Zumaiarrok hondakinen %34,1 biltzen dugu gaika

Baleike 2013ko mar. 1a, 12:02

2012an zumaiarrok 2.494.250  kilo zabor isuri genituen Urtetako (Zarautz) zabortegira, sortutako hondakinen %65,9. Beraz, %34,1 da gaika sailkatzen eta biltzen dena. Portzentaiak gora egin du, baina Zumaiako Udalak ezarritako helburuetatik oso behera. Azken urtebetean hondakinen arazoari aurre egiteko hartu dituen neurriak gogorarazi ditu Udalak jarraian irakur dezakezuen prentsa oharrean: Bidea urratu dugu, baina asko dugu aurrera egiteko oraindik

Urtebete da Zumaiako Udalak plenoan, gehiengo osoz, hondakinekin dugun arazoaren aurrean konpromiso sendoa azaldu zuela: 2013an Zumaiako bilketa selektiboaren portzentajea ahal bezain beste igotzea. Azken asteetan jakin ditugu iazko hondakin bilketaren datuak. Zumaian, 2012 urtean, sortutako hondakinen %65,9a nahastuta jaso, eta Urtetako zabortegian isuri zen, 2.494.250 kilo hain juxtu. %34,1a da, berriz, gaika bildu zena.

Zumaiako Udalak, Udal Elkartearekin eta eskualdeko beste Udalekin elkarlanean, hainbat baliabide eta kanpaina jarri ditu gaikako bilketako datuak hobetzeko eta herritarren kontzientziazioan eragiteko, azken hilabeteotan. Hori izan da jarraitu dugun bidea, baina nahiz eta azken urteko datuak zertxobait hobera egin, oraindik ere asko, izugarri, dugu egiteko.

Urtebete honetan, herritarrak informatu eta beraien hondakinen bilketa egiterakoan arduraz jokatzeko ekintza ugari abiatu ditugu. Hala, hainbat eta hainbat informazio bilera egin genituen arazoaren oinarria eta irtenbideak azaltzeko. Bilera horietan parte hartze handia izan zen, 450 herritarretik gorak hartu zuten parte. Ondoren eta bilerei jarraipena eman asmoz, Udalak doako autobusa antolatu zuen Usurbilera, zumaiarrek hango bilketa sistema bertatik bertara ezagut zezaten. Zoritxarrez, zabaltzen hasia zen giro txarrak eraginda ia ez zen herritarrik animatu, eta bertan behera geratu zen.

Uda hasieran, 2008tik herrian banatzen ari ginen hondakin organikoak biltzeko edukiontzi marroiaren giltzak banatzeko saio berria egin genuen, eta erantzun ona izan zuen. Gaur egun, guztira 2.264 etxek eskatu dute 5. edukiontzia erabiltzeko materiala, hau da, Zumaiako etxebizitzen % 52ak.

Udatik bueltan giltzen zabalpenak bilketa selektiboaren emaitzetan nola eragin zuen ikusteko garaia zen, eta bereizita jasotako organikoaren kopuruak publiko egin eta oposizioako udal taldeei helarazi genizkion. Datu horietan hobekuntza nabarmena ikusi zen, baina bazegoen, eta badago, hobetzeko tartea. Izan ere, giltza eskatuta duten herritarren %15ak ez du erabiltzen, beraz, Zumaiako etxebizitzen % 37an soilik sailkatzen da gaika material organikoa.

Hurrengo pausoa, hondakinen bereizketa errazteko, eta denoi sortu ohi zaizkigun dudei erantzuna emateko, hondakinak gaika ongi bereizteko hiztegia banatu genuen etxe guztietara. Eta auzokonposta bultzatzeari ekin genion. Dagoeneko, herriko bi auzotan abian dira guneak, eta laster abiatuko dira beste bost gune ere. Udal Gobernuarentzat, eredugarria eta txalotzekoa da herritar horiek hondakinekin hartutako ardura.

Hondakinak murrizteko hainbat kanpaina ere jarri ditugu abian, eta emaitza onak lortu dira. Hala, iazko Saltelmoetan edalontzi berrerabilgarriek erabiltzeko kanpaina egin zen tabernariekin elkarlanean. Arrandegietako papel eta plastikoak murrizteko, berriz, 2.000 tuper banatu ziren.

Kanpainek izan dute bere eragina, eta datuak hobetu dira. Hobekuntza hori, ordea, ez da espero zen bestekoa. Herrian gaiak izan duen oihartzuna izanda ere, gaikako bilketa ez da nahi eta behar beste handitu.

Pauso garrantzitsua, adostasunaren bidean

Beste pauso garrantzitsu bat, iazko azaroan eman genuen. Oposizioak hala eskatuta, bilerak egiten hasi ginen. Bilera horretan oposizioko taldeak, atez atekoaren aurkako plataforma, Zumaiako Zero Zabor taldea eta Zumaiako Natur Taldea biltzen hasi ginen, hondakinen mahaia martxan jartzeko helburuarekin. Mahai horren helburua ordura arte emandako pausuak ebaluatu, eta etorkizun hurbilean bilketa selektiboko emaitza onenak izateko modua adostea da.

Honela orain arte mahai horretan proposamenak aurkezteko aukera izan da. Udala proposamen horiek aztertzen ari da orain. Helburua, datozen asteetan arazoari irtenbidea emateko oinarriak adostu eta irtenbidea berandu baino lehen ematen hastea da.

Udal Gobernuak adostasunerako nahia eta jarrera eraikitzailea du, eta beste taldeen aldetik ere horixe espero du. Honela eztabaida joko eta ika-mika politikotik atera eta arlo teknikora eraman nahi du Udala Gobernuak, guztion adostasuna posible izan dadin. Horretan ari gara, eta mahai horretan jarriak ditugu gure indarrak, hortik fruitu oparoak sortzea espero baitugu.

Orain arte emandako pausoekin eta hemendik aurrera emango direnekin, iazko datuak irauli eta 2013a birziklapenaren urtea bihurtu behar dugu gure herrian. Horretarako herritarrok eta aktore ezberdinek arazo honen gainean dugun ardura gure gain hartzea ezinbestekoa da, birziklatzeak aukera izateari utzi eta betebehar izan dadin.

Bide horretan, herritarrei eskatzen diegu hondakinak ahal den neurrian murrizteko, berrerabiltzeko eta bereizita botatzeko, hobetzeko tarte handia baitugu. Ohitura aldaketa txiki batek eragin handia izaten baitezake etorkizunean.