Erakusketa berriarekin lotutako familia tailerra egingo da bihar Oxforden

Juan Luis Romatet 2023ko abe. 1a, 12:02

Artea eta literatura uztartzen dituen Bagara! erakusketa zabalduko dute bihar Alondegiko Oxford aretoan. Horrekin lotuta, familia tailerra eskainiko du Aran Santamariak arratsaldez.

Bihar hasi eta abenduaren 17ra bitartean Bagara! erakusketa ikusteko aukera izango da Alondegiko Oxford aretoan. Artea eta literatura uztartzen dituen jarduera honetan Aran Santamariak, Irrimarrak eta Arrate Rodriguezek sortutako lanak ikusteko aukera izango da. Erakusketa egunero izango da zabalik 18:00etatik 20:00etara; asteburu eta jaiegunetako eguerditan ere zabalduko ditu ateak, 12:30etik 14:00etara.

Honekin batera, bihar bertan Baginen bagara izeneko familia tailerra eskainiko du Aran Santamaria artista zumaiarrak. Dioramak eta arte-kaxak egiteko aukera izango da. Jarduera doan da, baina aurrez izena eman beharko da alondegia@zumaia.eus helbidera idatzita edo 943-86 10 56 telefono zenbakira deituta. Gaur da izena emateko azken eguna.