24,8 milioiko aurrekontua onartu du udalbatzak EH Bilduren botoekin

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2023ko abe. 1a, 14:55
Azaroaren 29an egin zuen udalbatzak azaroko ezohiko udalbatzarra. (Aiora Larrañaga Solaberrieta)

EAJk eta PSE-EEk EH Bilduren udal gobernuak egindako 2024ko udal aurrekontuaren proposamenaren aurka bozkatu zuten, baina koalizioak gehiengo absolutua duenez, aurrera atera zen aurrekontua.

Asteazken arratsaldean ezohiko udalbatzarra egin zuen Zumaiako Udalbatzak eta, besteak beste, 2024ko udal aurrekontuak onartu zituzten osoko bilkuran, EH Bilduren bederatzi aldeko botorekin, eta oposizioaren (EAJ eta PSE-EE) aurkako zazpi bozekin. Hala, Zumaiako Udalak 2024an 24,8 milioi euroko aurrekontua izango du, aurtengoa baino 600.000 euro handiagoa. "Herritarren eguneroko beharrei modu duin eta sendoan erantzutea" da aurrekontu horien xedea udal gobernuaren esanetan. Alde batetik, "herrian eskaintzen diren zerbitzu orokorrak gaurkotuko" dituzte, "Zumaia leku bizia eta dinamikoa izaten jarraitzeko", eta bestetik, 7,6 milioi euro bideratuko dituzte inbertsioetarako, hauek ere "herritarren beharrei" erantzuteko asmoz.

Honako hauek dira datorren urterako aurreikusi dituzten inbertsio nagusiak: Komentuaren eraberritzearekin jarraitzeko (lorategia barne), 3.350.000 euro; Marianton parkea egiteko, 680.000 euro; Aita Mari eskolako lehenengo solairua eraberritzeko, 620.000 euro; San Josen igogailuak egiteko urbanizazio lanak, 520.000 euro; Itzurunbideko igogailua egiteko, 350.000 euro; bide publikoetan hobekuntzak egiteko, 100.000 euro; ur-horniduraren azpiegiturak hobetzeko, 120.000 euro; Estazioko ur hornidurako sare nagusia aldatzeko (trenzubiko obrak baliatuko dituzte hodi berriak jartzeko), 228.281 euro; Moilaberriko (tren geltoki zaharra) obra zuzendaritzaren idazteko, 100.000 euro; pump tracka eta skate park berria egiteko, 90.000 euro. Horiez gain, 135.000 euro bideratuko dituzte hirigintza azterlanak egiteko; 50.000 euro mugikortasun plana idazteko eta 64.800 euro Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren idazketa amaitu eta martxan jartzeko.

EAJ: "Oinarri ahulak dituen aurrekontua"

Zumaiako EAJk udal gobernuak proposatutako 2024ko udal aurrekontuen aurka bozkatu zuen asteazkeneko udalbatzarrean, arrazoi ekonomikoak eta hainbat proiekturekin ados ez daudela argudiatuta. Orokorrean, EAJk uste du 2024ko udal aurrekontuak "EH Bilduko udal gobernuaren ohiko ibilbidea" daramala, "iazko proiektuaren jarraipena" dela alegia, eta ondorioz EAJk bere kezkak agertu zituen bilkuran. Alderdi ekonomikoari dagokionez, "hutsunea gastuaren kudeaketa ereduan" dagoela uste dute jeltzaleek. "Aurtengo diru sarrera arruntak 1,4 milioi euro igo badira ere, funtzionamendu gastuak (hau da, pertsonal gastua, ondasun arruntak eta zerbitzuak, eta udalak egiten dituen diru ekarpenak) ia kopuru berdinean hazi dira, baina ez da aprobetxatu aurrean ditugun inbertsioak zati batean behintzat finantzatzeko", zehaztu zuten. Bestalde, 700.000 euroko aurrezki garbiak "oinarri ahulak" dituela ere uste du EAJk. "Alde batetik, Foru Funtsaren igoera ezohiko diru bilketatik datorrelako, eta bestetik aurten obretako zergetan ez ohiko diru sarrerak izango direlako (200.000 euro inguru). Hau da, aurkezten den aurrezki garbia, behin behineko diru sarrerei esker lortuko da". Hala, aurrekontu "handia, baino, oinarri sendorik gabekoa" dela azaldu zuen EAJk, "etorkizunera begiratzen ez diona, gastua finkotu eta trinkotzen duena, udal kudeaketa ahalmena murriztuz. Gaur egun ez ohiko egoera batean gaude, sektore publikoan Europatik eta diru bilketagatik inoiz baino baliabide ekonomiko gehiago daudelako, baina ez dira iraunkorrak izango. Hala, uste dugu aurrekontuek kanpo laguntzen eta baliabideen menpe uzten dutela udala. EH Bilduk subiranotasuna maiz aipatu eta atxikitzen du hainbat alorretara: energia subiranotasuna, elikadura subiranotasuna… Hortaz, kuriosoa da Zumaiako Udalaren ekonomiaren subiranotasunaz ahaztea", arrazoitu zuten.

Bestalde, hainbat proiekturekin ados ez dagoela ere azaldu zuen EAJk. Alde batetik, Udal Kiroldegiak "eguneraketa sakona" behar duela uste dute jeltzaleek. "Aurrekontuan proiektua idazteko partida jasota badago ere, ez dugu ikusten gaia behar bezala heltzeko erabaki sendorik". Horregatik, proposatzen dute 2024ko lehen hiru hilekoan partaidetza prozesu bat abiatzea proiektuaren oinarriak definitzeko, eta bigarren hiruhilekoan idazketa prozesua abiatzea. Bestetik, Erkibe eraikinean Elikagunea eratzeko proiektua "herriko beharretatik urrun dagoela" adierazi zuten udalbatzarrean, eta bertan ludoteka jartzea proposatu zuten, "Beheko Plaza eta frontoia inguruan izanda horretarako gune aproposa" dela uste baitute. Beheko Plaza herriko erdigunea eta ardatza dela ulertzen du EAJk, baina udal gobernuan proiektu eta ekimen puntualak "ordenik gabe ezartzen" ari dela sentitzen du alderdi jeltzaleak. Horrez gain, Marianton parkean gune estalia egiteko 680.000 euroko aurrekontua neurriz kanpokoa iruditzen zaie EAJko kideei, baita komentuko lorategiko proiektura 350.000 euro bideratzea ere. "Gure ustez lehenengo komentuaren obrak bukatu beharko lirateke, azpiegitura martxan jarri eta bilakaeraren arabera erabaki beharko litzateke zer egin lorategian". 

Inbertsioez gain, beste hainbat hutsune ere identifikatu ditu EAJk udal aurrekontuan. Garbitasuna eta herri mantenimendu arloan, "herriko kale garbiketa eta mantenimendua eskasa" dela uste dute, eta Kale Txukuntasun Ordenantza batekin bermatzeko eskatu zuten udalbatzarrean. Gardentasun arloan, berriz, jeltzaleen iritziz Zumaiako Udalak ez ditu betetzen ETEL-ek ezartzen dituen betekizunak.

PSE-EE: "Aurrekontuan ez du genero ikuspegiaren txostena"

Zumaiako PSE-EEko ordezkari Duñike Arrizabalagak ere udal aurrekontuaren aurka bozkatu zuen, udalaren aurrekontuak genero ikuspegitik ez direla neutralak argudiatuta. "Berdintasuna sustatzeko politikak garatu nahi baditugu, beharrezkoa da aurrekontuak genero-ikuspegiarekin garatzea eta aztertzea. Aurrekontu-espedientea berrikusita, ikusten dut txosten hori falta dela, eta sailen programazioan ere ez dela aurreikusten 2024ko udal aurrekontuak genero-ikuspegitik aztertuko dituen txostenik egitea. Betebehar hori badago Euskadiko berdintasun-legeetan, eta sentitzen dut gogoratu behar izatea udal honek eta EHBilduren gehiengo horrek ez dutela bete, hain zuzen ere, azaroan, mugimendu feminista pil-pilean dagoenean. Aurrekontuak EH Bilduren aurrekontuak dira, EH Bilduren programari baitagozkio, eta nahiz eta partida batzuekin ados egon, beste batzuekin zalantzak sortzen zaizkigu. Hala, aurrekontu horien genero txostenik ez dagoenez, aurka bozkatuko dugu. "Ea datorren urtekoak zerbait gehiago duen, generoen ikuspegitik", azaldu zuen.

Alkatearen erantzuna

Udal gobernuak oposizioak esandako puntuak erantzun zituen. Iñaki Ostolaza alkateak hartu zuen hitza eta EAJk egindako kritikei erantzunez "inbertsioetan jasota agertzen diren proiektuak martxan jartzeko denbora" behar izaten dela gogoratu zuen, zehaztuta dauden epeak bete behar direlako. "Kiroldegiko proiektua aurrera atera nahi dugu ahal den partaidetza zabalenarekin, baina aurrekontuek indarrean egon behar dute lehiaketara atera ahal izateko, eta prozesua urtarrilean abiatzen badugu gutxienez hiru hilabete beharko ditugu esleitu eta proiektua abiatu ahal izateko. Hiru hilabetetan egin daiteke parte hartze prozesu bat, baina horrelako azpiegitura bat behar den bezala birmoldatzeko proiektua garatzeko denbora behar da, eta aurrekontuak aurkeztu genituenean horregatik esan genuen 2024 eta 2025eko zati bat hartuko zuela proiektua garapenak", azaldu zuen Iñaki Ostolaza alkatea.

Bestalde, Beheko Plazako birmoldaketaren gaian bi alderdiak ez daudela ados argi azaldu zuen alkateak. "Guk Erkibe eraikinean proiektu jakin bat garatzeko asmoa aurkeztu genuen hauteskundeetara eta horrekin jarraituko dugu". Komentuko lorategiari dagokionez, gogoratu zuen 400.000 euroko diru laguntza duela udalak hori egiteko. "Diru hori kaxan dago eta proiektua burutu egin behar da. Ez badugu obra hori egiten 2025erako, diru hori galdu egingo dugu". Azkenik, Marianton parkearen inguruan argitu zuen, bertan egin nahi dena ez dela parke estali bat soilik. "Askoz eremu handiagoa hartuko du proiektuak". Eta bukatzeko, kale garbiketaren gaia jarri zuen mahai gainean Ostolazak. "Alde batetik dago kale garbiketa zerbitzuaren lizitazioa, eta bestetik zuek aipatu duzuen txukuntasuna. Nik uste dut herriko kale garbiketa eta mantenimendu eskasa aipatzen dituzuenean kartelen eta pankarten inguruan ari zaretela, hori arautzeko ordenantza bat egin dadin. Zuen hauteskunde kanpainako leloa izan zen Zumaia txukun, Zumaia garbi, herritarrek ikusi zuen herria ez zegoela zuek adierazten duzuen bezain narras". Ildo horretan, gogoratu zuen gaia arautzen duen ordenantzarik ez dagoela, baina zehaztuta dagoela zein den prozedura. "Pankartak eta lekuz kanpoko kartelak astelehenetan denak kentzen dira, ez bada espresuki eskatzen arrazoi jakin batengatik mantentzeko. Bestalde, asteazkenero garbitzen dira panel guztiak".

PSE-EEk egindako eskariari erantzunez, alkateak azaldu zuen aztertuko dutela udal aurrekontuetan genero-ikuspegia jasotzen duen txostena falta ote den.