EAJ-PNV: "Atez atekoa laster Zumaian?"

Erredakzioa 2013ko mar. 2a, 10:51

Hondakin Mahaia herrian hondakinak biltzeko modu desberdinak aztertu eta herritarren iritziak jasota, irtenbideak aurkitzeko mahaia zelakoan egon gara orain arte. Gure alderdia behintzat asmo horrekin joan da egin diren hiru bileretara. Azkeneko bilera otsailaren 6an egin genuen. Bilera bukaeran alkateak hauxe zion: “Mahai honetara ekarri aurretik ez da ezer egingo”.Mahai hori alderdi politikoek + Plataforma (Birziklapena bai, Atez ate ez)+ Zero Zabor + Natur Taldeak osatzen dute.

Azken egunotan gure herrian Atez Ate sistema ezartzeko tankera duten aurre-lan batzuk egiten ari direla ikusten ari gara:

- Udal langileek “txintxilikario” moduko poste bat dabilkie kaleetan eta etxe atarietan neurketa lanak egiten. Badirudi planoekin poste horien kokapenak zein izan daitezkeen aztertzen ari direla… Aldi berean, agian kasualitatez, herria pankartaz gainezka agertzen hasi zaigu (Zero Zabor, Atez atekoa defendatzen duen plataforma).

Hau horrela izanik otsailaren 28an izandako plenoan lan hauen inguruko informazioa beste zinegotzioi zergatik ezkutatu zaigun galdetu diogu alkateari. Zergatik batzorde informatiboetan ez zaigun honen berri eman.

Ba omen dakigu udal gobernuak zer nahi duen erantzun digu; lan horiek, (frogak egitea, neurketak, …) sistema horrek izango dituen gastuak aurreikusteko egiten ari direla, gero erabakia hartzeko.

Gure ustez Udal gobernuak erabakia hartua dauka eta orain aztertzen ari dira udaleko langileekin, Mankomunitatekoekin, zer suposatzen duen inposatu nahi diguten sistema ezartzeak. Alkateak gaineratu du ez dutela ezer ezkutatzeko. Orduan zergatik ez dute informazioa ematen?

Non gelditu dira?, herritarrekin gobernatzea, Udaleko ateak ireki ditugu, partaidetza bultzatuko dugu...ITXURA HUTSEAN gure ustez.

Esan dezatela argi eta garbi Hondakinen Mahaia osatzea itxurakeri hutsa izan dela eta zaborrak biltzeko zein sistema izango dugun dagoeneko erabakita dagoela. Beraz ikusten dugunagatik, sumatzen dugu, aurki zer datorren: “txintxilikarioak” gure atari aurrean.

eaj-pnv udal taldea