Wert Legearen inguruko mahaingurua egingo da gaur, Alondegian

Baleike 2013ko mai. 22a, 08:27

Jose Ignacio Wert ministroak bultzatzen ari den hezkuntza lege berriaren proiektua (LOMCE) hizpide izango da maiatzaren 22an, asteazkena, 19:00etan, Alondegia Kultur Etxean alderdi politikoen ordezkariekin burutuko den mahai-inguruan. Ekitaldia Zumaiako Maria eta Jose Ikastetxeak antolatu du ARGIA eta BALEIKE aldizkarien laguntzarekin.

Mahai-ingurua Mikel Asurmendi ARGIAko kazetariak bideratuko du eta, bertan, EAJ/PNV alderditik Jone Berriozabal (Legebiltzarkidea), EH Bildutik Juanjo Agirrezabala (Legebiltzarkidea) eta PSE-EEtik Juanma Aramendi (2009-2012 legealdian Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza departamenduko pertsonalaren kudeaketako zuzendaria) izango dira.

Bestalde, gogoratu Maria eta Jose Ikastetxeak LOMCE legea edo WERT hezkuntza erreforma hizpide harturik beste hitzaldi bat antolatu zuen Ikastetxeko gurasoentzat. Hitzaldia lehengo asteazkenean, maiatzaren 15ean, asteazkena, izan zen. Hitzaldian Deustuko Unibertsitateko irakasle eta pedagogo den Jesus Marurik LOMCE legearen ezaugarri nagusienak eta hezkuntza sisteman ekarri ditzakeen aldaketa nagusi eta garrantzitsuenak azaldu zituen.