Udaleku musikaletan izena emateko epea zabalik dago

Baleike 2013ko mai. 21a, 08:52

Udal Patronatuak eta Xabier Lizaso musikariaren Piano Studio etxeak antolatuta, Udaleku musikalak egingo dira Zumaian, uztailaren 15etik 26ra bitartean. Izenak emateko epea zabalik dago dagoeneko.

Ekimen honek bi helburu nagusi izaten ditu: Musika bidez ikaslearen sentsibilitate artistikoa garatzea eta haurrek beren musikarenganako jakinmina garatu dezaten oporretan tailer bat sortzea. Horretarako, haurrek gehien atsegin dituzten ekintzak erabiltzen dituzte: jolasak, marrazkiak, mimoa, dantza, musika etab. "Hitz batean, musika maitatu, sentitu, ezagutu, ulertu eta bizitzeko metodo dibertigarria da, praktikoa eta oso emaitza onak ematen dituena".

Udaleku hauek bi asteko iraupena dute eta ekintzak goizetan egingo dira, Ubillosen, 9:30etik 13:30era bitartean. Haurrak bi taldetan banatuko dira. 4 eta 5 urtekoak lehen taldean, eta 6tik 12ra bitartekoak bigarren taldean. Udalekuen azken egunean familia guztiei irekitako kontzertu edo ekitaldi bat egingo da Aita Mari zinean.

Udaleku musikaletan parte hartzeko izen-emate epea jada zabalik dago. Matrikula 80 euro da; 65 euro familia ugarien kasuan. Diru sarrerak Kutxako 2095 5333 231072795437 egin beharko dira. Sarrera egiterakoan haurraren izena eta 'Udaleku Musikalak. Zumaia 2013' azalpena jarri beharko da. Izen-emate orria eta diru-sarreraren ordezkagiria Alondegira eraman beharko da. Izena emateko azken eguna ekainaren 20a da.