24,8 milioi euroko aurrekontu proposamena eramango du gobernuak plenora

Juan Luis Romatet 2023ko aza. 23a, 16:22
Iñaki Ostolaza, Argi Yeregi eta Unai Larrañaga. (Juan Luis Romatet)

Udal gobernuaren esanetan, "herritarren eguneroko beharrei" erantzuteko asmoa dute 2024rako prestatutako kontuek. Inbertsioetara 7,6 milioi bideratuko dituzte.

Datorren urterako udal aurrekontuen proposamena aurkeztu du udal gobernuak. Azaroaren 29an egingo den plenoak onartutzat ematen badu, Zumaiako Udalak 2024an 24,8 milioi euroko aurrekontua izango du, aurtengoa baino 600.000 euro handiagoa. 

"2023an 24,2 milioi euroko aurrekontuak izan ditugu. Aurten, aurreko urteetan bezala, udalak eta Kirol Patronatuak aurrekontu propioak izan dituzte. 2024ko urtarrilaren 1etik udalak patronatuaren jarduerak bere gain hartuko ditu, eta Zumaiako Udalakaurrekontu bakarra izango du", azaldu du Unai Larrañaga ogasun zinegotziak. Zinegotziak azpimarratu duenez, "herritarren eguneroko beharrei modu duin eta sendoan erantzutea" da aurrekontu hauen xedea.  

Argi Yeregi lehen alkateordeak azaldu duenez, herrian eskaintzen diren zerbitzu orokorrak gaurkotuko dituzte, "Zumaia leku bizia eta dinamikoa izaten jarraitzeko".  

Aurreikusita dituzten inbertsioen berri ere eman dute. 7,6 milioi euro izango dituzte inbertsioetarako, eta, Larrañagaren esanetan, "herritarren beharrei erantzungo" dioten inbertsioak izango dira. 

Argi Yeregik xehatu ditu udalak datorren urterako aurreikusita dituen inbertsioak: Komentuaren eraberritzearekin jarraitzeko (lorategia barne), 3.350.000 euro; Marianton parkea egiteko, 680.000 euro; Aita Mari eskolako lehenengo solairua eraberritzeko, 620.000 euro; San Josen igogailuak egiteko urbanizazio lanak egiteko, 520.000 euro; Itzurunbideko igogailua egiteko, 350.000 euro; bide publikoetan hobekuntzak egiteko, 100.000 euro; ur horniduraren azpiegiturak hobetzeko, 120.000 euro; Estazioko ur hornidurako sare nagusia aldatzeko (trenzubiko obrak baliatuko dituzte hodi berriak jartzeko), 228.281 euro; Moilaberriko (tren geltoki zaharra) obra zuzendaritzaren idazteko, 100.000 euro; pump tracka eta skate park berria egiteko, 90.000 euro. 

Iñaki Ostolaza alkateak gaineratu duenez, beste 135.000 euro bideratuko dituzte hirigintza azterlanak egiteko; 50.000 euro mugikortasun plana idazteko eta 64.800 euro Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren idazketa amaitu eta martxan jartzeko. 

Kiroletan inbertsioak

Kirol arloan ere inbertsioak egingo dituztela ere informatu du alkateak: futbol zelaian argiteria eta markagailua berritzeko, 93.000 euro; kiroldegian makinaria berritzeko 18.100 euro eta eskubaloiko pistan markagailu berria jartzeko 11.000 euro; itsas kiroldegian, garabi berria erosi eta jartzeko 32.000 euro, eta bestelako hobekuntza lanak egiteko 14.000 euro; eta Aitzuri pilotalekuko argiak berritzeko 48.400 euro. 

Gizarte arloan, aurrekontuek "ahulenei zuzeneko laguntzak ematea, tokiko merkataritzari laguntzea, ekonomia soziala sustatzea, euskara indartzeko politikak, berdintasuna sustatzea eta alokairuko dirulaguntzak ematen jarraitzea" jasotzen dituela ere azpimarratu du Yeregik . Mugikortasun Plana idazteko partida sortuko dutela azaldu zuen. "Adinekoen egoeraren diagnostikoa ere egingo da, aurrera begirako ekintza planak zehazteko oinarriak jarriz". Berdintasunaren arloan, Yeregik adierazi duenez, Emakumeon Etxearekin hitzarmena mantenduko da, eta jabetze eskolak indartuko dira".

Udalaren egoera ekonomikoa "sendoa" dela nabarmendu zuen ogasun zinegotziak. "Aurreikuspenen arabera, 8,9 milioi euroko diru sarrera izango dugu Foru Funtsetik. Gainera, onartu berri diren udal ordenantza fiskalak direla-eta, Zumaiako udalak goranzko jo era izango du diru bilketan".