Infantilen eta kadeteen lasterketak jokatuko dira asteburuan, Beduan

Baleike 2013ko mai. 3a, 10:59

Viveros San Anton-Zumaiako Txirrindulari Elkarteko txirrindularirik gazteenek, hau da, taldeko infantilek eta alebinek larunbat eta igande honetan etxean korrituko dute, Beduan, Joxe Mari Korta industrigunean. 16.30etan hasiko dira lasterketak eta proba entrenamendu ona izango da hilaren 18an bertan jokatuko den Gipuzkoako txapelketarako.

Aurreko larunbatean Irunen izan zuten lasterketa eta alebinetan aurreko hitzorduetan bezala Naia Urbieta nagusitu zen; mutiletan, berriz, Anton Tolosak denboraldiko posturik onena lortu zuen: 6.a izan zen. Unai Sasiain, beti bezain irregular, 7. sailaktu zen; Mattin Etxaniz 11., Gaizka Arrillaga 12. eta Mihai Ovidiu 13. Mikel Manzisidorrek, Julen Cervelak, Oier Iribarrek eta Ekaitz Manterolak ere bukatu zuten lasterketa. Infantiletan Gaizka Gurrutxaga eta Peio Etxabe izan ziren onenak; Aizarnazabalgoak 6. bukatu zuen eta oikiarrak 8.

Kadete mailan Deban izan zuten lasterketa Viveros San Antongo txirrindulariek. Jon Agirrek pelotoian bukatu zuen karrera. Azkarra izan zen lasterketa: 55 kilometro egiteko bataz besteko abiadura orduko 41,56 kilometrokoa izan zen. Abailan ibili ziren. Asteburu honetan Atarrabian izango dute lasterketa; Nafarroan jokatuko dute Gaztetxoak torneoko proba Euskal Herriko kadete guztiak deituta daudelarik.

Juniorrek Gipuzkoako klasikan parte hartu zuten. 114 kilometroko ibilbide zorrotzean neurtu zituzten indarrak Estatu Espainiarreko 189 txirrindularik. Baziren Iparraldetik etorritakoak ere. Oso lasterketa gogorra izan zen, ziklistek eurek hala nahi izan zutelako. Adibidez, lehenengo ordubetean 43 kilometro osatu zituzten. Xabi San Sebastian gipuzkoarrak erakustaldia emanez irabazi zuen, eta hirugarren posturako lehian helmugaratu zen tropelean ailegatu zen Aitor Olaziregi, Viveros San Antongo txirrindulari zumaiarra. Taldetik Olaziregik bakarrik lortu zuen helmugara ailegatzea; besteetatik Haritz Eizagirre eta Gorka Etxabe amaitzetik gertu izan ziren baina pelotoiko babesetik kanpo ezinezkoa izan zen lasterketan segitzea. Ibilbide gogor horretan bataz besteko abiadura orduko 39 kilometrokoa izan zen.

Asteburu honetan bi lasterka gogor eta menditsu dituzte juniorrek: larunbat arratsaldean Lazkaon (Lazkaomendin bukaera) eta igande arratsaldean Seguran (Lierni hirutan igo beharko dute).