiz, Gipuzkoako traineru ligari ekingo diote.

Kike Manterola dute berriro ere entrenatzaile eta bere hitzetan, “nahiz eta Galiziarrak eta Getaria-Tolosako taldeak aurten ez parte hartu, kontuz ibili beharra daukagu. Beste aurkariak ere gogorrak dira eta ezin gara konfiantzarekin atera”.

Gizonezkoen kasuan, iaz play-off-ak jokatu ostean, beste urtebetez TKE ligan parte hartzeko aukera ziurtatu zuten. Aurten, berrikuntza gisa, “platanitoa” deitzen duten trainerua ekarri dute hainbat herritar, elkarte, denda eta babesleri esker. Xanti Zabaletak, gizonezkoen entrenatzaileak, aipatu zuen itsasontzi berriarekin hobekuntza nabaritu dutela, “batez ere ziabogak ematerako garaian”. Aurtengo helburua azken postua atzean utzi eta play off-ak ekiditen saiatzea izango dute.

Hemendik bi astera hasiko dira. Lehenengo estropada eremua berezia izango da; Bartzelona.