Finalerdietarako beste urrats bat eman du Goikoetxeak eta, bihar, Lopezen txanda izango da

Juan Luis Romatet 2023ko abe. 3a, 15:00
IƱaki Osa Goikoetxea Gernikako frontoiko harmailetan, zaletuen artean. (Eraman!)

Kataklismorik ezean, Iñaki Osa Goikoetxea eta Unai Lekerikabeaskoa Winter Series txapelketako finalerdietan izango dira asteleheneko partida bi eta huts emaitzarekin irabazi ondoren. Bihar Imanol Lopezek izango du partida.

Jai Alai Winter Series zesta punta txapelketako bosgarren jardunaldia jokatu zen astelehenean Gernikako pilotalekuan. Aurreko hitzorduetan bezala, harmailak bete egin ziren, baina oraingo honetan zaletuek ez zuten partida on bat ikusterik izan.

Iñaki Osa Goikoetxea eta Unai Lekerikabeaskoa Cosme Agirre eta Del Rioren aurka aritu ziren A multzoko norgehiagokan. Agirre lesioagatik baja den Olharanen aurka kantxaratu zen eta, beraz, bi zumaiar izan ziren aurrez aurre Gernikako frontoiko aurreko koadroetan. Ez zen, baina, ikuskizunik izan eta faboritoek aise lortu zuten garaipena, bi setetan: 9-15 eta 5-15.

Garaipen honekin aukera ugari dituzte Goikoetxeak eta Lekerikak txapelketako finalerdietara sailkatzeko. A multzoko sailkapena honela dago une honetan:

1. Goikoetxea-Lekerika: 8pt (+29 tanto).
2. Goitia-Basque: 4 pt (+5 tanto).
3. Olharan-Del Rio: 0 pt (-16 tanto).
4. Erik-Minvielle: 0 pt (-18 tanto).

Lopezek partida astelehenean

Bihar, hilaren 4an, txapelketako seigarren jardunaldia izango da jokoan. B multzoko partida izango da, eta Johan eta Imanol Lopez Winter Serieseko lehen garaipena lortzen saiatuko dira. Laduche eta Gorka izango dituzte aurkari. Partida 19:30ean hasiko da eta 22:30ean emango du ETB-1ek.