Zazpi herritar omendu ditu aurten Gipuzkoako Odol Emaileen Elkarteak

Onintza Lete Arrieta 2023ko abe. 3a, 09:30
Aurtengo omenduak, ostiral iluntzean, Hogarrean egindako ekitaldian. (Sara Utrera)

Ostiral iluntzean egin zuten ekitaldia Hogarrean udal ordezkariekin, eta odol emaileek gogorarazi zuten aurten ere Gabonetako loteria erreserbatu duela Gipuzkoako Odol Emaileen Elkarteak; 30299 zenbakia da, eta dezimoak hainbat modutara eros eta ordaindu ditzakete herritarrek.

Gipuzkoako Odol Emaileen Elkarteak Zumaiako odol emaileak omendu zituen ostiral iluntzean. Aurten zazpi lagunek jaso dituzte intsigniak eta diplomak urteetan zehar hainbat odol emanaldi egiteagatik. Udal ordezkarien eta Zumaiako odol emaile taldeko kideen aurrean, lau lagunek zilarrezko domina jaso zuten 25 aldiz odola emateagatik, bi lagunek urrezkoa jaso zuten 50 ateraketa egiteagatik, eta beste pertsona batek, berriz, odol emaile handien intsignia jaso zuen, odola 80 aldiz eman duelako.

Bestalde, urtero bezala, Gipuzkoako Odol Emaileen Elkarteak Gabonetako loteria erreserbatu du: 30299 zenbakia da, eta Donostiako autobus geltokian dagoen El Anden 28 loteria bulegoan dago salgai. Bertan eros daiteke, edo web bidez erreserbatu. Txartelarekin nahiz Bizum bidez ordaindu eta nahi izanez gero bertan gordailuan utzi daitekeela azaldu zuten elkarteko kideek.

Argazkia: Sara Utrera