Erkiberen okupazioa onartuta, kalteordainik ez eskatzea erabaki du akusazioak

Baleike 2013ko urt. 24a, 14:47

[/caption]

Erkibe etxea okupatu zuten 11 gazte identifikatu zituen Ertzaintzak 2008ko uztailaren 11n. Gaur goizean epaiketa izan dute Donostian, akusazioak 80.000 euroko kalte ordaina eskatzen zielarik, "eraikinari eragindako kalteengatik". Epaiketaren aurretik bi aldeak akordiora iritsi dira: gazteek okupazioan parte hartu izana aitortu dute eta akusazioak diru eskaerarik ez egitea erabaki du. Hala ere, epaiketak aurrera jarraitu du eta fiskalak 1.100 euroko kalte ordaina eskatu du, delituagatik bakoitzari dagokion zigorraz gain. Epaia pare bat aste barru jakingo da."Epaiketa nahikoa surrealista". Halaxe definitu du epaituetako batek gaur goizean Donostiako epaitegiteko bosgarren aretoan bizitakoa. Epaiketarako deian, 80.000 euroko kalte ordaina eskatzen zuen akusazioak Esther Zelaia jabearen izenean. Epaiketaren aurretik, ordea, bi aldeak, akusazioa eta defentsa, akordio batera iritsi dira: gazteek aitortuz gero etxea okupatu zutela –delitua da legearen arabera–, akusazioa prest agertu da kalte ordainik eta epaiketako kosturik ez eskatzeko. Hala adostu dute. Epailearen aurreko deklarazioa tramite hutsa izango zelakoan sartu dira aretora gazteak, baina epaiketak espero gabeko itxura hartu du. "Guk pentsatzen genuen epaileak galdetuko zigula ea okupazioa onartzen genuen, geuk baietz erantzun eta kitto. Baina, ez da horrela izan. Galderak zehatzak egiten hasi dira".

Besteak beste, kalteak 80.000 eurokoak izan zirela zehaztu zuen perituak deklaratu du. Hark baieztatu du hala zela, kalteak kopuru hartan zenbatu zituela. Baina defentsa galdezka hasi zaionean agertu dira zalantzak: okupazioaren aurretik etxea nola zegoen ba ote zekien balorazioa egin ahal egiteko, Udalak ordaindutako garbiketa lanak kontuan hartu ote zituen, noiz eta nola sartu zen balorazioa egitera... Operazioan parte hartu zuten bi ertzainek ere deklaratu dute, eta Esther Zelaia jabeak ere eman ditu bere arrazoiak. Kalte ordaina eskatzeko borondateari eusten ziola esan du berak, baina, aldi berean, bere abokatuari akordio batera iristeko boterea aitortu dio. Salaketa egiteko aukerarik ez du galdu Zelaiak: Erkiben gazteek negozioa zutela muntatuta, dena txikitu zutela... Froga agiriak ere atera ditu, konponketa lanetako fakturak eta beste.

Epaiketa aurreko akordioarekin azkar samar joan behar zuen epaiketa bi orduz luzatu da. Azkenean, gazteek etxea okupatu izana aitortu dutenez, akusazioak adostutakoari eutsi eta kalte ordaindik eta epaiketako kostuen ordainketarik ez eskatzea erabaki du. Hori bai, okupazio delituari dagokion zigorra eskatu du. Baina fiskalaren eskutik etorri da ezustea, delituari dagokion zigorraz gain 1.100 euroko kalte ordaina eskatu baitu. Gainera, delituari dagokion zigorrean ere akusazioa eta fiskala ez daude ados: fiskalak sei euro eskatzen ditu eguneko, eta akusazioak hiru. Hiru hilabetekoa da delituari dagokion zigorra, beraz, 540 euro eskatzen ditu fiskalak gazte bakoitzeko eta 270 akusazioak.

Epaia pare bat aste barru jakingo da.