Zinemaren mundurako bidaia proposatu zuen ZUMBek larunbatean

Juan Luis Romatet 2023ko aza. 6a, 12:00
Zumaiako Musika Banda larunbateko kontzertuan. (Udaleko Kultura Saila)

Hans Zimmer konpositore alemaniarrak zinemarako egindako lanez osatutako programa proposatu zuen Zumaiako Musika Bandak pasa den larunbatean eskainitako kontzertuan.

Irudimena erabiliz, larunbat eguerdian Zumaiena ikastetxeko aretora bertaratu zirenek zinema mundura bidaiatzeko aukera izan zuten. Oraingo honetan ez zen irudirik eskaini aretoko pantailan, baina Zumaiako Musika Bandak jo zuen musikaren laguntzarekin musikazaleek izan zuten bidaia hori egiteko aukera.

Horretarako, Joxe Mari Azkuek zuzendutako musika taldeak Hans Zimmer konpositore alemaniarraren doinuak aukeratu zituen. Bereak dira, esaterako, Gladiator, Dune edo Dunkirk pelikuletako soinu bandak, eta horietako batzuk entzuteko aukera izan zen zapatuan Zumaian.