Olatz Prat: "Literaturari bere lekua ematen diogu horrelako ekintzekin"

Intza Trula 2023ko aza. 28a, 13:30
Olatz Prat musikaria eta kazetaria (Intza Trula)

Literatura emanaldi musikatua lanak geldialdia egingo du Zarautzen ostiralean, eta formatu txikiagoan izango da bihar Zumaian. Proiektuaren parte da Olatz Prat azpeitiarra.

Joseba Sarrionandia eta Joxe Mari Iturralde idazleak eta Iñar Sastre eta Olatz Prat musikariak igoko dira Modelo aretoko oholtza gainera ostiralean, 20:00etan. Halaber, bihar Zumaian egingo den Julene Azpeitia ipuin lehiaketaren sari banaketan ere izango dira, formatu murriztuan. Olatz Pratek (Azpeitia, 1984) aurkezle lanak egiteaz gain, abestu ere egingo du saio horietan. Besteak beste, euskal kultura izango dute hizpide, eta protagonistekin batera, herritarren parte hartzeak ere garrantzia izango du.

Literatura eta musika batzen dituen proiektua aurkezten ari zarete herriz herri. Nondik dator ideia?

Tolosan [Gipuzkoa] hasi zen guztia; urte hasieran, gutxi gorabehera. Lizardi kultur elkartea dago han, eta urtero osatzen duten programazioaren harira sortu zen proiektua. Elkarteak literaturaren inguruko hitzaldi bat sartu nahi zuen egitarauan, baina errezitaldi soil batean geratu gabe, hau da, zerbait gehiagorekin uztartu nahi zuten; orduan, literatura musikarekin janztea erabaki zuten. Hasiera batean emanaldia Tolosan bakarrik aurkeztea zen asmoa, baina jende pila bat etorri zen hango saiora, eta asko gustatu zen formatua. Hori ikusita, lanari jarraipena ematea erabaki genuen, eta herri gehiagotara zabaltzea. Saio bakarra izateko sortu zen lana orain proiektu bihurtu dela esan dezakegu, eta badoa bere ibilbidea egiten pixkanaka.

Bi idazlek eta hiru musikarik osatzen duzue taldea. Nola elkartu zineten?

Jexux Mari Iturralde eta Joseba Sarrionandia gonbidatu zituen hitzaldira Lizardi kultur elkarteak, eta musikari gisa aritu ziren Iñar Sastre, pianoan, eta Ane Etchegoyen, abeslari modura. Lehenengo saioa horiek egin zuten, eta talde hori mantendu den arren, ni sartu naiz geroago. Tolosako kultur elkarteak proposatutako lanak elkartu gintuen.

Zer ikusiko dute bertaratzen direnek?

Emanaldiak hiru osagai dituela esan genezake: musika, Iturralderen eta Sarrionandiaren errezitaldiak eta tertuliarako tartea. Jatorrian hitzaldia zenez, mantendu egin nahi izan da hori, eta tertuliak pisu handia izaten jarraitzen du ikuskizunean. Ez da kontzertu edo ikuskizun soil bat; bilkura bat da non errezitaldiak, abestiak eta bestelakoak nahasten diren. Abestiak ere aukeratutakoak dira; bai hitzen aldetik izan dezaketen garrantziagatik, bai abesti horiek euskal literaturan duten pisuagatik. Hiru hankako emanaldia dela esan dezakegu, baina ez da kontzertu bat.

Publikoak ere parte hartzen du, beraz?

Bai. Tertuliaren zati horretan ikusleen parte hartzea bultzatzen dugu. Iturralde eta Sarrionandia bertan edukita, ikusleak gonbidatzen ditugu euskal literaturaz, euskaraz edo beste hainbat gairen gainean izan ditzaketen zalantzak edo egin nahi dituzten komentarioak partekatzera. Interesgarria da denon artean sortzen den solasaldia. Aurkezle edo gidari papera egiten dugunok galderak eginez, pixka bat xaxatuz edota egoerak planteatuz saiatzen gara publikoa elkarrizketan sartzen. Hori da lortu nahi duguna; gauza interesgarriak ateratzen dira hortik.

Zer helarazi nahi diozue publikoari?

Azken finean, betidanik lotuta egon dira musika eta hitzak. Adibidez, amaieran Izoz-ondoko eguzki abestia kantatzen dugu, eta bertan aipatzen da nola euskarak beti kontra egin behar izan dion izozten ari den lurralde bati. Nik uste dut borroka horretan gure alea jarri nahi izan dugula; literaturari bere lekua ematen diogu horrelako ekintzekin. Euskal literaturak utzi dituen harribitxi zoragarri batzuk herritarrei eskaintzea da asmoetako bat. Xabier Lizardi, Xabier Lete eta Mikel Laboa ere aipatzen ditugu. Horrez gain, saiatzen gara goazen tokira egokitzen lana eta testuingurura moldatzen. Joaten garen herrira joaten garela, bertako literaturaren zerbait ateratzen edo hango gertakariren bat lantzen saiatzen gara, herritarrek ere iritzia eman eta errazago parte hartu dezaten. Egin ditugun azken saioetan, adibidez, poeta palestinar baten olerkiak errezitatu ditu Sarrionandiak. Literaturak ingurua ulertzeko ematen digun aukera hori ere baliatu nahi dugu, eta horren inguruko hausnarketa kolektiboa bultzatu. Hitzen eta musikaren edertasunarekin denok gozatzea da gure helburua.

Nori zuzendutako lana da?

Ikus-entzule guztientzako saioa da. Egia da –askotan gertatzen den moduan–, gazteei bereziki zuzendutako zerbait ez denez, beraien hutsunea nabaria dela emanaldietan, baina erabat zabalik dagoen ikuskizuna da. Ez dago aurretik ezer jakin beharrik, ezta ulertu beharrik ere. Euskarari dagokionez, denek ulertzeko moduko gauzak kontatzen ditugu, oso modu sinplean, etxean izaten ditugun tertulien antzera. Gainera, zalantzak daudenean, eskua altxa eta pozarren erantzuten ditugu ikusleek izan ditzaketen galderak.

Hainbat emanaldi eskaini dituzue dagoeneko. Nolako harrera izan du lanak?

Oso ondo hartzen du jendeak. Egia da formatu ezberdina dela; ez da hitzaldi soil bat, ezta emanaldi soil bat ere, nahastutako gauza bat baizik. Berezitasun horrek ere agian harritzen ditu bertaratzen direnak. Desberdina da, baina oso erantzun ona jasotzen ari gara. Gozamena da Iturralderen eta Sarrionandiaren kontuak entzutea; pila bat dakite, eta anekdotak ere ekartzen dituzte, oso interesgarriak denak. Beraien hausnarketak partekatzen dituzte, eta euskararen ibilbidea nola ikusten duten azaltzen dute.

Emanaldiak egiten jarraitzea da zuen asmoa.

Ikusi dugu ondo funtzionatzen ari dela proiektua, eta denbora batez emanaldiak eskaintzen jarraitzea erabaki dugu. Bihar Zumaian izango gara, formatu txikiago batean; ostiralean, Zarautzen, eta abenduaren 15ean, Usurbilen [Gipuzkoa]. Hurrengo urtera begira ere antolatzen ari gara beste toki batzuetatik igarotzeko, nahiz eta oraindik egutegia itxi gabe daukagun.