Gaur hasiko da eskola kiroleko denboraldi berria

Mireia Galarza Bastida 2023ko urr. 7a, 10:00
Haur zumaiar batzuk eskola kirolean. (Zumaiako Udala)

2023-2024 ikasturtean ia 500 haur ariko dira eskola-kirolean. Abendura bitartean askotariko kirolak probatzeko aukera izango dute, eta urtarriletik aurrera hasiko dira saskibaloian, eskubaloiean eta futbolean jolasten. Gaur egingo dute asteburuetako lehenengo jarduera.

Gaur hasiko dute eskola kiroleko denboraldi berria. Ia 500 haurrek hartuko dute parte ikasturte honetan, eta gaurtik ekainaren 1era bitartean, kirol mordoa probatzeko eta praktikatzeko aukera izango dute. Astero entrenamendu saio bat izango dute, eta, larunbatetan, gainontzeko taldeekin elkartuko dira, partidak edota bestelako jarduerak egiteko. Taldeen arteko lehen jarduera izango da larunbat honetakoa.

Hausnarketa luzearen ondoren, duela urte gutxitik multikirol formatua du Zumaiako eskola kirolak. Hori horrela, ikasturtea bitan zatituko da. Lehenengo asteetan, abendura bitartean, kirolari gazteek hainbat kirol aztertzeko aukera izango dute: zesta-punta, arrauna, piraguismoa, igeriketa, judoa, esku pilota eta pala, mendizaletasuna eta hockeya. Urtarriletik aurrera, berriz, saskibaloia, eskubaloia eta futbola egingo dituzte. Ikusi hemen egitaraua.

Entrenamenduak gidatzeko monitore taldea martxan dago dagoeneko: 32 izango dira aurten. Monitore horiek trebakuntza berezia jasoko dute Udalaren eskutik, entrenamendu saioen kalitatea bermatzeko. Aurten ere, iaz bezala, koordinatzaile pegadogiko bat ere egongo da taldean.

Bi orduko lau saio egingo dituzte, eta, besteak beste, kirol jarduerak prestatzeko, eta berdintasuna sustatzeko formakuntza jasoko dute. Ikusi hemen programazioa.

Eskola kirolaren balioak

Iaz nabarmen egin zuen behera eskola kirolean parte hartzen duten haurren kopuruak. Egoera horri erantzuteko, eta eskola kirolaren garrantzia nabarmentzeko, Zumaiako Eskola Kirolaren Kontseiluak eta herriko kirol elkarteek gutun bat helarazi zieten Zumaiako guraso guztiei.

Bertan, eskola kirola zer den eta horren bidez sustatzen diren balioak zehatz-mehatz azaldu zituzten. Gainera, informazio infografia bat eman (ikusi hemen) zaie gurasoei, eskolako kirol programaren ikuspegi orokorra emateko.