Kirol Mahaia osatzeko deia egin du Udalak

Baleike 2013ko ots. 4a, 16:50

Ostegunean, otsailaren 7an, Zumaiako Kirol Mahaia bilduko da, 19:00etan, Alondegian. Bileran azalduko dira herriko kirol arloak dituen zutabe nagusien erradiografia eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko kirol mahaiak izan beharreko funtzionamenduaren inguruko proposamena. Kirol eragileak eta kirol arloan interesa duten herritarrak gonbidatu nahi ditu Udalak bilerara, "eragile eta interesdunen artean adostuta, herritarren nahien eta beharren araberako etorkizuna marraztu nahi baita".

Udalak azaldu duenez, "herriak kirol arloan hartu nahi duen bidea eta helmuga denon artean zehaztea" izango da Kirol Mahaiaren helburua. Horretarako, hiru talde egonkor osatzea aurreikusten da, bakoitzak herriko kirol arloko eremu bat aztertu eta landuko duelarik: 3skola kirola, errendimendu kirola eta aisialdiko kirola. Hiru talde horietako arduradun edo bozeramaileekin beste talde bat sortuko da, mahai horren zeregina etorkizuneko planifikazio proposamena egitea izango da.

"Kirol mahaiak herriko eragileen sinergiak bildu eta lana optimizatzea du helburu; azken finean, talde zein eragile ezberdinek dituzten arazo edo gabeziak oso antzekoak dira, eta horiei guztiei erantzun bateratua eman nahi zaie", erantsi du Udalak.