Zumaiako Udalak 8,2 milioi euro jasoko ditu udalen foru funtsetik, iaz baino %4,34 gehiago

Onintza Lete Arrieta 2023ko urr. 17a, 16:29
Zumaiako udaletxea.

Zehazki, Zumaiako Udalak 8.245.416 euro jasoko ditu Udalak Finantzatzeko Foru Funtsetik, iazko urtearen bukaeran aurreikusitakoa baino 18.708 euro gehiago, eta iaz jasotakoa baino %4,34 gehiago. "Igoera horrek, neurri batean, balioko dio udalari zerbitzuen kostu nahiz bestelako prezioen igoerak konpentsatzeko", adierazi du udalak. Datorren urtean are handiagoa izango da igoera.

Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako datuen arabera, Zumaiako Udalak 8.245.416 euro jasoko ditu Udalak Finantzatzeko Foru Funtsetik (UFFF), iazko urtearen bukaeran aurreikusitakoa baino 18.708 euro gehiago, eta iaz jasotakoa baino %4,34 gehiago. Zumaiako Udalak positiboa jo du igoera: "Igoera horrek, neurri batean, balioko dio udalari zerbitzuen kostu nahiz bestelako prezioen igoerak konpentsatzeko".

Jokin Perona Ogasun eta Finantza diputatuak atzo arratsaldean Gipuzkoako Finantza Kontseiluan jakitera eman zuenez, UFFF Udalen Finantzaketarako Foru Funtsak 610 milioi euroko zuzkidura izango du 2023. urtean, aurreikusitakoa baino 1,4 milioi euro gehiago; alegia, diru kopuru hori gehiago jasoko dute Gipuzkoako udalek aurten. Izan ere, zerga bilketan uste baino diru gehiago bildu du aldundiak.

Datorren urtean, berriz, 651 milioi euro izango ditu UFFFk. "Bai aurtengoa, bai datorren urterako aurreikuspen berria, inoizko foru funtsik handienak dira. Gainera, 2024an, funtsaren zuzkidura lehenengo aldiz izango da 650 milioi eurotik gorakoa", jakinarazi zuen aldundiak. "Horrela, udalek baliabide gehiago izango dituzte egoera ekonomikoari aurre egiten jarrai dezaten", nabarmendu zuen Peronak.

Zumaiako Udalak bakarrik ez, Urola Kostako eta Gipuzkoako udal guztiek jasoko dute aurreikusitakoa baino gehiago aurten. Beizamak izango du igoera txikiena, iazkoarekin alderatuta %0,61ekoa, baina bestalde, eskualdean berak jasotzen du diru gehien biztanleko (1.482 euro). Igoera handiena, berriz, Azpeitiak eta Aizarnazabalek izango dute iazkoarekin alderatuta, %5,11 eta %5,37, hurrenez hurren.

Gainerako udalek %3,5 eta %4 inguru gehiago jasoko dute, Errezilek izan ezik (%2,68koa izango da igoera han).

Aldundiak datu gehiago ere eman ditu herriz herri: besteak beste, 2022ko likidazioa zenbatekoa izan zen, eta biztanleko zenbat euro jasotzen duen herri bakoitzak. Baita datorren urterako aurreikuspenak zein diren ere. Hain zuzen, udalek diru gehiago jasoko dute 2024an aurtengoarekin alderatuta. Zumaiak, hala, 8.927.720 euro jasoko ditu, aurtengoarekin alderatuta, %8,27 gehiago.

Udala Likidazioa
2022
Aurrekontua
2023
Itxiera aurreikus. Betetze maila Aldakuntza
2023/2022
Biztanleko euroak 2024rako aurreikuspena
Aia 1.606.040 1.657.605 1.661.374 %100,23 %3,45 793 1.830.182 (+%10,16)
Aizarnazabal 657.353 691.081 692.653  %100,23 %5,37 895 718.780 (+%3,77)
Azkoitia 9.196.811 9.562.930 9.584.677 %100,23 %4,22 825 10.206.851 (+6,49)
Azpeitia 11.903.486 12.482.858  12.511.244 %100,23 %5,11 826 13.360.416 (+6,79)
Beizama 200.365  201.129 201.586 %100,23 %0,61 1.482 202.816 (+%0,61)
Errezil 516.465  529.078 530.281 %100,23 %2,68 939 553.849 (+%4,44)
Getaria 2.197.838  2.279.866 2.285.050 %100,23 %3,97 809

2.465.235 (+%7,89)

Orio 4.781.071 4.966.069 4.977.362 %100,23 %4,11 821 5.289. 177 (+7,89)
Zarautz 18.283.418 18.884.335 18.927.279 %100,23 %3,52 819 20.121.888 (+6,31)
Zestoa 2.992.455 3.091.846 3.098.877 %100,23 %3,56 826 3.298.853 (+%6,45)
Zumaia 7.902.679 8.226.708  8.245.416 %100,23 %4,34 812 8.927.720 (+%8,27)

*Iturria: Gipuzkoako Foru Aldundia.