EAJ: "Ez gaude ados aurrekontuekin; abstentzioa adostasunerako keinua izan da"

Baleike 2012ko abe. 27a, 12:06

EAJ-PNVk ohar hau argitaratu du 2013ko udal aurrekontuen inguruan: • EAJ-PNV ez dator bat aurrekontu eredu honekin, non inbertsioak aurrekontuaren %9 inguru baino ez diren eta Gastu arrunta berriz, ia %80a.

• Gure ustez udal gobernua ez zio modu egokian erantzuten ari bizi dugun egoera ekonomikoari. Aurkezten zaigun aurrekontuak ez dio Zumaiak dituen erronkei erantzuten.

• Aurreikusitako inbertsioen eten gabeko jaitsiera progresiboak, eta aurrikusten direnen exekuzio oso baxuak (%16 inguru) “herriak behar dituen inbertsio”etan ere ez dela gastatzen adierazten dute.

• Funtzionamendu gastuen kopuru hain handiaren arrazoia “herritarrei ahal den zerbitzurik onena eskeintzea” dela diote. Norbaitek nabaritu al du hobekuntza nabarmenik 2008tik ona, naiz eta funtzionamendu gastuak %25 inguru igo diren (%40 2006tik hona)?

• Baliteke zorpetze mailari dagokionez gure egoera beste batzurena bezain txarra ez izatea; baino honek ez du esan nahi gure egoera ona denik. Udaletxearen egoera ekonomikoa delikatua da. Izan ere, 2013an zorpetze berririk aurreikusten ez bada ere, udaletxean ondarea saltzen hastera doa. Hain zuen, XEY poligonoko lursail baten salmentagatik 400.000 eurotako sarrera aurreikusten da eta hau zorpetzea bezain kezkagarria izan daiteke. Gainera, lursail honen salmentak plangintzarik eza eta kudeaketarako inprobisazio adierazten duela uste dugu eta horrek ere asko kezkatzen gaitu. Ba al du Bilduk etorkizunerako plangintzarik poligono honi dagokionez? Guk bai.

• Beraz azken urte hauetako aurrekontuen bilakaera kezkagarria da eta ez dugu bideratzeko asmorik ikusten. Bide berdinetik jarraitzen dute eta egoera hau epe ertainera ez da iraunkorra.

• Zentzu honetan eta BILDU+ARALAR-ek proposatzen digun aurrekontu ereduaren aurka egon arren, EAJ-k oposizio eraikigarria egiteko asmoarekin eta oposiziotik Zumaiak aurrera egin dezan laguntzeko asmoarekin, gure ustetan, proposamena hobetzen zuten zenbait zuzenketa proposatu zituen. Batzuk onartuak izan dira, eta eskertzekoa da, baino ez garrantzitsuenak irizten genituenak.

• Dena den, eta nahiz eta ados ez egon Aurrekontu honekin gure alderdi ardurari erantzunez abstenitu egingo gara. Gure abstentzioa egoera zail hau egoki gidatu ahal izateko kudeaketa publikoa zuzendu behar duen adostasun beharrari keinu bat da. Gure abstentzioa ez da gobernu honen kudeaketa balidatzea, elkarrizketari, negoziaketari, eskua luzatzea da.

Zumaiaren etorkizunari aurre egiteko bide bakarra ezberdinen arteko adostasuna dela uste dugu. Zumaiak horren beharra du eta horregatik negoziaketa eta adostasunerako eskua luzatzen diogu gobernuari. Beraz, konbentzimendu honen keinu bezala abstenitu egingo gara. Mahai gainean daude agintaldian lantzen joateko egin ditugun zenbait proposamen; bidean beste batzuk ere etorriko dira.

 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide