Gipuzkoako Kopa etxean geratu da

Baleike 2013ko mai. 27a, 08:40

Eibarko taldea baino 13 gol gehiago sartu zituzten Pulpoko kadete mutilek (35-22).

Denboraldia amaitu du Pulpoko talde gazteak. Inoiz ahaztuko ez duten denboraldia, gainera. Euskadiko txapeldun geratu ostean, Espainiako Txapelketako lehen fasea jokatu zuten Zumaian bertan. Denok dugu oraindik buruan hiru egun horietan Lubaki kiroldegian bizi izan genuena.

Hala, penak eta tristurak ahaztuta, denboraldia amaitzeko falta zuten Kopako finala jokatu zuten larunbatean, eta zorionez, berriro ere etxean.

Partida nahiko parekatua izan zen lehenengo zatian. Eibartarrak hasieratik ahal zuten guztia ematera atera ziren eta aurretik ere jarri ziren. Hala ere, lehenengo zati hau amaitu aurretik, zumaiarrak esnatu eta atsedenaldira berdinketa batekin joatea lortu zuten.

Bigarren zatian gorriak nagusi izan ziren. Hasieratik amaieraraino beraien nagusitasuna, potentzia, jokoa eta bizitasuna nabariak izan ziren. Harmailetan zegoen jende andanak disfrutatu egin zuen. Hala, 35-22ko emaitzarekin bukatu zen partida.

Txalo zaparrada handiarekin agurtu zituzten zaleek jokalariak, entrenatzaileak eta laguntzaileak. Eta ez da gutxiagorako ere! Urte borobila egin dute 16 urteko mutil hauek, eta nahiz eta estatuko txapelketako arantza hori oraindik presente izan, egin duten lanarekin harro egoteko moduan daude. Kalitatea eta ausardia erakutsi dute. Herrian aldiz, ilusioa piztu dute.