Emakume ekintzaileen lanari balioa emateko topaketa antolatu du UKUEk

Mireia Galarza Bastida 2023ko urr. 12a, 12:00

Ekitaldiaren helburua da emakume ekintzaileek beren bizipenak, zailtasunak eta arrakastak elkarbanatzea, baita beste ekintzaile eta enpresariekin sarea egitea ere.

Emakume enpresarien lana balioan jartzeko asmoz, Urola Kostako Udal Elkarteak Emakume Ekintzaileen Topaketa antolatu du urriaren 18rako. Izan ere, eskualdeko enpresei laguntzeko eta horiek sortzeko martxan jarri dituzten prozesuetan, Udal Elkarteak nabaritu du horietako asko emakumezko ekintzaileek sortutakoak direla. Ekitaldiaren helburua da emakume ekintzaileek beren bizipenak, zailtasunak eta arrakastak elkarbanatzea, baita beste ekintzaile eta enpresariekin sarea egitea ere.

Ekitaldia urriaren 18an izango da, Urola Kostako Udal Elkartearen egoitzan, 09:00etan hasi eta 13:45ak arte. Bertan, proiektuak aurkeztuko dituzte, eta, aldi berean, bizitza pertsonala eta profesionala uztartzeari buruz jardungo dira. Bestalde, emakume ekintzaile batek sortutako enpresa "arrakastatsu bat" ere aurkeztuko dute. 

Ekitaldira joan nahi duten emakumeek bihar izango dute izena emateko azken eguna, esteka honen bitartez. Informazio gehiago lortzeko, 943-89 08 08 telefonora deitu edo jpino@urolakosta.eus helbidera idatzi beharko da.