Hil amaierarako festa antolatu dute Zumaiako Mugimendu Feministak eta MEFSST! kolektiboak

Onintza Lete Arrieta 2024ko ots. 10a, 08:00
'Eterna' dokumentaleko irudi bat.

Otsailaren 23an, iluntze-gau partean dokumental emanaldia, poesia errezitaldia eta zuzeneko musika izango dira, eta tartean, mokadutxorako tartea ere egongo da Gaztetxean.

Otsailaren 23a egutegian gorriz borobilduko du batek baino gehiagok, ostiral iluntze-gau horretarako egitarau polita antolatu baitute Zumaiako Mugimendu Feministak eta MEFSST! kolektiboak (Musika Errebolta Feminista). Aurrena, Eterna izeneko dokumentala emango dute Aita Mari aretoan, 20:00etan. Dokumentala Gata Cattana rap abeslariari buruzkoa da.

Ondoren, Gaztetxera joango dira, eta Mejillon Tigre taldearen –Eider Adeletxe eta Ane Zubeldia– poesia errezitaldia hasi aurretik, mokadua egiteko tartea izango dute. Borondatearen truke emango dute jan-edana.

Poesia saioa 22:30ean hasiko da, eta haren ondoren, berriz, DJ Balklavak zuzeneko musika eskainiko du 23:30etik aurrera.