"Hiri parke inklusibo" onenaren saria jaso du Aita Mari eraikineko haur parkeak

Juan Luis Romatet 2023ko urr. 3a, 11:25
Jolastokiko "birnaturalizazio pedagogiko eta inklusiboa" saritu dute. (Juan Luis Romatet)

Galiziako Energia Berriztagarrien Klusterrak ematen dituen sari hauetan nabarmendu dute Zumaiako ikastetxe honetako jolastokian egindako lanketa.

Cluergalek, Galiziako Energia Berriztagarrien Klusterrak, Hiri Parkeen Lehiaketa antolatu du bigarrengoz Santiagon (Galizia) antolatutako Simposium Urban Solutions egitasmoaren barruan. "Sektoreko profesionalek egindako hiri-parkeen kontzeptua, diseinua, eraikuntza, egiaztapena, erabilera eta mantentze-lana ezagutzea" da lehiaketa honen helburua, antolatzaileen esanetan. Guztira bost sari emango dituzte eta hiri-parke inklusibo onenaren atalean Herri Eskolak Aita Marin duen ikastetxean egindako "birnaturalizazio pedagogiko eta inklusiboa" saritu dute.

Sinposioko zuzendari eta lehiaketako epaimahaiburu Roberto Carlos Gonzalez Fernandezen esanetan, "eztabaida luze baten ondorioz" hartu dituzte erabakiak. Sariak ematerako orduan, "diseinua, ingurunearekiko harmonia, irisgarritasuna, erabileraren segurtasuna, originaltasuna eta berrikuntza, jasangarritasuna, bai eta elementu bereziak erabiltzea eta elementu horiek landaredia gisa integratzea» baloratu dituzte.

Aita Mari eraikineko kasuan Kimubat enpresak egindako lanketa saritu dute. Enpresako kideek jasoko dute saria bihar Santiagon egingo den ekitaldian.